Traba berriak...

2016/10/06
Frankismoko biktimen deklarazioen aurka joko dute Hegoaldeko fiskalek. Espainiako Fiskaltza Nagusiaren jarraibidea jaso dute Argentinako kereilaren pausoen aurka egiteko. Deklarazio hartze guztien aurka joko dute fiskalek. Azken hitza epaileak izango du kasu bakoitzean

Berria.- 2016.10.06

 

Luis Ortiz Alfauk aurreko astean deklaratu zuen Argentinako kereilaren harira, Bilbon. Fiskaltza horrelako lekukotasunak hartzearen aurka azalduko da aurrerantzean.

Luis Ortiz Alfau, Bilboko auzitegitik irtetzen frankismoaren aurkako salaketa deklaratu ondoren.

Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

 

Garikoitz Goikoetxea

 

Pixkanaka ari da bidea egiten Argentinan frankismoko krimenak ikertzeko kereila, eta, haren eskutik, Espainiako eta Euskal Herriko auzitegietan ere bai. Lekukotasunak ematen ari dira salaketa jarri duten biktimak, eta inputatuta daudenak ere egunotan dira deklaratzen hastekoak. Bide hori geratzeko pausoa eman du, ordea, Espainiako Fiskaltza Nagusiak: jarraibide bat bidali die fiskalei, deklarazio hartzeak bertan behera uztea eska dezaten. Bai salaketa jarri duten biktimenak, bai salaketetan aipatu dituzten inputatuenak. Agindua iritsi zaie Hego Euskal Herriko fiskalei ere. Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiaz BERRIAri azaldu dionez, bete beharreko araua da fiskalburuarena, eta, beraz, kasuak bertan behera uzteko eskatuko dute fiskalek. Azken hitza epaileek izango dute.


Irailaren 30ekoa da jarraibidea, Consuelo Madrigal Espainiako fiskal nagusiak sinatua, baina asteon bertan iritsi da Euskal Herriko fiskaltzetara, iturri judizialen arabera. BERRIAk eskuratu du bederatzi orriko dokumentu hori, eta oso argia da fiskalei emandako agindua. Maria Servini Argentinako epaileak egindako eskarien aurka agertu behar dute: «Erreguzko eskaera horiek betetzearen aurka egin, horretarako irizpena emanda, edo, beharrezko bada, kasu bakoitzean helegitea jarriz».

Fiskalak agertutako argudioak ez dira berriak; orain arte gisa bereko arrazoibideak eman izan ditu Espainiako Gobernuak frankismoko krimenak ikertzeari oztopo egiteko. Argudio nagusia da ikerketa judizialak ezin daitezkeela egin, amnistia legeak ezerezean utzi zituelako delitu horiek. Kasua Argentinan ikertzeko motiborik ez dagoela ere azaldu dute.

Erabakia hartzeko momentua da deigarria. Denbora da kereila jarri zutenak deklarazioa ematen ari direla auzitegian —areago, Servini epailea bera Euskal Herrira etorri zen testigantzak jasotzera—, eta fiskaltzak orain «jakin» du Argentinako epailea eskariak igortzen ari dela deklarazioa hartzeko.

Ministro ohiak deklaratzera

Zer aldatu da orain? Nork deklaratu behar duen. Kereilan inputatuta dauden hemeretzi lagunak datozen egunotan dira deklaratzekoak auzitegian, Servinik eskatuta. Orain bi urte egin zuen eskakizuna, eta Justizia Ministerioak orain onartu du, atzera-aurrera ugariren ondoren. Orain fiskala sartu da tartean —lotura dauka Justizia Ministerioarekin— deklarazio hartzeak eteteko. Ministro ohiak daude tartean: Rodolfo Martin Villa, Alfonso Osorio, Jose Utrera Molina, Antonio Carro...

Biktimei ere eragingo die fiskalaren posizioak, ordea. Haiek ere ez deklaratzea nahi du Madrilek. Jarrera aldaketa handia da hori, EAEko fiskal nagusiaren arabera. «Orain arte, deklarazioen aurka ez agertzea izan da fiskaltzaren jarrera. Nik ezagutu ditudan kasuetan, bete dira eskariak. Baina honek aldatu egiten ditu gauzak. Eskariei uko egin behar zaiela dio jarraibide horrek». Kalparsorok azaldu du Fiskaltza Nagusiaren jarraibideak bete beharrekoak direla. Agiria herrialde bakoitzeko fiskalburuei bidali diete jadanik, haiek gainerako fiskalei emateko. Nafarroako fiskal nagusiarekin hitz egiten saiatu da kazeta hau; ez du adierazpenik egin nahi izan. Han ere bete beharko da agindua.

Fiskaltzaren erabakia oztopoa izango da lekukotasunen bideak aurrera egin dezan, baina azken hitza epaileen esku dago. Fiskalak behartuta daude Madrilen jarraibideak onartzera, baina kasu bakoitzeko epaileen gain geratuko da zer egin. «Ikusi beharko da auzitegietan nolako harrera duen». Kasua bera Argentinan aztertzen jarraitu ahalko dutela azaldu du Kalparsorok, muga Espainiako auzitegietarako jarri nahi dutela.

Biktimak, aukerarik gabe

Biktimei atea ixtea dakar fiskaltzaren ikuspegiak: batetik, delitu horiek ikertzeko eskumena Espainiak soilik daukala ohartarazi du, eta, bestetik, erantsi du Espainian ezin direla ikertu, amnistia legearen ondorioz. Kalparsoro: «Jarraibidearen arabera, biktimei ez zaie biderik geratzen. Baina ikusi beharko da nolako erantzun judiziala ematen zaion». Lekukotasun bat etetea lortu dute Espainian. Herenegun zen deklaratzekoa PCE Espainiako Alderdi Komunistako idazkari nagusi ohi Gerardo Iglesias. Madrilen aginduari jarraituz, aurka agertu zen auzitegiko fiskala, eta epaileak eten egin zuen deklarazio hartzea: fiskalaren argudioak aztertuko ditu, eta gero erabakiko du testigantza hartuko duen edo ez.

Fiskaltzaren jarraibidea berria da, baina jarrera, ez. 2014an, Kalparsorok eskari bat egin zion Madrili frankismoko krimenekin lotuta: exhumazioetan, fiskala aurrean egotea. Izatez, fiskal nagusia egona da exhumazio batzuetan. Aurkako erantzuna jaso zuen Espainiatik. «Oraingo jarraibideko argudio berberekin, ezetz esan zidaten: amnistia legea, preskripzioa...». Aurreko fiskal nagusiak erantzun zion hori, Eduardo Torres-Dulcek; Consuelo Madrigal dago orain. Jokabidea ez da pertsona aldaketen ondorioa, hortaz.