Zigorgabetasun errepikakorra

2021/02/22
Duela berrogei urte hil zen Joxe Arregi zizurkildarra, Espainiako Poliziak eragindako torturen ondorioz. Torturatu zuten poliziak indultatu eta saritu egin zituzten, eta familiak ez du oraindik aitortzarik jaso. Hura oroitzeko ekitaldiak eginen dituzte larunbatean.

 

«Oso latza» da oraindik

 

Joxe Arregiren gorpua, hil eta egun gutira.Joxe Arregiren gorpua, hil eta egun gutira. BERRIA
Berria 

Maddi Ane Txoperena Iribarren - 

2021eko otsailak 11 
 0  

 

Nolako tortura motak sufriarazi zizkioten galdetu genion, eta oso makal erantzun zuen: 'Oso latza izan da'». Halaxe idatzi zuten Iñaki Agirre Errazkin ETApm-ko kideak, Xose Lois Fernandez Gonzalez GRAPOkoak eta Lois Alonso Riveiro PCEko militanteak Joxe Arregiren heriotza jakinarazi eta haren azken orduen berri emateko Carabanchelgo kartzela-ospitaletik bidalitako gutunean. 1981eko otsailaren 4an atxilotu zuen Espainiako Poliziak Joxe Arregi zizurkildarra, Madrilen, eta bederatzi egunez eduki zuten inkomunikatuta, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusian, torturapean. Otsailaren 12an eraman zuten Carabanchelera, hagitz egoera larrian: «Fisikoki zanpatua», ziegakideek bidalitako gutunaren arabera. Haren azal kolpez betea eta errea ere deskribatu zuten, gizonaren arnasestua, eta Arregik berak kontaturiko sufrikarioa. Artean ez ziren zabalduak egun gutira lau haizeetara hedatuko ziren gorputz torturatuaren irudiak, baina kideek jasotako hitzek ematen zuten gertatuaren tamaina: «'Barra batetik zintzilikatu ninduten hainbat aldiz, oinetan kolpeak emanez eta ez dakit zerekin errez; nire bularraren gainean saltoka ibili ziren; borra kolpeak, ukabilkadak eta ostikoak leku guztietan ematen zizkidaten'». Arregiren azkenetariko solasak izan ziren.

Bideoa: Joxe Arregiren gorpuari ateratako argazkiez BERRIAk 2009an argitaratu zuen erreportajearen bideoa (jarraitu irakurtzen, bideoaren ondoren):

 

 

Absolbituak eta sarituak

Berrogei urte bete dira Arregiren torturaren ondoriozko heriotzatik, baina erakunde politikoek ez dute gaurdaino gertaturikoa aitortu. Ikerketak ere urriak izan ziren garai hartan: autopsiak, erraterako, adierazi zuen ez zegoela jakiterik Arregiren gorputzeko markak eta bronkopneumonia atxilotu baino lehen edo ondotik sorturikoak ote ziren. Santi Brouard medikuaren hitzetan, alta, biriketako gaitza azaltzeko «modu bakarra» bainuontziaren torturak eragin izana zen.

Madrilgo Probintzia Auzitegiak Arregirekin egon ziren 73 polizietatik bortzi soilik hartu zien deklarazioa, eta horietako bi baino ez zituen auzipetu, «tratu txarrak» egotzita: Julian Marin Rios eta Juan Antonio Gil Rubiales. Auzitegiak bitan absolbitu zituen. 1989ko urrian Gorenak zigortu egin zituen bi poliziak, azkenean, baina ez luzerako: lau eta hiru hilabeteko atxiloaldiak eta hiru eta bi urteko lan etenaldiak ezarri zizkien. Felipe Gonzalezen gobernuak indultatu egin zituen gero, eta mailaz igo zituzten, baita hasieran auzipeturiko bertze hiru poliziak ere. Gainerako 68 agenteen izenik ez zuten zabaldu.