Oroitza historiokoaren legearen eraginaz

2022/12/30
Andaluzian 1936ko gerrako jazarpenaren erantzule nagusi izan zirenen arrastoak atera berri dituzte Sevillako La Macarena basilikatik. «Memoriaren aldeko mugimenduaren garaipena izan da».

Paqui Maqueda. Nuestra Memoria elkarteko kidea

«Zorra kitatu nuen Queipo de Llanoren gorpuzkia atera zutenean»

IÑIGO URIZ / FOKU

 

2022ko abenduak 17 - Iruñea

Azaroaren 3ko gauaren isiltasunean, Sevillako (Espainia) La Macarena basilikaren inguruetan, oihu ozen bat entzun zen. «Ohorea eta loria frankismoaren biktimei». Gau hartan Gonzalo Queipo de Llano eta Francisco Bohorquez militar frankisten gorpuzkiak atera zituzten La Macarenatik. Andaluzian eragin zuten jazarpen basatiaren biktimetako batzuk izan ziren Paqui Maquedaren senideak (Sevilla, 1964), eta haien oroimenez egin zuen oihu hura. Nuestra Memoria elkarteko presidentea da, eta herenegun hitzaldia eman zuen Iruñean, 1978ko Sanferminak Gogoan taldeak gonbidatuta.

Nolakoa izan zen jazarpena Andaluzian 1936ko gerran?

Hobien mapa hartuz gero, mendebaldea puntu gorriz beteta ageri ohi da: Cadiz, Huelva, Sevilla, Cordoba. Horrek erakusten du norantz mugitu zen frontea. Sartzen ziren herrietan triskantzak eragiten zituzten. Herri batzuetan biztanleriaren %10 erail zuten. Queipo de Llanok izua zabaldu zuen irrati uhinetatik: esaten zuen emakumeak alargunez jantzi zitezela, bortxatuko zituztela, hildako gorriak hobietatik atera eta berriro tiroa joko zietela... Terrorismo hartatik ihesi, jendea arrapaladan atera zen. Izua barruraino sarrarazi zuen.

Izu hori hurrengo belaunaldietaraino heldu al da?

Bai, noski. Aurrekoek egindakoa ez da oinordetzan jasotzen. Zure senidea genozida bada, edo nire birraitonaren modura bere balioak defenditzeagatik fusilatu bazuten, bi bide har ditzakezu: iragan hori alboratzen duzu, edo zure baitan hartu eta bizitzaren parte egiten duzu. Nik hori egin dut, eta Queipo de Llanoren familiak ere bai. Alta, beldurrak bai, horiek transmititzen dira. 58 urte ditut, eta 38 nituela jakin nuen gertatutakoa. Nire familian beldurra eta isiltasuna transmititu da hurrengo belaunaldiak zaintzeko. Guztiz errespetagarria da jarrera hori.

Nola izan zen egia jakin zenuen une hura?

Nire ahizpa bikia eta biok ezkertiarrak eta errepublikazaleak izan gara betidanik. Egun batez esan nion amari iparraldera gindoazela 1936ko gerran fusilatutakoen arrastoak ateratzen laguntzera. «Eta zergatik ez dituzu nire aitonaren arrastoak bilatzen?», galdetu zidan amak, harrituta. «Aitona Carmonan hil zuten, eta ez dakigu non dagoen». Niretzat, hura amak emandako familiaren mandatu bat izan zen. Horrek eraman ninduen artxibategi militarrak bisitatzera. Bartzelonara ere joan nintzen, han bizi baitzen birraitonaren semerik gazteena: Juan deitzen zen, baina osaba Jose deitzen genion.

Jazarpen horri aurpegia jartzeko balio du zure familiaren historiak. Orotariko indarkerien biktima izan zineten.

Hala da. Birraitona altxamendua hasi eta hilabetera fusilatu zuten. Paper bat dut dioena eskopeta batekin atera zela herria defenditzera. Haren bi seme zaharrenak, Pascual eta Enrique, Carmona jaioterria utzi eta Madrilen defentsan izan ziren borrokan hiru urtez. Gerra amaitutakoan, ez dakigu zergatik, bereizi egin ziren. Pascual La Carolinan [Jaen, Espainia] atxilotu zuten. Karrikan balaz josi zuten. Enrique, berriz, Carmonara ailegatu zen, eta, oso odol bizikoa zenez, aitaren heriotzaren erantzuleen atzetik ibili zen. Atxilotu, eta 30 urte eman zituen preso. Guadalquivir Behereko preso gatibuetako bat izan zen.

