«Zigorgabetasuna» amaitzeko «zirrikitua» ireki dute Europan
2016/02/24
Europako Parlamentuak tramiterako onartu du Martxoak 3 elkarteak Espainiako Estatuaren aurka jarritako salaketa. Jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen, sarraskiaren 40. urtemugaren karietara
Berria.-´2016.02.24
Edurne Begiristain.-
Espainiako Estatuaren «erabateko zigorgabetasuna» amaitzeko «zirrikitua» ireki dute martxoaren 3ko biktimek Europan. Izan ere, EAJko Izaskun Bilbao eta EH Bilduko Josu Juaristi europarlamentariek jakinarazi dutenez, Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak tramiterako onartu du Martxoak 3 elkarteak joan den urtean aurkeztutako salaketa. «Lehen oztopoa gainditu dugu zigorgabetasuna amaitzeko», azpimarratu dute.
EAJren eta EH Bilduren eskutik, kexa formala aurkeztu zuen biktimen elkarteak iaz Europako Parlamentuan. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako jazoeren erantzuleak atxilotu eta estraditatzeari Espainiako Gobernuak uko egin izana salatu zuen elkarteak, eta Europako arauak urratu ote diren aztertzeko eta Espainiako Gobernuari martxoaren 3ko biktimen eskaerak entzuteko eska diezaion galdegin zion Europako Parlamentuari. Kexa aztertuko du orain Bruselak.
Martxoaren 3an 40 urte beteko dira Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile hil eta beste ehunka zauritu zituenetik, eta Europako Parlamentuaren erabakia mugarria izan daiteke biktimek «egia, justizia eta erreparazioa» lor dezaten, Andoni Txasko biktimen elkarteko bozeramailearen arabera. Gasteizko jazoera lazgarrien urtemugaren harira datorren asterako Arabako hiriburuan antolatu diren jardunaldi memorialisten aurkezpen ekitaldian izan da Txasko, EAJko eta EH Bilduko eurodiputatuekin batera. Bilbaok eta Juaristik aurrerapauso garrantzitsutzat jo dute biktimen salaketa aintzat hartzea, urtetako «zigorgabetasuna» amaitzeko balio dezakeelako. Biktimen eskaera Europako Parlamentuko «agendan» egotearen garrantzia azpimarratu du Juaristik, «kontzientziak astindu eta mugiarazten dituelako».
Justizia eskatzen, oraindik
Europako Parlamentua memoria historikoaren alde egiten ari den lanaren «ispilu» ere badira jardunaldiak, EAJko eurodiputatuak nabarmendu duenez. Gogora ekarri du Gasteizko bost langileen heriotzen erantzuleek «zigorrik gabe» jarraitzen dutela, Espainiako «zigorgabetasuna» amaitzea premiazkoa dela eta biktimei «egia, justizia eta ordaina» emateko lanean jarraitu behar dela, baita Europan ere.
Bestalde, Txaskok azpimarratu du datorren asteko jardunaldiekin justiziak jarritako «oztopo guztiak» salatu ez ezik biktimen borrokaren berri emateko ere balio izango diela: «40 urte igaro dira, eta justizia eskatzen jarraitzen dugu».
Datorren astelehen eta asteartean izango dira topaketak, Artium museoan. Bi egunetan, hogeita hamar lagun inguruk parte hartuko dute mahai inguruetan. Besteak beste, Espainian biktimei nolako tratamendua ematen zaien eztabaidatu eta beste herrialdeetan memoria historikoa nola lantzen den aztertuko dute.