Sorte on
Mintxo Ilundain: «Zentimetro gutxirengatik ez nintzen hil; zortea izan nuen»
Mintxo Ilundain (Iruñea, 1961) ezin izan da aurten omenaldian egon. Berriki, Nafarroako Gobernuak biktima izaera aitortu dio. Hamazazpi urte zituela, 1978ko uztailaren 8ko ilunabarrean, bala batek besoa zauritu zion Orreaga etorbidean. German Rodriguezen ondoan zen, eta argi du berari ere gauza bera gerta zekiokeela.
1978ko sanfermin haiek hasi aurretik, nabari zen giroa arraro zegoela?
Trantsizio urte haietan, dena zegoen aztoraturik. Urte hartan, udaletxean gose greba egiten ari ziren atxiloketa batzuen aurkako protestan, baina normalean sanferminetan gauzak baretu egin ohi ziren.
Non zeunden hilaren 8an? Zer duzu gogoan?
Txantreakoa nintzen. Peñakidea ez nintzenez, azken zezenarekin ataria libre uzten zuten zaindariek, eta dohainik sartzen ginen. Nire lagunak eta ni ate batetik sartu ginen [Armonia Txantreana], peñarekin bat egiteko.
Plazaren inguruan poliziak ikusi zenituen?
Ez, ordurako dena pasatuta zegoen. Sartu nahi genuen, eta jendea ateratzen ari zen, larrituta. Zer arraroa. Lehen ilaretan, plaza hutsik ikusi genuen. Keak inguratzen zuen. Zer pasatu da hemen? Behean, hondarrean, mutil batzuk lurrean ikusi nituen, eta polizia bat, erdian. Jaitsi ginen, eta zauritu bat eraman genuen kanpora, zaldien patiora. Poliziak zeuden bertan, euren kideari begira. Trapu zuri bat atera, eta haiengana eraman genuen. Une horretan, laguntzeko zaude. Hartu, eta alde egin zuten.
Bazenekien suzko armekin tiro egin zutela?
Ez, ez nintzen ohartu. Tiro hotsak entzun nituen bakarrik. Ez dakit zer zen, baina ziur nago horien artean gomazko pilotakadak zeudela. Erizaintzara joan nintzen, zaldi patioan. Hor jendetza zegoen, odoletan, eta zauriturik. Presa eta iskanbila zegoen. Lagundu genituen batzuk. Hortik aurrera, asaldaturik gelditu nintzen pentsatuz zerbait oso gogorra gertatu zela. Plazatik kanpo, suhiltzaileen parkerantz nindoala, poliziak ikusi nituen autobusetara igotzen. Batzuek harriak bota zizkieten, eta ni erdian nengoen. Polizia haietako bat jaitsi, eta metraileta batekin tiroka hasi zen, altuera erdian. Lurrera bota nuen neure burua. Jaurtigairik gabeko balak ziren, ikaratzeko. Noizbehinka egiten zuten hori. Susto ikaragarria ematen zuten.
Nola amaitu zenuen Orreaga etorbidean?
Karlos III.aren etorbidean, manifestazio bat egin genuen Gobernu Zibilerantz. Ordu erdi inguru egin genuen han. Atera ziren poliziak, eta oldartu ziren. Atzerantz egin genuen Orreaga etorbideraino. Ilunabarra zen. Ikusten zen, baina ez hainbeste.
Zer gertatu zen, orduan?
Orreaga etorbidearen amaieran, Paulino Caballero kalearen parean, polizien kamionetak ikusi nituen. Kotxe batzuk zeuden gurutzaturik, eta haiek ezin ziren pasatu. Bat-batean tiroak entzun genituen. Denak lurrera erori ginen. Zerraldo geratu nintzen kotxe baten azpian. Ez nekien, baina nire ondoan German Rodriguez zegoen. Tiro hots ugari entzun genituen gure inguruan, gure gainean.
«German altxatu egin zen, eta ni, atzetik. Jarraian, tiroak entzun ziren. Une horretan jo zuten buruan, eta ni besoan jo ninduen. Erredura gogor bat nabaritu nuen»
Uste zenuten balak zirela?
Bai, hala uste genuen. Tiroak tarteka entzun ziren. Poliziak aurrean genituen. Gugandik 50 metrora zeuden. Pentsatu nuen ikaratzeko egin zutela, baina pertsona baten altueran egin zuten tiro. Gogoan nuen jaurtigairik gabeko tiroak bota zituztela zezen plazaren kanpoaldean. Horregatik-edo, Germanek oihu egin zuen esanez jaurtigairik gabeko balak zirela. Altxatu egin zen, eta ni, atzetik. Jarraian, tiroak entzun ziren. Une horretan, buruan jo zuten, eta niri besoan eman zidaten. Bala besoko giharretik pasatu zen, hezurrik ukitu gabe. Erredura gogor bat nabaritu nuen, eta ez dakit nork bota ninduen lurrera. Etzanda, Germani begira gelditu nintzen. Seko lurrera eroria zen.
Ez zenuen German Rodriguez ezagutzen?
Ez. Une horretan, haren lagunek hartu, eta kaleaz bestaldean, ondoan, auto batean sartu gintuzten. Aurrean bi zeuden, eta atzean gindoazen German, ni eta beste bat. Ni erdian, odola galtzen, eta hark buruan tiroa zuela. Ospitalerako bide osoan, German ondoan nuen. Zezelka ari zen, baina hiltzear zegoen.
