Oroitza berreskuratuz
ETAko lau belaunalditako lekukotasunak bildu ditu Guibet Lafayek
Euskadi Ta Askatasuna Temoignages de quatre generations de militantes et militants (Les Editions Libertaires, 2022) liburua aurkeztuko du Caroline Guibet Lafaye egileak, heldu den ostegunean, Ortzaizeko (Nafarroa Behera) Menta liburu dendan, 18:30ean. Liburuak ETA erakundeko lau belaunalditako zortzi kide ohiren kontakizunak biltzen ditu. 2016tik 2022ra 61 etakide ohirekin egin elkarrizketetarik atera bilduma da.
Guibet Lafaye CNRSko ikerketa zuzendaria da Okzitania Tolosako Jean-Jaures Unibertsitatean. Aurretik gisa berean bezala, Alexandra Frenod lankidearekin plazaratu du idazlana. Guibet Lafayek esplikatu du lau belaunaldi hautatu dituela, lau garai politikori lotzen baitzaizkie. Lau garai desberdini: «Ez da ukatzen ahal frankismoa eta monarkia konstituzionala ez direla gauza bera». «Espainiako Estatuko» eta nazioarteko testuinguru politikoak kontuan hartzeak munta bazuen egilearentzat; baita errealitate akademikoarenak ere. «Akademiako literaturan, ulertezina zaie demokrazia formala plantan eman ondoan ETAk oraino irautea». Aldi berean, ikusi du Espainiako trantsizio garai hori biziki adierazgarria dela gertakizun politiko batzuen ulertzeko.
CNRSko ikerlariak denbora hartu du, «anitz jende ikusi» nahi baitzituen, ahal bezain «egokia» gerta zedin azterketa. Interpretazio soziologiako metodoa izateak modua eman dio azterketarako anitz lekukotasun eta kontakizun lortzeko. Bai eta elkarrizketatuek, zigorrak beterik, auzibide arriskurik ez izateak ere. Soziologian oso zabaldua den elkarrizketa metodoa erabili du. «Interpretazio soziologia egin-molde aski zedarritua da, baita elkarrizketa erdi zuzenduarena ere». Oro har, mugimendu sozialen ikertzeko, eta estatu batek mugimendu sozial horiei nola erantzuten dien aztertzeko metodoa da. Izatekotan, Guibet Lafayeren lana berezia da metodo hori, hain zuzen, «terroristatzat ekarria den» talde armatu baten aztertzeko erabili duelako. «Usaiaz kanpokoa dena da erratea antolakunde klandestino bat beste edozein objektu soziologiko bezalakoa dela», esplikatu du, «helburua baita ulertzea taldeko kideek zergatik erabaki zuten ekintza molde horren baliatzea».
Ondorio batzuk
Egin eta aztertu dituen elkarrizketa horietarik zenbait irakaspen atera ditu. «Adibidez: nola demokratikotzat dauzkagun estatu batzuk parean halako engaiamenduak agertzeko baldintzak sortzera heltzen diren. Nola umiliatzearen bortxaz, ezagupena ukatuz, zure herrialdean herritar batzuk guziz bazterrekoak direla kontsideratzearen bortxaz, baldintzak sortzen dituzun halako erantzunak ukaiteko».
Gainera, azterketa hau dela medio, Guibet Lafayek ikusi du zer egin-molde erabiltzera hel daitekeen estatu bat. «Batetik, terrorismoa salatzen da, baina, bestetik, estatuaren antiterrorismo klandestinoa plantan ematen». Halaber, Europa erdian tortura erabiltzen uzten dela ikusi du. «Europan, torturatzea ez da hain larria herrientzat; auzoan berean torturatzen ahal zuten 2010. urte arte, problemarik gabe».
Elkarrizketatu dituenen erranetarik, halako talde politiko armatu bateko militanteei buruzko beste ezaugarri bat ondorioztatu du: esan du ikusi duela ekintzaile horiek ez zirela «jende bortitzak, kazetetan errana zenaren kontra. Legez kanpoko moldeak erabiltzera behartuak zirelako konbentzimenduak ez du erran nahi bortitzak direla patologiaz».
Akademia munduan zabaldua den uste bat desegiteko bidea eman du azterketak, Guibet Lafayeren arabera: hein horretako ekintzetara gazte-gazterik sartzen dela jendea, bortizkeriak gazterik hunki dituelako. «Ez da batere hala; kontrakoa da. Jendea geroago engaiatzen da [borroka armatuan], formakuntza politiko osatuago baten ondotik». Ikerlaria estatistika lan bat prestatzen ari da, horixe erakusten duena, eta laster aterako du.
Gisa bereko beste liburu bat plazaratu dute Guibet Lafayek eta Frenodek: On ne va pas y aller avec des fleurs (Ez gara loreak eskutan abiatuko Hors d'Atteinte, 2022). ETAri buruzkoan agertzen den Isee izengoitiko pertsona agertzen da horretan ere; baita PKKn, FARCen, Action Directen eta Armada Gorriaren Frakzioan aritu diren emazte batzuk ere.
Nahiz eta borroka armatua erabiltzeari buruz gizonen ideia politiko bertsuak aipatzen dituzten, emazteek beste ikuspegi batzuk ekartzen dituztela dio ikerlariak. «Zenbait talde armatutan, gizon batzuek ele militaristak izan ditzakete —ez naiz baitezpada Euskal Herriaz mintzo—, armen erabilpena azpimarratzen dutenak. Bizi ditugun gizarte patriarkalekin badu loturarik. Haatik, emazteen artean ez da batere armekiko harreman hori, argiki».
Talde armatu politikoez gizonak dira nagusiki entzuten, eta, horregatik, emazteak mintzarazi dituzte. «Italian, emazte ekintzaileek sentimenduak adierazten dituzte gehiago. Latinoamerikan, Ipar Irlandan eta Euskal Herrian, erranen dute: 'Zer egin ukanak ditugun edo ukan ditzakegun haurrekin?'. Haurren galdea gizonek ere badute, baina ez dute aipatzen. Gero, kasurako, ez ditut emazteak genero estereotipo batzuekin lotu nahi».