TORTURARI BURUZKO IKASTAROA EHUN.
2016/06/30
Elkarrizketa. Juan Mendez. NBEko Torturaren Aurkako Kontalari Berezia: «Inpunitatea handia baldin bada, tortura sistematikoa da». «Oso zientifikoa» iruditu zaio Mendezi torturari buruz egiten ari diren ikerketa, baina gogora ekarri du estatuen betebeharra dela tortura ikertu, zigortu eta prebenitzea. Salaketa soziala funtsezkoa dela dio.
Berria.- 2016.06.30
Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
Donostian izan da egunotan NBEko torturaren eta bestelako tratu gizagabe eta krudelen aurkako kontalari berezia, Juan Ernesto Mendez (Lomas de Zamora, Argentina, 1944), torturari buruzko EHUren udako ikastaroan. Abokatua da, Argentinako diktaduran torturatua eta preso egona. Aurki eman beharko dio lekukoa hurrengo kontalari bereziari, baina prest agertu da aurrerantzean ere Euskal Herrian torturari aurre egiteko ekinbideak babesteko.
Zer balio du halako lan batek?
Estatuen nazioarteko betebeharra da tortura oro ikertu, epaitu eta zigortzea. Hor barruan dago gertaeren egia azalaraztea modu publikoan. Egia esatea. Ondorioz, bereziki estatuaren betebeharra bada ere, garrantzitsua da eragile akademikoen eta gizarte zibilaren txostenak sustatzea. Horrek ez du ordezkatzen estatuaren betebeharra, baina ezagutzera etorri naizen kasua ikerketa inpartzial bat da, estatuak sustatua, edo behintzat eskualdeko estatuak sustatua [Eusko Jaurlaritzak]. Laguntzen du, partzialki bada ere, Espainiako Estatuaren obligazio hori betetzen.
Lana bera zer iruditu zaizu?
Ikerketan, analisi oso zientifiko eta zehatza ikusi dut. Aurrez bestelako ekinbide batzuk egon badira ere, orain arte txostenaz jakinarazi dena kontuan hartuta, nabarmentzeko alderdiak ditu: bilatu diren iturrien sakontasuna, datu ofizialak oinarri hartuta egindako analisi estatistiko osoa, testuinguruaren azterketa eta Istanbulgo protokoloa ezartzea. Horrekin guztiarekin, ematen du nazioartean egin diren praktika onenetakoa dela, eta ekarpen handia egin dezakeela gertaerak argitzeko, biktimen aldarrikapenetarako, eta, espero dezagun, etorkizun hurbil batean, justiziarako sarrera izateko.
Alderdi estatistikoa eta testuinguru historikoa ikusita, eztabaidagai dago zenbaterainokoa izan den torturen eragina. Noiz da tortura sistematikoa?
Tortura orokortua edo masiboa bihurtzen duena kasu kopurua da, lurralde horretako espetxe biztanleriarekin, biztanleria osoarekin edo urte jakin batean atxilotutakoekin alderatuta. Sistematikotasuna, berriz, gerta liteke kasu gutxirekin ere. Hau da, tortura sistematikoa da patroiak errepikatzen direnean, trinkotasun bat dagoenean delitu mota batengatik ikertutakoen kasuetan. Patroi hori baldin badago, eta, hau da garrantzitsua, inpunitate handia baldin badago, ikertzen ez delako edo amnistiak eta indultuak daudelako, inpunitate hori da torturaren sistematikotasunaren ezaugarri. Sistematiko egiten du estatuko organo ezberdinak tortura estaltzeko prest egoteak, nahiz eta kasu gutxi izan, horrek eragiten baitu tortura berriz gertatzea.
Ikertzeko betebehar horren inguruan, aipatu da nazioarteko zuzenbideak «oztopoak mugitzera» behartzen dituela estatuak. Tortura delituen preskripzioa izan liteke adibide bat?
