INTXORTA EGUNA: Emakume erresistenteak
Eider Goenaga Lizaso
Emakumeak, 1936ko gerran, ama, alaba eta emazte baino gehiago izan ziren. Emakumeak, 1936ko gerran, errepresioaren biktima soilak baino gehiago izan ziren. Emakumeak, 1936ko gerran, eta gerra ostean, protagonista izan ziren: milizianoak, fronteko erizainak, espetxeratuak, fusilatuak, ekintzaileak, sortzaileak, errepresaliatuak, lubakiak egiten ibilitakoak, torturatuak, bortxatuak, erbesteratuak, langileak, familiari eutsi ziotenak… Eta horiei guztiei egin nahi diete aitortza, igandean, Intxorta Egunean. Emakume erresistente eta errepresaliatuen omenaldian 40 emakumek jasoko dute aitortza, Elgetan. “Omenaldi eta aitortza ekitaldia izango da, gure historiaren zati inportante bati egindakoa. Badakigu askoz gehiago izan zirela, eta izen asko geldituko direla aipatu gabe, baina saiatu gara, sinbolikoki, talde guztiak ordezkatuta egon daitezen”, azaldu du Julia Monge feminista eta Intxorta 1937 taldeko kideak (Arrasate, 1957).
Feminismoan betidanik ibili da murgildua Monge, eta duela hainbat urte memoria historikoaren gaiarekin buru-belarri hasi zen lanean. “Elgetan museoarekin eta omenaldiekin hasi ginenean, nik banuen kezka bat, eta zen irudi erabat maskulinoa ematen zela. ‘Bai, baina badakigu emakumeak egon zirela’, esaten zuten batzuek. Jakitea ez da nahikoa, ordea. Ez badituzu bereziki aipatzen, ez dira ikusten”.
Hala, ikusezintasun horretatik ateratzea helburu, urtero egin dute ahalegina emakumeak ere presente egon zitezen. Inflexio puntua, ordea, 2012an jartzen du Mongek. Urte horretan, Arrasate 1936, emakumea, gerra eta errepresioa dokumentala aurkeztu zuten. “Gerrako gertaerak eta gerraren eragina aztertu genituen, baina emakumeen testigantzekin, emakumeen ikuspuntutik, emakumeak protagonista hartuta”. Dokumentalak sekulako arrakasta izan zuela dio Mongek, eta aurkezpen ugari egin dituztela urteotan. “Horietan zerbait ikusi badugu ikusi dugu orduko emakumeek bizitakoa gai unibertsala dela. Arrasateko gertaerak dira, Arrasateko protagonistak, dokumental lokala da, baina, aldi berean, unibertsala. Hemen bizitako bera bizi izan zuten gerra garaian beste tokietako emakumeek ere”.
Emakumea gerrako biktima gisa aurkeztu da beti, eta Mongek ez du ukatzen hala izan zela. “Biktima izan ziren, noski, oro har herria izan zen biktima, eta emakumeak ere bai. Baina inportantea da nabarmentzea, biktima ez ezik, protagonista izan zirela. Emakumea ez zen subjektu pasiboa izan, aktiboa baizik: sortzailea izan zen, erresistentea… aurrera egin zuen”.
Aurtengo Intxorta Eguna antolatzeko, eta omendu beharreko emakumeen zerrenda egiteko, lan handia egin dute Intxorta 1937ko kideek. “Esparru guztiak ukitu nahi genituen, gerra garaitik hasi eta diktaduraren amaieraraino, eta horretarako ate asko jo ditugu. Abanikoa zabaldu genuen, eta abaniko hori osatzeko protagonista bila ibili gara”. Elkarrizketak, argazkiak eta grabazioak, memoria historikoa lantzen duten beste taldeekiko elkarlana, pista bati segika egindako dokumentazio eta ikerketa lana, hildakoen senideak bilatzea… Horren emaitza izango da igandeko omenaldia.
“Nekatuta gaude, baina nolako emakumeak ezagutu ditugun…”. Emakumeei “erreferente aktibo, gogor eta baikorrak” falta izan zaizkiela dio Mongek, eta omenduko dituztenek eredu hori osatzen dutela.
