Udalak inpunitatearen aurka
2016/10/28
Udalen bidea hasi da Iruñean inpunitate frankistaren aurka. 'Egia, justizia eta ordaina... orain!' manifestua sinatu dute hainbat hiriburutako udal ordezkariek. Frankismoko krimenen aurkako kereilarekin bat egin dute
Berria.- 2016.10.28
Ion Orzaiz
Egin dute lehen urratsa. Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako hainbat hiriburutako udal ordezkariek lehen bilera egin dute frankismoko krimenen aurkako auzibideari bultzada emateko eta bide orri bat adosteko. Egia, justizia eta ordaina... orain! izeneko manifestua da estrategia bateratu berri horrek eman duen lehen fruitua.
Iruñea, Gasteiz, Bartzelona (Herrialde Katalanak), Rivas (Espainia), Zaragoza (Espainia), Coruña (Galizia) eta Cadiz (Espainia) hirietako alkateek eta udal-ordezkariek izenpetu zuten atzo manifestua, Iruñeko Ziudadelako arma aretoan. Horrez gainera, frankismoko krimenen aurkako kereilak aurkezteko asmoa ere agertu zuten.
Lan hori guztia koordinatzeko hainbat bilkura eginen dituzte datozen aste eta hilabeteetan. Iruñeko topaketak abiapuntua besterik ez baitira izan. Manifestua bera ere zabalik dago, beste edozein udalerrik atxikimendua eman dezan. Madrilgo Udalak, esate baterako, babesa adierazi dio egitasmoari, oraindik sinatu ez duen arren —Iruñean izan zen Madrilgo alkateordearen kabineteburu Enrique Lopez, baina agiria sinatzeko eskumenik gabe—.
Atzoko ekitaldian, 1936ko estatu kolpean nahiz frankismoan hildakoentzako, jazarpena pairatu zutenentzako eta horien senideentzako «egia, justizia eta ordaina» aldarrikatu zituzten agiriaren sinatzaileek. «Ehun milatik gora fusilatu eta desagertuei gehitu behar zaizkie milaka eta milaka lagun erbesteko bidea hartzera behartuak, esklabotasun baldintzetan bortxazko lanak egitera makurtuak, emakume atxilotuak, torturatuak edo zeini seme-alabak kendu zizkietenak», dio manifestuak.
Ekitaldia bukatuta, oroimen historikoarekin lotura duten zenbait gune bisitatu zituzten hiriburuetako eledunek; besteak beste, 36ko kolpe militarrean Iruñean fusilatutakoen omenez, Gaztelugibelean dagoen oroitarria.
Estrategiak koordinatzen
Manifestua sinatzeaz gainera, atzo Iruñean abiatutako dinamikaren helburua da tokiko erakundeen jardunak koordinatzea eta etorkizunerako ekinbide legalak adostea. Hori dela eta, saio teknikoak eta juridikoak egiten hasiak dira, memoria historikoan adituak diren pertsonen eskutik.
Atzo, Emilio Majuelo historialariak hartu zuen hitza, Iruñean zabaldutako Oroimen Historikoaren Informazio Bulegoaren berri emateko. Hain zuzen, bulegoko arduradunek aste honetan eman dituzte argitara errepresio frankistak Iruñean eginiko sarraskien datuak: 306 hildako eta 1.014 kartzelaratu, hiriburuan bakarrik. Oroimena azaleratzeko tenorean, Iruñeko Udalak urratutako bidea segitzeko asmoa agertu dute hainbat zinegotzik.
Argentinako Kereilaren aldeko Estatuko Koordinakundeko abokatu den Carlos Slepoyrekin solastatzeko aukera ere izan zuten parte hartzaileek. Frankismoaren inpunitatearekin bukatzeko, udalek egin dezaketen ekarpena nabarmendu zuen Slepoyk, eta abian diren ekinbideen berri eman zuen. Topaketen azken zatian, udal teknikariei eta legelariei zuzendutako saioak eman zituzten hainbat adituk, besteak beste, 1977ko Amnistia Legeaz, Nurembergeko Estatutuaz eta zigor zuzenbideaz, udal bakoitzak egokitzat jotzen duen bide legala aplikatzeko aukera izan dezan.