Saharako Memoria
Berria.eus.- 2016.01.16
Amagoia Mujika Tolaretxipi
Aali Alamin gaixotu egin zen ihesaldian, marokoarren okupazioa hasi zenean, eta ezin izan zuen martxa jarraitu. Bera gabe segitzeko eskatu zion familiari. Leku babestuan utzi zuten, ahal zutenean haren bila itzultzeko esperantzan. Handik gutxira hil egin zen, bakardadean. Haren seme Abdalah Alik kontatu du gertatutakoa Los Otros vuelos de la muerte ikerketa liburuan (Heriotzaren beste hegaldiak).Mendebaldeko Saharako herritarren aurka izandako bonbardaketak kontatu dituzte haiek jasandakoek, eta beren gorputzetan utzitako zauri larriak aztertuz dokumentatu du liburua Carlos Beristain medikuak zuzendutako taldeak: «Beren gorputzean dituzte bonbardaketen markak, bonbardaketen probak dira, azalean markatuak, memorian dauzkaten bezalaxe, ukatu egin den historiarenak. Ez da izuaren erakusketa bat, baizik eta herri baten historia kontatua, historia kliniko batetik abiatuta, inoiz ezein entitatek onartu ez duen bonbardaketari buruz».
Hogeitik gora larri zauritu zirenen lekukotasunak jaso dituzte. Testigantzak, haiek jasandako lesioen historia klinikoak eta garai hartako dokumentazioa kontrastatu dituzte, eta fidagarritasun handiko dokumentu bilakatu. Horrekin batera, Marokok orain arte egin dituen bi txostenetako informazioa konparatu dute, ikerketen bidez eraikitakoarekin, kasuz kasu sortutako fitxetan, bertsio ofiziala eraitsiz. Saharar herriari gertatutakoak eta gertatzen ari zaizkionak ahoz egindako transmisioari esker irauten ari dira, eta ikerketa honek metodo objektibo, zorrotz eta zientifikoa dakar, historia benetakoa biktimen ahotan.
Gorpuaren aurkikuntza
Aali Alaminen gorpua Cheija Ahmed Hammak aurkitu zuen, ihesaldian zihoala bera ere. Ibai lehor baten ibilguan sartu zen, gauez, eta kiratsa zerion haizeari, estropezu egin zuenean: gorpu bat zen. Haren ondoan estalki bat zegoen, eta harekin bildu zuen. «Ezin nuen han geratu, inguruko mendikateetan baitzeuden, eta edozein atxilotu edota tirokatu zezaketen handik».
Familiak bazekien non zegoen, eta abisua eman ostean, Carlos Beristainen eta Paco Etxeberriaren ikerketa taldeak aurkitutako lurperatze ezaugarriek baieztatu dute lekukoek diotena. Heriotza naturala izan zuen adineko gizon baten gorpuzkiak aurkitu zituzten Amgala ibaian, estalki baten barruan bilduak. Hezur laginen bidez baieztatu zuten bera zela.
Alaminen kasuak lotzen du Heriotzaren beste hegaldiak Saber al fin liburuarekin (Azkenean jakin), aurkeztu duten bigarren ikerketa liburua. Alamin ez zuten hil, baina ezin izan zuten ospitalera eraman, bonbardaketen erdian. Haren kasua desagerrarazi zituzten beste batzuenarekin batera jaso dute ikerketa lan horretan. 2013an aurkitu zituzten lehen bi hobiez gain —tiroz hil zituzten zortzi beduinoren gorpuzkiak, tartean bi ume—, beste bi hobitan hiru gizon aurkitu dituzte zortzi beduinoen heriotzaren ezaugarri berekin —eta emakume batena dirudien beste gorpu bat, itxuraz, gatazkarekin zerikusirik ez duena—. Gizonetako bat identifikatu ahal izan dute, eta, zehatz-mehatz jakiterik ez dagoen arren, ia ziur daude 1976an gertatutakoak direla hilketak. Hobi gehiagoren berri badute, baina Marokok jarritako pertsonen kontrako minez josia dagoen inguruan daude, eta mina horiek kentzeko tramiteetan dabiltza. Lurralde okupatuan dauden hobietara ere heldu nahi lukete, baina Marokoren jarrera itxiak pentsaezin egiten du, oraingoz, haiek ikertzeko lana.