Zerrenda osoa errepasatu ezinean, abanikoa osatuko duten hainbat andreren errepasoa egin du Mongek:
Gerrako frontean miliziano moduan aritutako emakume asko brigadistak ziren, faxisten kontra borrokatzera atzerritik etorriak. Horietako biren berri zuten Intxorta 1937 taldeko kideek. “Intxortetan badago leku bat La Belga deitzen diotena, eta badakigu hor Belgikatik etorritako bi emakume aritu zirela metrailadore batean, tiratzaile gisa. Guretzat sinbolo moduko bat ziren, eta erotu egin gara haien bila, baina ez dugu ezer topatu”, azaldu du Mongek. Haritik tiraka, ordea, Elgetan ez, baina Euskal Herrian eta Iparraldeko Frontean ibilitako brigadista baten erreferentzia topatu zuten: Esther Zilberberg Estoucha (1910-1994). “Poloniarra zen jaiotzez, baina Belgikatik etorri zen Euskal Herrira. Semea topatu dugu, Parisen. Amaren biografiarekinEstoucha liburua idatzi zuen semeak, eta hura etorriko da omenaldira”.
Judua, komunista eta medikua zen Zilberberg. Belgikan egin zituen medikuntza ikasketak, eta amaitu berria zuen karrera Irundik barrena Euskal Herrira heldu zenean. Mediku lanetan jardun zuen frontean, Perezagua batailoi komunistarekin. Horrez gain, Emakume Antifaxisten Bilboko Batzordeak argitaratzen zuen Mujeresaldizkariarentzat idatzi zuen, Juanita Lefevre izenarekin —1936ko neguan, Legutioko batailan zauritua izan ondoren, aldizkari horretako erredaktore buru izendatu zuten—.
Bere egunerokoan honela jaso zuen Zilberbergek frontean bizitako gertaera bat: “Egun batean, mendi kaskoan jarritako metrailadore batetik oso hurbil nintzela, tiro egiten ari zen gizona faxisten suak hil zuela ikusi nuen. Zer egin? Tiratzailearen tokia hartu nuen, eta etsaia zetorrela ikusi nuenean, uste dut begiak itxi nituela, baina tiro egin nuen”.
1937ko ekainean, Bilbo erortzearekin batera, Zilberberg Santanderrera joan zen. Mediku eta irrati esatari gisa jardun zuen han. Baina hura ere erori zen faxisten esku, eta Zilberbergek Katalunian amaitu zuen guda, Nazioarteko Brigadetako mediku gisa. Gerra amaitzen ari zela, Frantziara joan zen, eta han nazien kontrako erresistentzian aritu zen, Jeanne Dubois izengoitiarekin. Atxilotu, torturatu eta Mauthausengo kontzentrazio esparrura eraman zuten.
Cecilia Garcia Gilarte idazle eta kazetariak (Tolosa, 1915-1989) 20 urte zituen gerra piztu zenean. Ordurako, haren izena ezaguna egiten ari zen, bai literaturgintzan eta baita kazetaritza munduan ere. Anarkista sutsua zen, Burgostik (Espainia) etorritako langile familia bateko alaba. 11 urte zituela argitaratu zuen Bartzelonako aldizkari batek haren lehen artikulua; nerabezaroan CNT sindikatuaren berriemaile gisa hasi zen lanean; eta, gerra piztu aurretik, hiru eleberri idatzi zituen.
“Emakume indartsua zen oso. Frontean aritu zen berriemaile gisa, eta sekulako sorkuntza lana egin zuen, bai gerran eta bai gerra ondoren ere. Mexikora erbesteratu zen gero, umeekin. Beraz, fronteko kazetari izateaz gain, denetik egin zuen; ama izan, senarraz arduratu, sorkuntzarekin jarraitu…”, nabarmendu du Mongek. Iparraldeko Frontean egin zuen gerrako berriemaile lana, eta haren kronikak CNT Norte, Frente Popular eta El Liberal egunkarietan argitaratu zituzten.
1937ko irailean, Iparraldeko Frontea erori zenean, Frantziatik barrena Kataluniara joan zen, eta han eutsi zion 1939ra bitartean. Tartean, bere lehen alaba jaio zen. Gerra amaituta Miarritzera joan ziren Gilarte eta haren familia, eta 1940an, Bigarren Mundu Gerraren ondorioei ihesi, Mexikora joan ziren. Han egin zituen hurrengo 24 urteak. Mexikon zela, Izquierda Republicana alderdian afiliatu zen Gilarte, eta sorkuntza lanarekin jarraitu zuen —saiakerak, antzerkia, eleberriak, kazetaritzako lanak…—, baita Sonorako Unibertsitatean irakasle aritu ere.
