Oroimenaren berreskurapena norbanakoarena ere bada
Xabier Arregiri adeitasunez erantzuten
Andoni Barreña
Filologiako doktorea
Berria 2017-01-11
Hasteko, eskerrak eman nahi dizkizut iritzi elkartruke hau ahalbidetze arren, ez baita ohikoa iritzi kontraja-
rriak alderatzea gerran gertatuaz. Esango dizudana errespetuz adierazten ahaleginduko naiz, ez baita beste biderik elkarrekin aurrera egin dezagun. Zurekin ados nago hainbat gauzatan, hiltzearen desarrazoiaz, autokritikaren beharraz, egia gordina onartzeaz edo gerrateetan edozein aldekok egiten dituzten basakeriez, zuk zuzenean horrela aipatzen ez dituzun arren. Gainera, ausardia ere aitortzen dizut, «Alderdi Jeltzaleak, hainbat historialarik, kronista politikok, sozialisten babesle modura jokatu dute» esaten duzunean Bilbon 1937ko urtarrilaren 4ean errepublikarrek ei zirenek eginiko hilketa zilegigabeaz.
Baina, aitortu egin behar dizut zure idazkiaren pasarte batek bereziki aztoratu egin nauela: «Oroimenaz hitz egiten duten horiek ematen du gauza batzuei buruz amnesia ezarri nahi dutela. Besteei exijitzen dietenean aitortza... hain zaila egiten zaie esatea: gu izan ginen...». Arrazoiaz edo arrazoi barik zure hitzok aztoratu naute. Begira, Durango 1936 Elkarteko kidea naiz, eta azken 10 urteetan lanean dihardugu faxismoa jasan zutenen lekukotasunak biltzen eta omenaldiak egiten Askatasunaren, Errepublikaren eta Euskal Herriko nazio-eskubideen alde borrokatu eta hil zirenen alde. Eta badakizu zergatik ari garen lanean? Arrazoi pertsonalek eta kolektiboek bultzaturik.
Pertsonalak azaltzen hasiko naiz. Zuk badakizu zer den faxistek preso zuten zure osaba ez jakitea non, noiz eta nola hil zuten? Zuk badakizu zer den bere gorpua inoiz ez berreskuratzea? Zuk badakizu zer den zure amamari eta aitari, hiltzear zeudela, «gure semea/anaia aurkitzean gure ondoan ehortzi» esatea entzutea? Zuk badakizu zer den zure aitaren osaba non lurperatu zuten jakitean eta haren gorpuzkiak eskatzean toki horretan Legioari Monumentua egin zaiolako ezin dizkizutela itzuli entzutea? Badakit edozein hilketa ikaragarria dela baina hiltzea eta gorpua bera ere ukatzea!
Arrazoi kolektiboez arituko naiz orain. Durangarra izanik, Durangoko zenbait kontu aipatuko dizkizut. Durango 1936 Elkartea 2008an hasi zen Askatasunaren alde borrokatu eta hil zirenen aldeko omenaldiak egiten. Urtero egiten dugu omenaldia. Badakizu nola duen izena gure ekitaldiak? Agurrik gabeak. Zergatik? Agurrik egin gabe ehortzi zituztelako, gehienetan senideek ere ez zutelako agurrik egiteko aukerarik izan. Badakit durangar askori gertatu zaiela hori. Baina 1937tik aurrera Durangoko Udal faxistak kapera kristaua eraiki zuen altxamenduaren aldeko hildakoak omentzeko. Eta oroitarriaz gain, hainbat ekitaldi eta ekimen ere antolatu zituen. Askatasunaren alde borrokatu eta hil zirenei nork egin die zerbait Durangon? Esango dizut. 2008ra arte inork ere ez, jendaurrean. Orain oroitarri xume bat dago Kurutziaga kalean, izenik gabea.
Badakizu 1937ko martxoaren 31n, apirilaren 2an eta 4an faxistek Durango bonbardatu eta metrailatu zutela eta 300etik gora hildako eragin zituztela? Bilbokoaz zera diozu: «urtero pasatzen da oharkabean Euskal Herrian inoiz izan den sarraskirik basatienetakoaren urteurrena». Badakizu Durangokoa zenbat urtetan joan den oharkabean? Badakizu nor hasi zen oroitzen? Erakundeak? Herri-ekimenean dihardutenak? Bonbardaketez eta metrailaketez gauzatxo bat argitu nahiko nuke, ez dituztela gizabanakoak bereizten, eta guztiak hiltzea eta guztia suntsitzea dutela helburu. Hil, txikitu eta ikaratu!
Beharbada unea ere etorri da katarsia elkarrekin egin dezagun edo nola egin pentsatzen has gaitezen, baina gerra galdu zutenen «ondorengoek» ere «gure denbora» behar dugu
Durangon ere gertatu zen 1936ko irailean, Errepublika zenean aginduezarlea, kartzelan zeuden hogeitaka «eskubiko» preso hiltzea, inolako epaiketa barik. Durangoko Udalak urteetan omendu ditu. Gaurko Udalak ekitaldi bat antolatzen du urtero hildako guztien alde eta oroitarria du jarrita hildako guztien izenekin. Durango 1936 Elkarteak hainbat lekukotasun bildu ditu gerraz eta horietako 19k gogoratzen dute pasarte hori, eta batek ere ez du justifikatzen (laster jarriko dugu webgunea jendaurrean). Baina, gutxik jakingo dute epaile faxistek berea egin zutela, eta hainbat durangar epaitu, zigortu eta hil egin zituztela ekintza gupidagabe horren erantzuletzat hartuta, oker, noski. Esaterako, Agurrik gabeak omenaldi batean ikusita nago nola durangar bat hurreratu eta eskerrak eman zizkion faxistek fusilatutako Eskubiren semeari bere aitaren bizitza salbatzearren. Labur, hainbat durangar epaitu, zigortu eta fusilatu zituzten ekintza basati horren ardura egotziz.
Ostera, zenbat epaiketa izan dituzte Durangoko bonbardaketa genoziden egileek? Badakizu erantzuna? Nik esango dizut. Ez du inork inor inoiz inon epaitu horretaz. Badakizu zenbatek eskatu dioten barkamena Durangoko herriari bonbardaketa genozidengatik? Inork ere ez. Horrelako zenbat? Horixegatik ere dihardugu oroimenaz ari garenok.
Beharbada, oroimenaz hitz egiten dugunok hainbat gauza ez dugu era egokian landuko. Arrazoia ematen dizut. Baina gure baliabideak eta gaitasunak murritzak dira. Beharbada, unea ere etorri da katarsia elkarrekin egin dezagun edo nola egin pentsatzen has gaitezen, baina gerra galdu zutenen «ondorengoek» ere «gure denbora» behar dugu. Arrazoia duzu honetan ere, biktimak ez dira bakarrik besteek eragindakoak. Baina hori nori gogorarazi behar zaio?
Amaitzeko, esan behar dizut ez dudala ulertu oroimenaz hitz egiten duten horiei nola eskatzen zaigun «gu izan ginen» aitortzea. Xabier, gu biok ez ginen izan, eta ez gara, beraz, erantzule. Horixe uste dut nik, behin- tzat. Beharbada, katarsi-bidean ari- tzeko unea heldu zaigu.