Estatu batek tortura baimentzen eta estaltzen badu, nahiz eta gero esan neurri prebentibo batzuk hartzen dituela, tortura berriz gertatzea baimentzen ari da. Amnistiek, adibidez, nahiz eta aspaldikoak izan, ezin dute balio tortura delituetarako. Gertaerak ikertzea oztopatzen duten indultuek ere ez. Eta hor sartzen da preskripzioa ere. Argi dago: tortura delitua, nazioarteko zuzenbidean, ezin da preskribatu. Nazioarteko zuzenbidean ez dago legerik Espainiari eragozten diona tortura preskribaezina dela esatea. Egia da herrialde asko daudela oraindik tortura delituen preskripzioa dutenak legean, baina horiek guztiak ez dira betetzen ari tortura prebenitzeko betebeharra.
Prebentzioarekin segituta, sarri salatu da Euskal Herrian inkomunikazio erregimena, oinarrizko bermeak ezabatzen dituelako. Nola dago hori nazioartean?
Inkomunikazioa herrialde askotan erabiltzen da, modu askotan. Guretzat, inkomunikazioa ez da automatikoki estatuak dituen betebeharren aurkakoa, ondo erregulatuta badago. Baina esan nahi nuke, munduko herrialde ugaritara egindako bisitetan ikusi dudanez, harreman estua dagoela, gertaeretan, inkomunikazioaren eta torturaren artean. Edo, behintzat, inkomunikazioaren eta tratu krudel eta gizagabearen artean. Zergatik? Inkomunikazioak errazten dituelako tratu txarrak. Errealitatean, torturaren atari dira erregimen horiek, ingurune bat sortzen baitute torturari mesede egiten diona. Horrek ez du esan nahi ezin denik egon zilegi den inkomunikazio erregimen bat, baina erabiltzen duten estatuek ardura handiagoa dute ziurtatzeko ez duela tortura ekarriko.
Baina neurriak hartu behar lirateke horretarako.
Bai. Bat, atxiloketa erregistratzea eta publikoki aitortzea. Bi, autoritate judizial inpartzial eta independenteek gainbegiratzea; eta, azkenik, laburra izatea. Inkomunikazioa, berez, bakartzea da. Eta bakartzea ezin da inoiz izan mugagabea edo luzea.
2001etik, «terrorismoaren aurkako gerra globalaren» aitzakiapean «adostasun bat» hautsi dela esan zenuen, testuingurua ez dela mesedegarria tortura benetan desagerrarazteko.
Esklabotza ezabatu genuen gisan, uste dut tortura ere ezabatu dezakegula errealitatean. Baina atzerapen handia izan dugu 2001etik [AEBetan irailaren 11ko erasoak gertatu zirenetik], lehen etsaia torturatzea planteatzen ez zuten herrialde boteretsuek modu agerikoan autojustifikatu dutelako beren burua, eta barne eta kanpo arrazoiak eman dituztelako nazioarteko zuzenbidean dituzten betebeharrak saihesteko. Hori etapa bat izan zen, eta AEBek ere gainditu zuten, ez zutelako sortu zuzenbide berri bat. Une bat izan zen, AEBek ageriko moduan giza eskubideak urratu zituztena. Baina uste dut horren ostean gertatu dela gizartearen eta masen kulturan sentsazio bat: tortura saihetsezina dela, emaitzak ematen dituela, itsusia dela baina norbaitek egin behar duela... Eta uste dut masa kultura horrek torturaren kondena morala erlatibizatzera garamatzala, horrekin bizitzera, betiere gure seme-alabak torturatzen ez dituzten bitartean. Ez dugu jakin nahi nor diren torturaren biktima horiek: haien izenak ahoskaezinak dira guretzat; irudiek ez digute ezer esaten. Errazagoa da gizarte batean tortura borrokatzea torturen biktimak gure komunitatearen parte direnean, Euskal Herrian edo Argentinan gertatu den bezala. Baina biktimak beste batzuk direnean, zailagoa da gizartearen gaitzespena lortzea.
Beraz, nazioarteko zuzenbideko mekanismoak soilik nahikoa al dira tortura desagerrarazteko?
Guk nazioarteko zuzenbidea darabilgu arma gisa, baina salaketa soziala oso garrantzitsua da. Gizarte osoaren eta gizateria osoaren babes etikoa oso beharrezkoa da tortura desagerrarazteko. Adostasun unibertsal hori gabe, zailagoa izango da torturarik gabeko mundu bat pentsatzea.