Roke Mendez eta Jose Luis Mondragon erreparazioaren zein 50 urtez

2024/10/07
1974ko maiatzaren 20an hil zituen Espainiako Poliziak Roke Mendez eta Jose Luis Mondragon; orain, senideei baieztatu diete «exekuzio bat» izan zela. Albistea 50 urte geroago jaso izanak «zirrara kontrajarriak» eragin badizkie ere, beldurra garaitu dute. Asturiagako hilketaren biktimei egindako omenaldia, maiatzean. BIDASOKO HITZA

Erreparazioa, isiltasuna hausteko

Asturiagako hilketaren biktimei egindako omenaldia, maiatzean. BIDASOKO HITZA Asturiagako hilketaren biktimei egindako omenaldia, maiatzean. BIDASOKO HITZA
Isabel Jaurena.
2024ko irailaren 1a
Berria
Entzun 00:09:47

«Gogoan dut asteartea zela. Gaueko hamarrak ziren, eta Arrasateko Udaltzaingoa etorri zen etxera. Jose Luis Mondragon bertan bizi ote zen galdetu zuten, eta guk baietz. Etxean ote zegoen galdetu ziguten gero, eta guk ezetz, Iparraldera joana zela. ‘Istripu bat izan du’, esan ziguten». Ongi gogoratzen du Itziar Mondragonek (Arrasate, Gipuzkoa, 1954) orain 50 urte anaiari gertatutakoa: Jose Luis Mondragon 27 urteko arrasatearra eta Roke Mendez 21 urteko santurtziarra (Bizkaia) hil egin zituzten Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Hondarribiko (Gipuzkoa) Asturiaga hondartzan, segada batean. 

Biktimen senideek mende erdi itxaron behar izan dute gertatutakoa ikertu zedin: Poliziak zabaldutako bertsioaren arabera, gertatutakoa «enfrentamendu bat» izan zen, baina ez zen ez ikerketarik ez epaiketarik egin bertsio hura baieztatzeko. 50 urte geroago, baina, Hondarribiko Udalak eskatuta, Aranzadik eta EHUk ikerketa historiko eta juridiko bat egin dute, eta txosten bat izan da horren emaitza. Joan den astean eman zieten dokumentua familiei. 

Ainhoa Mendez (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1974) Roke Mendezen alaba da, baina ez zuen aita ezagutu, ama haurdun zegoenean hil baitzuten aita. «Zirrara kontrajarriak» eragiten dizkio duela 50 urte «begi bistakoa» zena baieztatzeko «hainbeste denbora» itxaron behar izanak. Halere, eskertuta dago instituzio batek bere gain hartu duelako eskaera. «Egia esan, ezin dut egoki neurtu. 50 urte igaro dira, denbora asko, eta bat-batean jaso ditugu Eusko Jaurlaritzaren aitortza eta Aranzadiren txostena», zehaztu du. Izan ere, Mendez frankismoaren biktima gisa onartu du Jaurlaritzak, familiak horretarako eskaera egin eta gero.

Roke Mendez. BERRIA
Roke Mendez. BERRIA

Horraino iristeko bideak, baina, «luze» jo duela aitortu du Mendezek: «Eskaerak egitean —birritan eskatu behar izan dugu Eusko Jaurlaritzan—, konturatzen zara zuk zeuk eman behar duzula dokumentazio guztia, eta nola edo hala demostratu behar duzula erailketa bat izan zela, ez dela nahikoa tiro bat buruan izatea, ez dela nahikoa tiro hori Polizia frankistak eman izana». Izan ere, 1974an ikerketarik egin ez bazuten ere, familiek argi zuten Poliziak bi gazteak hil zituela, eta ez zela «istripua» izan; haietako batek buruan tiro bat zuen, eta horrek familien susmo guztiak piztu zituen.

«Orain baieztatu da hasieratik nolabait begi bistakoa zirudiena; beti iruditu zaigu nahita hiltzeko asmoa erakusten duela [aita] buruan tirokatu izanak», erran du Mendezek. Hala zehaztu dute Aranzadiko eta EHUko ikerlariek, eta, batik bat, froga horretan oinarritu dute maiatzaren 20 hartan gertatutakoa «exekuzio bat» izan zelako baieztapena. «Tiro hori ez zen izan hilketa unean eman nahi izan zioten tiro bat soilik, kasualitatez edo; antolaturiko hilketa bat izan zen, aurreikusia», borobildu du Mendezek. 

«Tiro hori ez zen izan hilketa unean eman nahi izan zioten tiro bat soilik, kasualitatez edo; antolaturiko hilketa bat izan zen, aurreikusia»

AINHOA MENDEZ Roke Mendezen alaba

Izan ere, bi gazteak ETAn ibili ziren, baina 1974rako ez ziren talde armatuko kide. Gainera, biak Ipar Euskal Herrira joanak ziren, erbestera. Beste gazte batek —polizia inflitratua zena, txostenean zehaztu dutenez—, baina, Hegoaldera eraman zituen —motiboen berri ez dute senideek—, txalupa motordun batean. Hondarribiko hondartzara iristean, Espainiako Polizia zeukaten zain, eta han bertan hil zituzten. Hirugarren gazteak ihes egin zuen.