Um Dreiga
Heriotzaren beste hegaldiak liburuan, beste inon idatzi ez diren bonbardaketak kontatu dituzte, bereziki Um Dreiga kanpalekuan gertatutakoak, han hil baitzen jende gehien.
Um Dreiga 1976ko otsailaren 19tik 21era bonbardatu zuten. Ez dago jakiterik zenbat lagun hil eta zauritu zituzten, kanpalekua oso era inprobisatuan eraiki batzituten, batere baliabiderik gabe. Liburu honetan 40 hildakoren eta 70 larri zaurituren zerrenda osatu dute, baina hara bildutako herritarrak eta erabili zen munizioa kontuan hartuta, 100 eta 200 artean izan ziren hildakoak eta 70 larri zaurituak —Tindufera eraman zituzten zaurituak—. Hildakoen eta zaurituen artean familia osoak daude, eguneroko lanak egiten ari zirela ezustekoan harrapatu zituztenak.
Marokoko armadaren napalmezko eta fosforo zurizko bonben pean hil ziren, eta biktimen lurperatzea bonbardaketak izan eta bi egunera egin zituzten, presaz. Bonbardaketa gehiagoren arriskuaren ondorioz, gehienak gorpuak identifikatu gabe egin behar izan zituzten, agurrik gabe, Saharako kulturaren eta erlijio musulmanaren errituak jarraitu gabe. Kanpalekua jasotzeko lanak ere azkar egin zituzten, beldurrez, eta lur jota, gertatutakoagatik egoera psikologiko oso txarrean, napalmak eta fosforoak kiskalita utzi baitzituzten biktimetako asko.
Bubeker Banani Abdellah-en lekukotza izugarria da: «Gorpu osoak zeudenean indibidualki lurperatzen ziren, identifikazioa ezarrita, eta gauza bera egiten genuen pertsona ezagun baten gorpuzkiak baziren, baina identifikatu ezin ziren pertsonak baziren, elkarrekin lurperatzen genituen. Bi hilerri handi zeuden. Ibaiak eramango ez zituen lekuan jarri genituen». Haiek guztiak izena noiz jarriko dioten zain daude, eremu minatuan.
Brahim Barberok hau du egun haietatik gogoan: «Erreta zeuden gorpuzkiak ez genituen ukitzen, desegin egiten zirelako. Alfonbretan biltzen genituen, eraman ahal izateko. Jende asko zegoen erreta».
Okupaziotik ihesi nora ezean abiatu ziren, milaka saharar, 1975eko hondarrean, eta nomadek aholkatu zieten basamortuan hartzeko babes, elkarri lagunduz, eta ur putzuetatik gertu jartzeko behin-behineko kanpalekuak, borroka eremuetatik urrun. Iparraldeko hirietatik Amgala eta Tifaritiko behin-behineko kanpalekuetara abiatu ziren, eta hegoaldekoetatik Um Dreigara. Kanpaleku horietan emakumeak, umeak eta zaharrak ziren gehienak, eta ez zeukaten ezertxo ere.
Ikerketa lanak oinarri bat izan nahi du jasandako giza eskubideen urraketak onartzeko eta erreparatzeko. Carlos Beristainen ustez, «ez dago Saharako gatazkan irtenbide politikorik giza eskubideen auzia konpontzen ez bada. Ahanzturan blokeatuta dago; Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko negizioazioa harreman erabat asimetrikoan oinarritzen da, eta ezein herrialdek eta nazioarteko erakundek ez dute egoera konpontzeko batere interesik». 400 pertsona baino gehiago desagerrarazi dituzte; munduan ez da herririk biztanleen kopurua kontuan hartuta proportzionalki horrenbeste kasu dituenik.
Gorpuzkiak etxekoengana
Gatazkan dauden herrietan Egiaren Batzordeak daukan funtzioa betetzen ari dira Hegoa fundazioa, Aranzadi eta Euskal Herriko Unibertsitatea osatzen ari diren lanok —Euskal Fondoak babestua—, eta «oso atsegingarria» da Beristainentzat ia 40 urtean lurretik 40 zentimetrora ezkutatuta egon den istorioa azaleratzea, eta ukatu zitzaien historia bizi ahal izatea.