1964an itzuli zen jaioterrira, eta bertan sortu zituen azken idatziak; 1975ean, La soledad y sus rios bere azken liburua argitaratu zuen. 1989an zendu zen, 74 urte zituela.
Jaso duten testigantza hunkigarrienetako bat Anttoni Telleriarena izan dela dio Mongek —iaz egin zioten omenaldia Telleriari; aurten, haren senideek beste omendu bati emango diote Egiaren Iturria eskultura—. Elgetakoa zen Telleria, eta gerra piztu zenean 14 urte zituen. “Emakumea gerrako harrapakina da gerra guztietan, eta gurean ere bai. Baina bortxaketen gaia tabua da”.
Intxortako frontea erori zenean heldu ziren Francoren soldaduak Telleria bizi zen baserrira. “Erresistentziak iraun zuen zazpi hiletan, baja asko izan zituzten. Pasatu zirenean, soldaduei edozertarako baimena eman zieten, 48 orduz”. Egindako lana saritu behar zen. “Eta eduki zuten saria. Elgetan jende guztiak zekien emakumeak bortxatu zituztela”.
Hil baino bi urte lehenago erabaki zuen Telleriak hitz egitea. “Anttoni gurasoekin bizi zen baserrian. Soldaduak hura bortxatzera joan ziren, aitak aurre egin zien, eta buruan tiro bat jota hil zuten. Aita laguntzera makurtu zenean, Anttoniri ere tiro egin zioten eskuan; behatz batzuk falta zituen. Ondoren, ama hil zuten, kulata kolpe batez. Eta gero soldaduek bortxatu egin zuten”. Telleriak urte askoan isildu zuen gertatutakoa, bortxatuak izan ziren emakume gehienen moduan. “Anttoni ezkongabe gelditu zen; sufritutakoaz gain, estigma uzten baitzuen horrek. Emakumeek, oro har, ez dute gerran bizi izandakoa kontatzen, edo ez diote garrantzirik ematen, edo nahiago dute ezer ez esan; eta horrelako zerbait bizi izan zutenek, are gutxiago”. Elkarrizketatutako emakume askok lotsa eta beldurra dutela dio Mongek. “Hainbeste urte igaro, eta oraindik beldur dira, gezurra dirudi”.
Saturrarango espetxean egondako emakume bat topatzeko ahaleginean ari zirela jaso zuten Intxorta 1937koek Angeles Florezen berri (Asturias, Espainia, 1918). Gazteria Sozialistetan afiliatua zen, eta estatu kolpearen ondoren miliziano gisa aritu zen. Oviedoko frontean sukaldari, eta erizain gisa gero, Gijongo gerra ospitalean.
1937ko urrian, Asturias erortzearekin batera, atxilotu egin zuten, eta hamabost urteko espetxealdia ezarri zioten epaiketa militarrean. 1938ko maiatzean eraman zuten Saturraranera, eta han eduki zuten 1941eko abuztua bitartean. Diktadura garaian, 1948an hain zuzen ere, erbestera jo behar izan zuten Florezek eta haren familiak. Senarra 1947an joan zen Frantziara, eta bera eta alaba urtebete geroago joan ziren, itsasontziz, ezkutuan. 1960an familia bisitatzen saiatu zen, baina mugan atxilotu egin zuten. 2004an itzuli zen herrira, senarra hil eta urtebetera.
Horrela hitz egin zuen Florezek erbesteaz, handik itzuli zenean. “Frantzia gutxi maite dut, behartuta joan nintzelako, kriminal bat izango banintz bezala. Toki batera zure gogoz joaten bazara, maita dezakezu; baina ni exiliatua nintzen, eta nire lurrean bizi nahi nuen”.
Angeles Florez Elgetan izango da igandean, omenaldian. “Gerra bizi izan zuten asko ekintzaile dira oraindik. Eta Angelesena eredu izugarria da. Gijonen bizi da, eta han hitzordua jartzeko deitu genionean, ez zeukan astirik gurekin gelditzeko; pentsa, 97 urterekin, eta denborarik ez”. Florezek hainbat liburu idatzi ditu; tartean, Memorias de Ángeles Flórez Peón ‘Maricuela’ autobiografia.
Gerra bizi izan zuten emakumeak eta gerraosteko errepresioari aurre egin ziotenak bilduko dituzte igandeko ekitaldian. “Gerra oso gogorra izan zen, baina askok esaten dute gerraostea ez zela errazagoa izan”. Trantsizio garaian jarri dute muga Intxorta 1937 taldekoek. “Nahiz eta ez zaigun gustatzen mugak jartzea”. Garai horretakoa da Tere Ponton.
