Tortura azaleratuz.

2021/04/05
Sakanako 149 tortura kasuen egia azaleratzeko, 'Arg(h)itzen' dokumentala osatzen ari dira eskualdeko hainbat herritar. Ikus-entzunezkoa egiteko diru-bilketa kanpaina bat abiatu dute. Bideoa albistearen barruan.

 

ARG(H)ITZEN DOKUMENTALA

Torturaz argi hitz egiteko

 

Unai Razkin eta Jon Patxi Arratibel, 'Arg(h)itzen' dokumentalaren grabaketa batean.Unai Razkin eta Jon Patxi Arratibel, 'Arg(h)itzen' dokumentalaren grabaketa batean. 'ARG(H)ITZEN' DOKUMENTALA 

Maddi Ane Txoperena Iribarren - 

Berria

2021eko martxoak 2  

Errealitate «oso gordina» da pairatutakoa, eta tortura eskualdean modu «sistematikoan» aplikatu dela erakusten dute zenbakiek, Razkinen hitzetan. Alta, errealitate hori ezezaguna da oraindik: «Oihartzun oso txikia izan du gizartean». Sakanan herrigintzan aritzen diren hainbat herritarrek isiltasun hori puskatzea erabaki dute, eta dokumental bat sortzen ari dira horretarako, Irurtzungo Aixita elkartea lagun. Izenak berak ematen du ikus-entzunezkoaren helburuaren berri, Arg(h)itzen jarri baitiote izenburua. «Tortura argitzen, torturaz argi hitz egiten... Hitz joko hori erabili nahi izan dugu, helburua hori delako, azkenean: saiatzea ateratzen herri honetan zer pasatu den. Badago egia bat kontatu nahi ez dena, orokorrean kontatu ez dena, eta horrek behar du gizarteratzea».

Sakanako herritarren tortura testigantzak izanen ditu oinarrian dokumentalak, eta hainbat adituren hitzak ere tartekatuko dituzte, izan psikologo, abokatu, mediku edo kazetarienak. Unai Razkin dokumentalaren koordinatzaileak zehaztu duenez, ordea, ez da eskualdera soilik mugatuko: «Dokumentalaren oinarria Sakanatik sortzen da, baina Sakanatik ez bakarrik Sakanara, baizik eta Sakanatik Euskal Herrira. Azkenean, bada errealitate bat Euskal Herriko leku askotan gertatu dena».

Ohartarazi du, gainera, torturarena ez dela aspaldiko gai bat. Are, nabarmendu du gaurkotasuna duela: «Askotan uste dugu orain dela urte pila bat gertatutako gauzak direla, baina ez: Sakanan azken tortura kasua 2011n izan zen, Jon Patxi Arratibelena. Gero, gainera, Estrasburgok arrazoia eman zion, bere tortura salaketak ez ikertzeagatik». Deitoratu du gaur egun Espainiako Barne ministroa den Fernando Grande-Marlaska izan zela Arratibel atxilotzeko agindu zuena, eta, beraz, baita haren torturen erantzulea ere: «Berak bermatu behar zuen haren osasun fisikoa».

Halakorik berriro gerta ez dadin gaiaz hitz egitearen garrantzia azpimarratu du Razkinek; bertzeak bertze, belaunaldi berriek horren berri izan dezaten. Eta argi du herritarrek ardura dutela horretan: «Edo herri dinamikek ateratzen dituzte horrelako gaiak, edo, bestela, ez dira aterako».

Finantzaketa kolektiboa

2019an hasi ziren Arg(h)itzen ikus-entzunezkoaren proiektua martxan jartzen, baina pandemiak bete-betean harrapatu zituen egileak, eta grabaketak atzeratu: orain ari dira horiek egiten. «Orain arte grabazio batzuk egin ditugu, baina oraindik beste asko falta zaizkigu egiteko», zehaztu du Razkinek. Dokumentalaren koordinatzaileak azaldu du, halere, garai «garrantzitsuan» daudela orain, eta horregatik erabaki dutela eskuartean dutena publiko egitea: «Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu dugu, eta kanpainaren erdian gaude, gutxi gorabehera». Ikus-entzunezkoaren beraren aurrekontua handiagoa da, baina finantzaketa kolektibo bitartez 10.000 euro lortzeko helburua jarri dute, eta epemuga bat: martxoaren 22a. Verkami plataformaren bidez egin daiteke ekarpena: «Norbanakoek edo taldeek egin dezakete, bakoitzak ahal duen edo nahi duenaren arabera, 25 eurotik hasita 500 eurora arte». Atzo arratsalderako 3.805 euro zituzten lortuak.

Diru laguntzak ere eskatu badituzte ere, jendearen ekarpenak ezinbertzekoak direla azpimarratu du Razkinek: «Herritik atera den proiektu batek behar du herri finantziaketan isla bat izatea. Hori aurrera ateratzea beharrezkoa da dokumentalak argia ikus dezan». Produkziora, komunikaziora eta material teknikora bideratuko dute dirua, baita ekarpena egin dutenei sariak ematera ere.

Helburura iritsiz gero eta dena ongi bidean, 2022an ailegatu beharko luke pantailetara ikus-entzunezkoak. Razkinek uste du Euskal Herri luze-zabalean ere oihartzuna izan dezakeela: «Jende asko identifikatua sentituko da, berak bizi izan duelako, edo lagun batek, edo familiakoren batek. Euskal Herrian 5.000tik gora kasu daude egiaztatuak, eta gureak balio dezake beste toki batzuetan ere gai honi heltzeko eta aitortza lortzeko, helburu izanda berriz ez errepikatzea».