El oasis de la memoria biktimen zerrenda osatu, eta handik tiraka aurkitu zituzten zortzi beduinoen bi hobiak, Tinduf kanpalekutik 400 kilometrora. Lekua desaktibatu gabeko minez jositako lekuan dago, Minursoren zaintzapean dagoen eremuan, Marokok 1982an eraikitako harresitik kilometro batera, Amgala hiritik oso gertu —Amgala harresiaren beste aldean dago—, hain zuzen, harresia babesteko ezarri zituzten Marokoko Indar Armatuek. Hobi batetik bestera 30 metro daude.
Hasieran senideek beren ondora ekarri nahi izan zituzten gorpuzkiak, oso urruti baitaude haiengandik, baina identifikatu eta zer gertatu zitzaien jakin ostean, nahiago izan zuten hil zituzten lekuan utzi. Odola dagoen lekuan egon behar du gorpuak, islamaren arabera, baina horrez gainera, hantxe utzi nahi izan zituzten, eurengandik urrun badaude ere, zer gertatu zen gogorarazteko, harresiaren aurrean.
Horrela du gogoan Beristainek: «Senideak hobietara joan zirenean, hantxe aurrean jarri eta errezoan hasi ziren, lehenago egin ezin izan zutena egiten, agurtzen. Ondoren, bixitan joan gintzaizkienean, identifikazio guztiak genituenean, oso une hunkigarria izan zen. Zorionak ematera joaten zitzaizkien bizilagunak, sekulako zoriona sentitzen zuten, gertatutakoa kolektibizatu zuten, eta batzuek amorrua ere kanporatu zuten, desagerrarazten duten pertsonari buruz ez badakizu ezer, ezin baita emoziorik adierazi».
Aali Alamin gaixorik basamortuan hil zen gizonaren senideek ere zortzi beduinoekin batera lurperatzeko eskatu zuten, erresistentzia eta borroka ikur gisara, okupazioaren beste biktima bat baita. Plaka xume bat jarri dute gertatutakoa gogoratzeko.
Auzitegi Nazionalean
Aurkitutako lehen bi hobien txostenak Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali zituzten, baita nazioarteko beste hainbat erakundetara ere. Pablo Ruz epaileak froga gisa erabili zituen egindako ikerketak, eta, horri esker, bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua emana dago zortzi militarren kontra.
Paco Etxeberria eta Carlos Beristain deitu zituen epaileak, bakarka, aurkitutakoaren eta egindakoaren berri emateko. Paco Etxeberria auzi medikuarentzat une hori «oso eskertzekoa» izan zen. «Familientzat balio duen lan honek aplikazio bat du, eta eman genion dokumentazio horren arabera, hamabi militarren aurkako prozedura erabaki zuen, 1976an gertatu zen auzi batentzat, eta hori oso interesgarria da, hori posible bada, gaur egun leporatzea 76an gertatu zen zerbait, galdetu ahal izango dut nola ezin duen egin gauza bera beste kausa batzuengatik, 76an gertatutakoak haiek ere, baina gure artean».
Etxeberriak Euskal Herriko eta Afrika iparraldean gertatutako giza eskubideen urraketak jarri ditu aurrez aurre, gogoratuz, atzo bertan aurkituzutela gorpu bat Larrabetzun (Bizkaia), eta gaur senideak, teknikoak, eta hainbat ordezkari politiko elkartuko direla han. «Gogobetetzen nau han egoteak, intimotasun horretan, une garrantzitsu horretan, baina ekitaldi intimo hori izateaz gainera, garrantzi sozial eta publikoa duen agertokia konpontzen ari gara, posizio objektibo eta inpartzial baten emaitzak bermatzen ditu, baina inoiz ez neutrala».
Giza eskubideez aritzerakoan, ez dagoela alderik uste du Etxeberriak: «Giza eskubideez ari garenean, ez dago distantziarik, ez geografikorik, ez kronologikorik. Inporta behar du atzo gertatutakoak edo bihar gertatuko denak. Berdin inporta digu han eta hemen gertatzen denak». Horretarako laguntza instituzionala «ezinbestekoa» dela uste du, eta prozedura judizial objektiboa. «Honek balio behar luke giza eskubideen diskurtsoa zabaltzeko. Ezin da jendea desagerrarazi, ez bihar eta ez etzi».