Pozarren irten da epaitegitik

2023/09/29
1975ean Polizia frankistak torturatu egin zuela salatzeko, Madrilgo epaile baten aurretik igaro da Julio Pacheco. Memoria Demokratikoaren Fiskaltza prozeduran aurkeztea positibotzat jo dute

Frankismoko errepresaliatu batek aurrenekoz deklaratu du Espainian

 

Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko Estatu Koordinakundea elkarrataratze bat egiten, iazko martxoan. Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko Estatu Koordinakundea elkarrataratze bat egiten, iazko martxoan. J. L. RODRIGO / EFE

 

20Berria
23ko irailak 16

Francisco Francoren diktadurapeko (1939-1975) errepresaliatu batek deklaratu zuen atzo Espainiako epaile baten aurrean, aurreneko aldiz. Julio Pacheco ikasle elkarte bateko kidea zen, eta Madrilgo 50. Instrukzioko Epaitegiko epaile Ana Maria Iguaceli kontatu zion Polizia frankistak nola torturatu zuen zenbait egunez, 1975eko abuztuan. Pachecok AFP France-Press berri agentziari herenegun esan zion «mugarri garrantzitsu bat» dela, eta «zirrikitu bat» ireki dutela frankismoaren biktimek nozitu duten «inpunitatearen murruan».

Otsailean jarri zuen salaketa Pachecok, eta, hiru hilabete geroago, tramiterako onartu zuela jakinarazi zuen epaileak. Horren berri emateko kaleratu zuen autoan, nabarmendu zuen «posible» zela «gizadiaren aurkako krimenak» egon izana. Espainiako Memoria Demokratikoaren Fiskaltza prozeduran aurkeztu da, eta, salaketa jarri duen pertsonaren abokatuak auzi saioa amaitu eta gero kazetarien aurrean adierazi zuenez, hori «positiboa» da.

Biktimen elkarteek azpimarratu izan dutenez, azkeneko lau hamarkada pasatxotan ehun bat salaketa jarri dituzte Espainiako Estatuan, baina horiek, tramiterako onartuak izan ziren kasuetan ere, ia automatikoki artxibatu zituzten justizia estamentuek. Argudiatzen zuten delituek preskribatu egin zutela, edo 1977ko Amnistia Legea zegoela indarrean.

Ia berrogei urtez egindako krimenengatik ez dute inor epaitu, eta, hori dela eta, NBE Nazio Batuen Erakundeak belarrietatik tira egin izan dio Espainiari. Memoria elkarteak ahalegindu dira Zigor Kodea erreformatzen, horrek frankismoko krimenak ere bildu ditzan. Proposamen bat bozkatu zuten Kongresuan iazko martxoan, baina atzera bota zuten, PPren, Voxen, Ciudadanosen eta, are, PSOEren botoekin.

Salatzaileak zehaztu du BPS Brigada Politiko Sozialeko lau agentek torturatu zutela, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan, Madrilen, eta agente horietako bat Jose Manuel Villarejo zela, gerora Espainiako Poliziako komisarioa izan zena eta besteak beste estatu indarkeriari gorazarre egin izan diona. Epaileak autoan jaso zuenez, ikertu gisa deklaratzera deituko ditu Villarejo eta beste hiru poliziak: Jose Maria Gonzalez Reglero, Alvaro Valdemoro eta Jose Luis Montero. Gainera, auziari buruzko dokumentazioa eskatu die Poliziari eta Espainiako Artxibo Nazionalari. Iturri judizialak aipatuz Espainiako zenbait hedabidek kaleratu dutenez, hiru polizia horiek hilda daude. Dena den, epaitegiari dagokio hori baieztatzea eta haien auziak artxibatzea.

Egin beharreko hurrengo urratsei dagokienez, salatzaileak esan zuen balitekeela epaileak Villarejo deklaratzera deitzea. Ondoren erabaki bat hartu beharko du epaileak: auzia artxibatu edo ahozko epaiketa hasi.

Espainian salaketek bidea egiteko zer zailtasun zituzten ikusita, biktimen elkarteek Argentinara jo zuten, eta han, nazioarteko zuzenbideak jurisdikzio unibertsala gauzatzeko aukera ematen diola argudiatuz, Maria Servini epaileak ikerketa bat hasi zuen, 1936ko gerran eta frankismoan gertatutako gizadiaren kontrako krimenengatik. Krimen horiekin lotura zutelakoan, diktadura garaiko ministro, epaile eta polizia batzuk —hogei bat guztira— estraditatzeko eskatu zuen, baina Espainiako Estatuko instituzioek horri uko egin izan diote.

Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko Estatu Koordinakundeak, ohar baten bidez, botere publikoei eta alderdi politikoei eskatu die har ditzatela «beharrezkoak diren neurriak», Madrilgo epaile horrek hartutako erabakia «salbuespena» izan ez dadin.