Sekula ez da berandu...

2016/07/12
Jaurlaritzak 1936tik 1978ra bitarte izandako giza eskubideen urraketak ikertuko ditu. Hitzarmena sinatu du EHUrekin eta Aranzadirekin, oinarrizko txosten bat osatzeko. Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadetan izan duen bilakaera ere aztertuko du aditu taldeak, autogobernuak izan dituen ondorioei buruzko hausnarketa egiteko.

Berria.- 2016.07.12

 

Urkullu, EHUren Udako Ikastaroetara iristen, gaur goizean. /
Urkullu, EHUren Udako Ikastaroetara iristen, gaur goizean. / Juan Carlos Ruiz, Argazki Press

 

Ander Gartzia Badiola.-

Jaurlaritzaren Kontseiluak hitzarmen bat sinatu du EHUrekin eta Aranzadi Elkartearekin, 1936. eta 1978. urte bitartean izan ziren giza eskubideen urraketen oinarrizko txosten bat osatzeko. Memoria Historikoaren alorreko Lehentasunen Oinarri Programan jaso dute ekimena. Iñigo Urkullu lehendakariak eman du haren berri, EHUk Donostiako Miramar jauregian antolatutako ikastaroan (Gerratik globalizaziora. Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurrenean). Lehendakariak nabarmendu du nazioartetik eskatzen dutela frankismo garaian gertatutakoaren egia argitzeko mekanismoak sortzea. "Eskari horri laguntzeko sortu da proiektu hau". 

Etorkizunaz ere mintzatu da Urkullu. "Helburua Estatus Politiko Berria adostea izango da". Haren esanetan, xedea eskumen gehiago edukitzea da, eta eskumen guztiak erabateko edukiak izatea. "Helburua da aldebikotasuna adostea eta itundutakoa bermatzea". Estatus Berriak "foru baimenaren eguneratzea eskatzen du". Azaldu du itun berriaren bidez Eskubide Historikoak gaurkotu eta "Euskadiren nazio izaera" aitortu egingo dela, nazio aniztasuna onartzen duen estatu batean. "Agirrek, bere garaian, guk egun proposatzen dugun nazio-federazioen Europa aldarrikatu zuen".

Urkullurekin batera, hasiera ekitaldian Ludger Mees EHUko Historia Garaikidean katedraduna, Jose Luis de la Granja Sainz katedraduna eta Maite Zelaia EHUko errektoreordea izan dira. Jose Antonio Agirrek Gernikan 1936an esandako hitz "irmoak" gogoratu ditu Messek, tropa frankistak Gernikatik kilometro gutxira zeudenekoak. "Autogobernua ez da alderdi politiko baten kontua, bere interesen menpekoa; tresna demokratikoa da, gizarte osoarentzat, gerra irabazteko eta justizia soziala ezarri eta bermatzeko". Messek nabarmendu du duela 70 urteko hitzaldia izan arren gaurkotasun handia duela XXI. mende hasieran ere.

Urrian 80 urte beteko dira Eusko Jaurlaritza aurreneko aldiz eratu zenetik, eta gaurtik etzi arte nazioarteko adituez osatutako talde batek 1936ko lehen gobernu haren sorrera izango du hizpide. Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadetan izan duen bilakaera ere aztertuko du aditu taldeak, autogobernuak gizartearen ongizatean eta elkarbizitzan izan duen garrantziaren gainean hausnarketa egiteko.