Julian Grimauri egindako omenaldia, lurperatuta dagoen hilerrian, Madrilen. Haren hilketaren ostean jarri zuten TOP abian. KOTE RODRIGO / EFE
Gotzon Hermosilla -
2021eko martxoak 7
Berria
TOP Ordena Publikoko Auzitegiak hamahiru urte luzez jardun zuen frankismoaren garaian, 1963ko abenduaren 2tik 1977ko urtarrilaren 4ra. Salbuespenez beteriko sistema politiko batean, are salbuespenezkoagoa zen auzitegiaren funtzionamendua, disidentzia politikoari jazartzeko beren-beregi prestatua. Haren aurrean agertu beharrak zigorra zekarren gehienetan auzitegiak kaleratutako lau epaitik hiru zigorrezkoak izan ziren, eta auzipetuek seguru zekiten beren eskubideak errespetatuak izateko itxaropen guztiak kanpoan laga behar zituztela.
Juan Jose del Aguila Torresek (Torremolinos, Espainia, 1943) ondo ezagutu zuen TOP. Bi modutan ezagutu ere: auzipetua eta zigortua izan zen 1968an, legez kanpoko propaganda banatzea egotzita, eta 1970etik aurrera, abokatu ikasketak amaitu ostean, behin baino gehiagotan egokitu zitzaion antifrankistak defendatu behar izatea auzitegi hartan. 2001ean liburu bat argitaratu zuen, El TOP. La represion de la libertad (Askatasunaren zapaltzea), auzitegi frankista haren inguruko datu ezezagun ugari plazaratu zituena, eta 2020an liburuaren argitalpen berria atera du, askoz osatuagoa.
Frankistak 1936ko gerran garaitu ostean, justizia militarra eta armadako epaileek zuzenduriko gerra kontseiluak ziren erregimenaren tresnarik behinenak disidentziaren kontra egiteko. Bestelakoak ere erabili zituzten, ordea: adibidez, Masoneriari eta Komunismoari Jazartzeko Auzitegi Berezia, eta 1950eko hamarkadaren amaieran auzi jakin batzuk epaitzeko propio sorturiko zenbait auzitegi, hala nola Legez Kanpoko Propagandarako Auzitegi Nazional Berezia, 1957tik 1963ra jardun zuena.
Baina erregimenak bere burua garai berrietara egokitzeko beharra ikusi zuen: «Opus Deiri lotutako sektore batzuk hasi ziren pentsatzen, liberalizazio ekonomikoaren testuinguruan, komeni zela Europaren eta, batez ere, AEB Ameriketako Estatu Batuen aurrean alderdi zibilizatuagoa eskaintzea, eta ordura arte militarren eskumena izandako errepresioa profesionalez osatutako instituzio batek bere gain hartzea».
Del Aguilaren ustez, erregimenaren eta oposizioko indarren arteko gatazka 1960ko hamarkadaren hasieran areagotu izanak zerikusi handia izan zuen frankismoak hartutako norabide berri horretan. 1962an, salbuespen egoera ezarri zuten Euskal Herriko bi herrialdetan, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Asturiasen (Espainia). 1963ko apirilean, berriz, PCE Espainiako Alderdi Komunistako buruzagi Julian Grimau fusilatu zuten Madrilen, militar frankistek gerra kontseiluan epaitu ondoren.
Liburuan, Del Aguilak garrantzi handia eman dio Grimauren hilketari, eta ez soilik exekuzioak atzerrian sorturiko zalapartak eta nazioarteko iritzi publikoaren arbuioak erregimena modernizatzeko asmoak azkartu zituelako. Del Aguilak liburuan defendatzen duen tesiaren arabera, ordurako gobernu frankistak auzitegi berezi bat sortzeko erabakia hartuta zeukan, eta, erabaki hori publiko egin izan balu, Grimauren kontrako auzia baliogabetu eta beste epaiketa bat egin beharko zuketen, buruzagi komunistari bizia salbatzeko aukera emanez. Hori egin beharrean, erabakia isilpean gorde zuten, eta apirilaren 20an fusilatu zuten.
Hilabete batzuk geroago, abenduan, hasi zen lanean Ordena Publikoko Auzitegia. Baina horrek ez du esan nahi gerra kontseiluak bertan behera utzi zituztenik: «Marra gorria agintariek delitu terroristatzat jotzen zituztenak ziren, horiek epaitzeak militarren eskumen izaten jarraitu baitzuen. Hala gertatuko zen Burgosko auzian, Puig Antich eta Heinz Chenzen kontrakoan, eta 1975eko irailean ETAko eta FRAPeko bost antifrankisten aurkakoan».
Ia 10.000 auzipetu
Indarrean iraun zuen bitartean, salbuespenezko auzitegiak 9.146 lagun auzipetu zituen. 3.890 epai kaleratu zituen, eta horietatik %75 zigorrezkoak izan ziren. Orotara, 11.958 espetxe urte ezarri zituzten, abian jarri zituzten 23.000 auzibideetan.
Juan Jose del Aguilak xehe aztertu ditu TOPen artxibategiak, eta oso ondorio interesgarriak atera ditu. Adibidez, auzitegi frankistak euskal herritarren kontra abiarazitako errepresioaren neurria ematen dute datuek. 1.826 euskal herritar epaitu zituzten: Arabako 104, Gipuzkoako 733, Nafarroako 225 eta Bizkaiko 764.
Del Aguilak kalkulatu du Espainiaren menpeko lurralde bakoitzean zenbat auzipetu egon zen 10.000 biztanleko, eta ondorioa da Hego Euskal Herriko lau herrialdeak izan zirela zigortuenak TOP indarrean egon zen urteetan. Gipuzkoak 11,7 auzipetu izan zituen 10.000 biztanleko, Bizkaiak 7,4, Arabak 5,1 eta Nafarroak 4.9.
Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak 1977ko urtarrilaren 5eko zenbakian eman zuen TOP desegiteko erabakiaren berri, eta aldizkari berean iragarri zuten Auzitegi Nazionalaren sorrera. Horregatik, legelari askok TOPen oinordekotzat jo izan dute Auzitegi Nazionala. Del Aguila ez da iritzi horretakoa, baina nabarmentzen du TOPen aritutako zenbait epaile Auzitegi Gorenera eta Auzitegi Nazionalera igaro zirela: «Diktaduratik demokrazia parlamentariora pasatzeko trantsizio prozesu itunduan, errepresioari lotutako beste funtzionarioekin bezala, justizian ere ez zen garbiketa egiteko inolako asmorik egon».