Aitortzaren zain

Bertzelakoa da Mondragon familiaren egoera: ez dute biktima aitortzarik jaso oraindik; Eusko Jaurlaritzan eskatu dute, baina zain daude. Aitortza hori lortzeko aukeraren berri Mendezek eman zien, eta hori egin arte ez zuten deus ere mugitu nahi izan. «Niri inork ez dit ezer esan, eta nik ez diot inori ezer galdetu, beldur nintzen. Gainera, nondik hasi? Ez guk, ezta beste familiak ere, ez genekien nondik hasi», azaldu du Mondragonek.

Jose Luis Mondragon. BERRIA
Jose Luis Mondragon. BERRIA

Xamur-xamur azaldu du hilketaren urteurrena hurbiltzen denean, urtero, hondartzara joan ohi dela, anaia oroitzera. Halere, urte hauetan guztietan galdetzeko beldurra izan du. Horren arrazoia azaltzeko, baina, ez du hitzik topatzen, eta gogora ekarri du, etsita, hilketa izan eta gero gertatutakoa: «Hileta egin genuen, eta poliziaz inguratuta egin behar izan genuen anaia hilerrira eramateko bidea. Sarrerara iritsi ginenean, beste aterik ote zegoen galdetu ziguten, eta guk baietz, atzekoa. Handik sartu genuen anaia hilerrira: atzetik eta poliziaz inguratuta». 

Pasarte hori kontatzen ari dela, bertze oroitzapen bat ere gogoratu du: anaia herrira eraman zutenean familiak ezin izan zuela ikusi; osaba bat abokatua zen, eta hura joan zen. Memoria egiten jarraitu du, eta hileta egunera itzuli da: «Lurperatu baino lehen, kutxari musu bat emateko makurtu nintzen, eta Poliziak hori egitea debekatua genuela esan zidan, eta kutxatik urrundu ninduten segituan. Zergatik? Zergatik ez zidaten anaia agurtzen utzi?». Egun hartatik inoiz gutxi atera izan dute gaia, eta are gutxiago jendaurrean. Hortaz, sinetsita dago jaso berri duten txostenak, gertatutakoaren berri emateaz gain, lagundu diela halabeharrez ahantzitako oroitzapen horiek ere erreparatzen.

«Lurperatu baino lehen, kutxari musu bat emateko makurtu nintzen, eta Poliziak hori egitea debekatua genuela esan zidan, eta kutxatik urrundu ninduten segituan. Zergatik? Zergatik ez zidaten anaia agurtzen utzi?»

ITZIAR MONDRAGONJose Luis Mondragonen arreba

Dokumentu hori egiteko, Javi Buces Aranzadiko historialariak Mondragon elkarrizketatu zuen, eta hura izan zen gaia «mugitzen» zuen lehenbiziko aldia. Hori baino lehenago, mediku forentse batek hots egin zion Mondragon familiari, erranez autopsia bat egin behar ziotela Roke Mendezen gorpuari, eta galdetu zien ea nahi zuten Jose Luis Mondragoni ere egitea. Hartara, aukera izan zezaketen informazio gehiago lortzeko bi gazteen heriotzari buruz. «'Ezin diozue autopsiarik egin', erantzun nion nik. Ez dugu anaiaren gorpuzkirik, erraustuta daude», azaldu du. 

Izan ere, hilketa izan zenetik hamar urte inguru pasatu zirenean, gaztearen gorpuzkiak hezurtegira pasatu zituzten. Eta bertze dozena bat urte pasatzean, hilerria lekuz aldatu zuten, eta ez ziren ohartu gorpuak mugitzeko abisua jaso izanaz. Hortaz, anaiaren gorpuzkiak lekuz aldatu ordez, erraustu egin zituzten. Halere, Mendezi egindako autopsia baliagarria izan zaie segada bat izan zelako ideia baieztatu eta indartzeko, eta horrek anitz pozten du Mondragon.

Memoria taldea

Hondarribiko Udalaren eskutik iritsi da txostena, baina badago erailketa hura ikertu duen talderik ere: Asturiaga 1974 memoria taldea. Hondarribikoak dira horiek ere, eta biktimen senideak aski eskertuta daude egin duten lanagatik, horiek aritu baitira gertatutakoa argitzeko eskatzen. 

2017an sortu zuten taldea herritarrek gertatutakoaren berri izan zezaten. Geroztik urtero-urtero omenaldia egiten diete bi gazteei, Asturiagako hondartzan bertan. Zazpi urteotan, gainera, bertsio ofizialetik harago dagoen hori ere ikertu dute: hemerotekak, biografiak, entziklopediak, Poliziaren artxiboak, bi gazteen ingurukoekin elkarrizketak… Mendezen biktima aitortza, erraterako, familiak taldearekin batera egindako lanetik iritsi da. Orain Mondragonen aitortzaren zain daude, duela mende erdi «istripu» gisa zabaldu zuten hilketa haren gaineko isiltasuna hausteko zain.