Lehen, Juan seme gazteena aipatu duzu. Zer gertatu zitzaion?

17 urterekin behartu zuten gudaroste frankistan parte hartzera, eta bataila batean lerro errepublikanora aldatu zen. Hark zioen ezin ziela anaiei tiro egin. Amaitutakoan, kontzentrazio esparruetan eta espetxean izan zen. Carmonara itzuli zenean, han ez zuen ezer: ez etxe, ez guraso, ez eta anaiak ere. Bartzelonara joan zen. Queipo de Llanoren aginduz, kendu egin ziguten etxea, eta Juanek hori eskatu zidan heriotzan: «Iloba, ekarri etxeko giltzak». Hori da familiaren beste mandatu bat, minez betetzen nauena.

Berandu, baina azkenik bi militarren gorpuzkiak La Macarenatik atera dituzte. Zer esan nahi du zuretzat?

Zor historiko bat zen. Andaluziako memoriaren aldeko mugimendua oso indartsua da, eta beti eskatu dugu hori egiteko. Politikoki, mugimenduaren garaipena izan da. Urtez urte, kontzentrazioz kontzentrazio, ez bagenu salatu legea bortxatzen ari zirela, ez dakit inoiz aterako ote ziren.

Zergatik kostatu da hainbeste?

La Macarenako anaitasunak uko egin dio gurekin hitz egiteari. Ez du azaldu ez enpatiarik, ez errukirik. Hilobi horiek etengabeko irain bat ziren biktimentzat. Egunero milaka pertsona sartzen dira basilikan, eta Queiporen hilobian bi data jartzen zituen: 1936ko uztailaren 18tik 1951ko martxoaren 9ra, estatu kolpea egin zenean jaio izan balitz bezala!

Gorpuzkiak gauez atera zituzten, inori abisua pasatu gabe. Hala ere, hara joan zinen. Pentsatua zenuen oihu hura egitea?

Ez. Lo nengoen, eta adiskide batek pasatu zidan abisua. Galtzak jantzi eta hara joan nintzen. Izkina batean nengoen, isilik, errespetuz. Badakigu zer den gorpuzkiak ateratzea. Edonor delarik errespetua gorde behar da. 02:00etan Queiporen familiako kideak txaloka hasi ziren, eta «biba Queipo!» oihukatu zuen batek. Ez nuen nahi azken hitza haiek izatea. Haren figura ezagutu nuenetik Juan Rodriguez Tirado birraitonarekin halako konexio berezi bat dut, eta haien guztien izenak gogoratu nituen. Ezin nuen utzi halakorik gertatzea. Queiporen familiaren jarrera bestelakoa izan balitz, aitonaren gorpuzkiak kotxean hartu eta joan izan balira, nik ere gauza bera egingo nuke. Joan. Gizon hark zor bat zuen familiarekin, eta banekien, erabat ziur nengoen, zor hori kitatuko nuela. Egun hartan, garrasi hori eginda, kitatu nuen.

Arestian aipatu duzu bakoitzak bere gain hartu duela senidearen oinordetza. Zuk, eraildakoena; haiek, hiltzailearena.

Haiek zigorgabetasun osoan bizi dira. Oraindik uste dute hala dela, eta «gora Queipo» oihukatzera ausartzen dira. Une hartan indarrean zegoen legediaren arabera ez zen posible, frankismoaren apologia delako urriaren 19az geroztik. 87 urte daramatzate zigorgabetasunean, aitonaren memoria aldarrikatzen, pentsatu gabe frankismoaren biktima bat bost metrora zegoela.

Atal bat itxi da, baina oraindik beste mandatu bat duzu. Zer espero duzu?

Aukera bat ireki da. Konfiskatutako ondareak ikertzeko batzorde bat osatuko da. Ondo deritzot, baina badakigu zer diren tankera horretako batzordeak. Hor geratzen dira, ezerezean, eta ez dut nahi halakorik gertatzea. Legeak ez du esaten ondasun fisikoa itzuli behar denik edo kalte ordaina ordaindu behar denik. Ez gara etxeez soilik ari: konfiskatu ziren fabrikak, artelanak, koadroak, diru errepublikanoa... Jose osabak [Juanek] emandako agindua bete nahi dut, eta birraitonak bere izerdiarekin erosi zuen etxe hura berreskuratu. Ez dut ordain ekonomikorik nahi.