Senideak zain-zain egon dira urte askoan
Memoria historikoa
Hasi dira faxismoaren biktimen gorpuzkiak ateratzen Cuelgamurostik
Hego Euskal Herrian ehortzita egon eta Erorien Haranera (Espainia) —egungo Cuelgamuros— eramandako pertsonen zerrenda luzea da oso; faxismoaren biktima horien artean gehienak euskal herritarrak dira, baina ez dira gutxi kanpotik indarrez Euskal Herrira ekarri eta, gero, hil ondoren, familien baimenik gabe Cuelgamurosera bidalitakoak ere, Gogora institutuak egindako txosten baten arabera. Guztira, Erorien Haranean egon daitezkeen 1.231 herritarren zantzuak topatu ditu Gogora-k: horietatik, 1.076 gorpuzki dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hilerrietatik ateratakoak. Nafarroako beste ehunka batzuk ere badaude, gainera, Francisco Franco diktadorearen hilobi erraldoia izateko eraiki zuten azpiegitura horretan.
Bada, Espainiako Gobernua hasi da Cuelgamurosera eramandako biktimen gorpuzkiak ateratzeko lehen saioarekin. 128 izango dira lehen ekinbide horretan, horietako batzuk euskal herritarrak. Izan ere, hogei familiak 2020an lortu zuten ziurtagiria senideak Erorien Haranetik ateratzeko tramiteei ekin ahal izateko; horietako batzuen senideen gorpuzkiak ateratzekoak dira gaur hasitako saioan. 78 hilotz Santo Sepulcro kaperaren alboko kriptan daude, eta beste 39 Santisimoaren kaperaren ondokoan. Lehen hilobi erraldoi horretan, 18.301 hilotz pilatu zituzten frankistek, eta, bigarrenean, 10.545.
Francoren erregimenak lau hil mota ezarri zituen Erorien Haranean: A, B, C eta D. Letra bat edo beste eman zitzaien gorpuzkiei, kriptaren arabera eta kontuan hartuta jakina ote zen hezurrak norenak ziren. Bakarrik A letrarekin sailkatu zituztenen senitartekoek izan zuten eskubidea baimena eman ala ukatzeko, hilotzak Erorien Haranera eramateko operazioan. Hezurrak egurrezko kaxetan sartu zituzten, batzuetan banaka eta beste batzuetan taldeka, eta haien jatorriari buruzko informazioa idatzi zuten haietan.
33.000 gorpuzki baino gehiago daude, izan ere, Erorien Haranean gordeta. Haien gorpuak zenbait kriptatan daude banatuta, eta guztiak atera daitezke langileak arriskuan jarri gabe, CSIC ikerketa zientifikorako zentroaren arabera. Espainiako Polizia zientifikoa ateratzen dituzten kaxen identifikazioan laguntzen ari da gaur, senideen DNArekin gurutzatu behar baitira hezurretatik lortutako laginak, bermatzeko gorpuzkiak senitartekoei emango zaizkiela, eta ez beste batzuei. Senideak luzaro aritu dira borrokan familiartekoen hilotzak berreskuratzeko: Frankismoaren biktima askok hogei urte baino gehiago daramatzate beren hilen gorpuzkiak eskatzen.
Senitartekoak ezin dira han egon
Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok jakinarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «40 familia baino gehiago» daudela senideen gorpuzkiak ateratzeko zain, eta «pozik» azaldu da lanak hasi direla eta: «Nahiko genuke oraingoan haien desioa egia bihurtzea, eta senideak etxera ekarri ahal izatea». Gogora Cuelgamurosen lanean ari den auzitegi medikuen taldearekin harremanetan dagoela erantsi du Ezenarrok, «familiei informazioa lehenbailehen» helarazteko. Orain arte, 45 familia dira Gogora institutuari senideen gorpuak berreskuratu nahi dituztela jakinarazi diotenak, eta 40 dira eskubide hori dutela dioen ziurtagiria jaso dutenak. Gogora-k 36 familiaren DNA laginak jaso ditu.
Eduardo Ranz abokatuak kexu ofiziala helarazi zion orain dela aste batzuk Espainiako arartekoari, Madrilgo gobernua ez zelako betetzen ari epai judizial batek ezarritakoa: biktima jakin batzuek senitartekoen hilotzak berreskuratzeko eskubidea dutela. Aragoiko (Espainia) Lapeña anaien auziak sustatu du, izan ere, 128 biktima Cuelgamurostik ateratzeko lehen saioa. Memoria Demokratikoaren Legeak aldatu zion izena Erorien Haranari, baina, ordurako, Francisco Francoren gorpuzkia handik aterea zuen Pedro Sanchezen gobernuak.
Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak salatu du faxismoaren biktimen familiek ezin dutela bertatik bertara ikusi gorpuak berreskuratzeko saioa, eta gogoratu du Franco diktadorearen ondorengoek pribilegio hori izan zutela, 2019an, handik atera zutenean. Izan ere, faxistek gorazarre egin zioten Francori Erorien Haranetik ateratzean. «Biba Franco» oihukatuz agurtu zuen familiak Erorien Haranean. Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak jakinarazi du biktimen senitartekoak prentsaren bidez jakin dutela gobernuak gorpuzkiak berreskuratzeko saioa abiatu duela gaur.