Zenbat egun eman zenituen ospitalean?
Bizpahiru egun. Nire gurasoak prentsa irakurtzean jabetu ziren ni zauriturik nengoela. Ez zekiten. Ni jada hasia nintzen gaupasak egiten sanferminetan, eta uste zuten parrandan nengoela. Esnatu eta egunkaria irakurtzean, berehala etorri ziren bisitan, susto aurpegi larriarekin.
Une gogorra. Askotan duzu hori buruan?
Bai. Une horretan, aldatu egiten zaizu bizitza. Nik, adibidez, hamar urte inguru eman nituen horri buruz hitzik esan gabe. Emaztegaiak esaten zidan ez nuela horri buruz hitz egiten, baina buruan gogoan nuen. Hamazazpi urte izanik, pasarte gogorra da.
Bizitza markatu zizun. German Rodriguez parean hil zen, eta zauritu egin zintuzten. Pentsatu izan duzu zuri ere gauza bera gerta zitzaizukeela?
Bai, zentimetro gutxirengatik ez nintzen hil. Zortea izan nuen.
Fisikoki azkar oneratu zinen?
Bai. Hilabete batzuk pasatuta. Balak ez zuen ukitu hezurra. Fisikoki ez dit ondoriorik utzi.
Zuri deklarazioa hartu zizuten?
Bai, ospitalean nengoela, biharamunean, nire gurasoak eta anaia zeuden nirekin. Kaleko jantzitako bi polizia etorri ziren: «Atera hemendik», esan zuten [gazteleraz]. Niregana etorri ziren, eta gogor egin zidaten. «Nork egin zuen tiro? Zer gertatu zen», galdetu zuten. Eta nik: «Poliziak». «Mutiko, kontuz zer esaten duzun». Eta nik berriz: «Baina haiek egin zuten tiro, zer nahi duzue esatea?». Ikaraturik nengoen, hain gazte izanda. Jakin nahi zuten zer tokitan, non eta nork egin zuen.
«Une horretan, aldatu egiten zaizu bizitza. Nik, adibidez, hamar urte inguru eman nituen horri buruz hitz egin gabe»
Gero, etxeratu nintzenean, eta bakarrik nengoela, polizia batek deitu zidan. Komisarioak deklarazioa hartu nahi zidala esan zidan. Ezin nuela eta gurasoak ez zeudela etxean erantzun nien. Lagunduko zidala erantzun zidan. Hartu ninduen, eta Gobernu Zibilera eraman ninduen. Lehen solairuan, mahai baten goialdetik galdeketa egin zidan poliziaburuak. Nire atzean poliziak nituen. Uste nuen jo behar nindutela. Berriro gauza bera. «Mutiko, zer ikusi duzu?». Gero irakurri nuen Martin Villak esan zuela Karlos III.aren etorbidetik tiroka ibili zirela batzuk. Nahi zuten gertatutakoa zikindu.
Auziak ireki ziren, baina itxi. Adierazgarria?
Bai, dena estali zuten. Erreportajeak egin dira, eta beti arduradunek esan ohi dute akatsa izan zela edo polizia batzuen funtzionamendu oker bat. Iruñea deseginda utzi zuten. Alde Zaharra eta ingurua hankaz gora utzi zuten.
Bertsio ofiziala hori izan da, eta ez zuten ikertu nahi izan. Zergatik?
Ez zuten ikertu, eta ezkutatu egin zuten. Klasifikatuta jarraitzen dute, adibidez, garai hartako agiri ofizialek. Biktimek eta Sanferminak 78 Gogoan taldekoek uste dute horren bidez argitu daitezkeela gauza batzuk. Arduradunek zer egin zuten, zergatik izan zen hain erantzun bortitza eta larria. Zergatik egin zen halako erasoa. Eta airean geratzen da irrati bidez polizia batek esan zuena. «Tiro egin indar guztiz. Ez diezazuela inporta inor hiltzea».
Politikoki oso urte berezia izan zen. Nafarroa zegoen auzi politikoaren erdian, beste euskal lurraldeekin batera bide bat egiteko aukera eztabaidan. 1978 eta Iruñea izanik, lotura hori egin liteke?
Eskarmentu bat izan zitekeen, bai, baina ez dakigu. Arraroa izan zen. Sanferminetan izatea eta plazan tiroka sartzea... 20.000 pertsona zeuden plaza barruan, umeak eta guzti. Jendea ikaraturik utzi zuten. Nori bururatzen zaio norbaiti hori egitea? Eta zergatik ez da ikertzen?
Zer ekarri dute azken urteetan Nafarroan eman diren pausoek? Biktima izaera aitortu dizute.
Ikusten nuen pasatu direla 46 urte eta ez dela ezer egin. Jendea hiltzen ari da. Arduradunak agian hil dira. Nik neuk oso ongi ikusten dut Nafarroako Gobernuak egin duena. Hor geratzen da itxi gabeko zauri bat eta hutsune handi bat. Erreparatu egin behar da. Nafarroako Gobernuak bakarrik hori egin ahal du. Ni pozik geratu naiz. Jakin-mina pizteko balio izan du. Batez ere gazteek jakin nahi dute zer gertatu zen. Ez dakite. Ez zaie buruan sartzen festetan tiroak izatea eta gero hori ezerezean geratzea.