PPek eta Voxek legea indarrean sartzea eta murriztea lortu dute.

2021/06/04
Atzera bota du 2019an onartutako legeari PPk eta Voxek jarritako errekurtsoa. Azaldu du kasuak ikertuko dituen batzordeak «administrazioko prozedura» besterik ez duela egingo.

Poliziaren biktimen Nafarroako legea onetsi du Konstituzionalak.

2021eko maiatzak 19

Joserra Senar

Berria

Azkenik, Nafarroako Gobernuak bidea libre du eskuin muturreko taldeek eta segurtasun indarrek eragindako biktimen aitortzarako. Atzo, Unai Hualde Parlamentuko presidenteak jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota dituela 2019an onartutako legeari PPk eta Voxek jarritako helegiteak. Hortaz, motibazio politikoko ekintzen biktimen aitortzari eta erreparazioari buruzko Nafarroako legea onetsi du. Konstituzionalak dioenez, kasuak aztertzeko osatuko den batzordeak «administrazio arloko prozedura» besterik ez du egingo, eta ez ditu auzibideak zalantzan jarriko.

Sei urteko ibilbide gorabeheratsua egin behar izan du legeak. Lehenik, 2015eko martxoan, parlamentuak lehen lege bat onartu zuen biktimen aitortzarako, eta bertan jaso zen Aitortza eta Ordainaren Batzordea eratzea; gertakarien ikerketa egitea zuen xede. Hala ere, «justizia paralelo bat» bilatzen zuelakoan, PPk helegitea jarri zuen legearen aurka.

2018an, Konstituzionalak ebatzi zuen legearen hainbat artikulu Espainiako Konstituzioaren aurkakoak zirela. Argudiatu zuen justizia administraziotik at dagoen batzorde bat eratzea aurreikusten zuela delituak ikertzeko, eta ahal hori ez dagoela parlamentuaren eskumenen artean.

2019ko martxoaren 21ean, parlamentuak bigarren lege bat onartu zuen biktima horien aitortzarako. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak babestu egin zuten; PSN abstenitu egin zen, eta UPNk eta PPk kontra bozkatu zuten. Eskuineko bi alderdiok iragarri zuten Konstituzionalera joko zutela berriro.

Auzitegiak orain ebatzi du ezin dela legea 2015ekoarekin parekatu, aurreko hartan ikertzeko asmo bat antzematen zelako. Epaiaren arabera, batzordearen lanak ez du bat egiten auzibidean egin daitezkeen jarduerekin, deliturik atzemango balu prozedura hori auzitegien esku utziko lukeelako.

Geroa Baik adierazi du ebazpenak babestu egiten duela aurreko legealdian eginiko lana, eta atsekabea azaldu du legearen judizializazioak «oinaze erantsia» eragin badie biktimei eta senideei.

Egiari Zor fundazioak, berriz, oso positibotzat jo du legea abian jartzea, «giza eskubideen urraketa guztiek izan behar dutelako tokia memoriaren mapan». Dei egin die biktimei beren eskaerak aurkez ditzaten. Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak uste du «urrats garrantzitsua» dela «elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan» aurrera egiteko.