Zauriak artatuz

2017/02/20

 

Urteetan ahaztutakoei aitortza

 

Motibazio politikoko indarkeriaren biktimak omendu ditu Nafarroako Gobernuak, Iruñean

 

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, atzo, Iruñean, Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguezen anaia besarkatzen
Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

 

2017-02-19 / Naiara Elola

Berria

«Mila esker gizarte osoari, utopia zirudien aitortza hau posible egiteagatik». Eneko Etxeberria Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaiarenak dira hitzok. Eskuin muturreko taldeen eta Poliziaren indarkeriaren biktimei omenaldia egin zien Nafarroako Gobernuak atzo, Iruñeko Nabarreria plazan. Kultura Departamentuaren klaustroan, 300 lagunetik gora bildu ziren «instituzioek bazterrean utzitako» biktimen eta haien senideen alde.

Egunotako polemikez gaindi, ia ordu eta erdi iraun zuen motibazio politikoko indarkeriaren biktimen omenaldiak; sentimenduz betetako une asko izan ziren, biktimek urteetan «sufritu» duten «ahanzturaren» eraginez, ziurrenik. Castillo Suarez idazleak Hemen gara poesia errezitatu zuenean entzun ziren lehen txaloak. «[...] Hemen gara, orbainekin bada ere», esan zuen. Baina momenturik hunkigarriena biktimen hiru senide agertokira igo zirenean gertatu zen. Ia bi minutu iraun zuen txalo zaparrada zela eta, hitza hartzeko zain egon ziren Fermin Rodriguez —German Rodriguezen anaia—, Idoia Zabalza —Mikel Zabalzaren arreba— eta Eneko Etxeberria —Naparra-ren anaia—.

Urte luzeetan sufritu duten ukazioa salatu zuen Etxeberriak: «Badakigu ekintza horiek izan zirela; eskuin muturreko taldeak batzuetan eta estatuko funtzionario publikoak besteetan bortizki jardun zirela gure senideen kontra, hil arte». Aitortu zuen isilpean sufritu dutenek sinetsi izan dutela euren senideek hil ziren bezala hiltzea merezi zutela ere. Dena den, gizarteak alor horretan izan duen jarrera goraipatu du. «Zorionez, denbora honetan, jendearen laguntza eta berotasuna sumatu dugu». Haren arabera, gizarteak badaki bertsio ofizialaren eta errealitatearen arteko aldea «nabarmena» dela.

Zentzu bertsuan mintzatu zen Idoia Zabalza. Aldarrikatu zuen omenaldiak ez lukeela legeak agindutako tramite hutsa izan behar. «Entzun nahiko genuke justiziazkoa eta zilegi ere badela». Nafarroako instituzioen eskutik jasotako aitortzak ez du erabat gogobete. «Mila esker, benetan, ekitaldiagatik. Orain, errekonozimendurik handiena gelditzen zaigu: egia».

Fermin Rodriguezek Iruñeko ekitaldian gogorarazi zuen biktimen artean hautetsiak, ekintzaile politikoak, joera politiko jakinik ez zuten pertsonak, ETAko kideak edota, besterik gabe, intsumisioarekin konprometitutakoak daudela. Biktimen hainbat kasu salatu zituen arren, «justiziarik» ez dela egin zioen Rodriguezek: «Kasu gutxi argitu ditu Justiziak, eta, ondorioz, gehienak ezerezean gelditu dira».

Nafarroako Gobernuak, parlamentuak eta Udal eta Kontzejuen Federazioak adostutako adierazpenean, indarkeria sufritu dutenei ekitaldi instituzionalak «konponezina» den galera erreparatzeko nahia adierazi zuten. Izan ere, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentearen iritziz, gizarteak eta erakundeek ezin dute bizkarra ematen jarraitu. «Etorkizun hobea lortzeko modu bakarra giza eskubideen defentsa integralean oinarrituko den kultura da», adierazi zuen. Alde horretatik, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak adierazi du biktima guztiak aintzat hartuta jarraitu behar dela gizartea eraikitzen: «Biktima guztiak hartu nahi ditugu kontuan, eta, bakearen kulturan aintzat hartuta, arauak ezarri».

Legea, ezbaian

Herrialdeko parlamentuak 2015ean onartutako legea auzitegietan da. Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion, foru gobernuak «justizia paralelo bat» bultzatu nahi zuela argudiatuz. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, joan den urtean, tramiterako onartu zuen errekurtsoa, eta legea bertan behera gelditu zen ia osorik. Ez, ordea, omenaldiari dagokion artikulua. Hor jasotzen denez, eta atzo egin bezala, «gertakarien aitorpena egiten duen barkamen publikoa» gauzatzeko konpromisoa hartzen du Nafarroako Gobernuak. Rodriguez, Zabalza eta Etxeberria hil zituztenetik urte andana igaro den arren, azkenean iritsi da «horrenbeste desiratutako aitortza».