Pontonek 80 urte ditu egun, eta Gasteizkoa da. 1976ko martxoaren 3ko gertakariekin lotuta jasoko du omenaldia. “Martxoaren 3ko gertakarien oinarria langile greba bat zen, eta Tere Pontonek ez zuen lanik egiten, baina langileek familia zuten, eta familia horiek ez zuten jateko ezer. Langileen emazteek eta bikotekideek batzar txiki bat egitea eabaki zuten, eta poltsa hutsen protesta deiturikoa egiten zuten. Kalera irteten ziren, egunero, poltsa hutsak eskuan hartuta, jendeak ikus zezan euren etxeetan ez zegoela jateko ezer. Langileen borroka oso gogorra izan zen, baina emakumeek ere izan zuten euren parte hartzea, eta hori islatu nahi genuen omenaldian”, azaldu du Mongek.
Feminismoaren hastapenak ere ez dituzte ahaztuko Intxorta Eguneko ekitaldian. Begoña Gorospe hernaniarra (Donostia, 1942) izango da ekitaldian, arlo horren ordezkari gisa. 1960ko hamarkadaren hasieratik dabil mugimendu feministan Gorospe. “Taldetxo bat sortu zuen, eta horiek izan ziren feminismoaren lehen pausoak. Guretzat oso inportantea da arlo hau; nondik gatozen erakusten digu”.
Gorospek honela azaldu zuen elkarrizketa batean emakumeen eskubideen inguruko kontzientzia nola sortu zitzaion: “Gurasoen etxean ikusten nuen, gauza naturala balitz bezala, etxeko betebeharrak ez zirela berdinak anaiarentzat eta niretzat; nik kozinatu egin behar nuen, oinetakoak garbitu… Orduan hasi nintzen konturatzen zerbait ez zebilela ondo gizon-emakume arteko harremanean. Nire etxean justizia oso inportantea bazen, ez nuen ulertzen zergatik ez zen arlo horretan aplikatzen. Hala, 60ko hamarkadan Hernaniko emakume langileen egoeraren inguruko gaietan sartzen hasi nintzen”.
70eko hamarkadaren erdialdera piztu zitzaien elkarte feminista bat sortzeko ideia. Elkartea legeztatu ez zutelako, protesta egin zuten Donostiako Bulebarrean, eta Polizia —”grisak“, dio Gorospek— gogor oldartu zitzaien. “Urtebete geroago, Donostiako Emakumeen Elkartea legeztatuta, Euskadiko Emakumeen I Topaketetan pate hartu genuen”. Gorosperen arabera, sexualitatea, abortoa, dibortzioa, ammistia… ziren haien kezka eta eztabaidagi nagusiak.
Feminismoan lehen urratsak egiten ari zela ezagutu zuen Gorospek mugimendu feministak gerra aurretik egindako ibilbidea ere. “Euskal emakumeak historiarik ez zuela ohartuta, Eusko Emakumeak 1930-1939ikus-entzunezkoa egin nuen”. Garai hartan protagonista izan ziren hainbat emakume elkarrizketatu zituen Gorospek lan hori egiteko, gaur egun Intxorta 1937ko kideak egiten ari diren moduan.
Omenaldian parte hartuko duten emakume gazteenak torturaren biktima izandakoak dira. Agurtzane Juanena da horietako bat. Franco hil aurreko egunetan, 1975eko irailean atxilotu zuen Poliziak. 18 urteko ikasle eta militante gaztea zen. Oinez sartu zen polizia etxean, baina, erietxetik pasatuta, larriki zauritua atera zen. Gogor torturatu zuten, eta, lagunen izenak ez salatzearren, bere burua polizia etxeko leihotik bota zuen gazteak. Urte eta erdi behar izan zuen lesio fisikoak osatzeko; barruko oinazeak askoz gehiago iraun zuen. 2003an hustu zuen barrua Juanenak, Esan gabe neukana liburua kaleratzearekin. “Komisarian gertatu zitzaidanaren kontakizuna gordea eduki dut. Gaztelaniaz idatzi nuen, baina alfabeto grekoz, amak uler ez zezan. 25 urte geroago utzi diot beste inori irakurtzen”.
Agurtzena Juanenarekin batera, torturatuak izan ziren beste bi emakume izango dira igandean Elgetan: Eli Nosellas (Ibarra, 1959) eta Arantxa Arruti (Zarautz, 1949).