Onarpena emanaz

2017/07/11
Zamorako preso ohia

Imanol Oruemagazaren eragina Ondarroan

Heriotzaren ondoren Imanolek ez zuela nahi ez eskelarik, ez ospakizunik aitortu zidaten bere senideek gorpua agurtzerakoan. Barka naza Imanolek, baina ezin dut isilik jarraitu. Nire estimua eta gorazarrea azaldu nahi dizkiot.

Gara 2017/07/07

 

Txomin Agirre idazleak “Garoa”-ko Joannes artzainagatik dioena parafraseatu nahi dut: «Hura, gizona, hura!». Ondarroa hain bukolikoa ez izaeran alderdi politikoen astinduaz, Imanol ere ezin izan denen gustukoa. Liskar batzuk denborak jan ditu eta ezker aldetik, behintzat, gehienok miresten dugu bere urrats zintzo eta emankorra.

Eibarren abade langile genbiltzala, jakitean beste bat zela Ondarroan, beragana jo eta  ezagutu genuen on Imanol 1968an. Pertsona lehiatsua, zolia, guztiz herrikoia, hurbila, parrokiako eginkizunak utzi gabe, portuko lantegi batean normaltasunez beharrean ziharduena. Aitzinago ere, Ariz auzoan jarduna zen behargin. Bitxia nondik zetorkion joera hori.

Arrazoi berarekin joan ginen Periko Solaberria ezagutzera, langileriaren lider bilakatu zenean. Biek dute beren nortasunean mistiko kutsu bat, baina gizarteratzean, nolako eraginkortasuna biona! Argi uzten dute abertzaletasunaz gainera, arazo soziala ere bizi zutela erreboltari hauek. 1969ko urtarrileko salbuespenean, egun berean atxilotu zituzten biak. Ez zen kasualitatea izan. Berrogeita bost abade atxilotu zituen diktadurak azken hamarkadan. Eta, zenbat zibil? Ehunka, milaka…?

Parrokia lanetan, gazteekin txertatu zen Imanol, hamaika ekimeni arnasa ematen, abestaldeak, gizarte eskolak. Neska ala mutil, politikarako urduritasun handia bizi zuten ondarroarrek, diktaduraren aurkako kontzientzia sutsua eta borrokarako prestasuna; kultura mailan aseezinak. Ildo horretan asko bultzatu zituen Imanolek. Senez kondairazalea eta gizartearen azterlari zorrotza, beti zuen luma eskuan gertakizunen lekuko. Denborarekin Historiazale Taldea sortuko zuen. Honi pasatu zion idazki mordoen altxorra.

Gau batez, elizgizonen itxitasuna eta ardura-eza salatzearren, emakumeak matxinatu egin ziren eliza barruan, kanpai hotsaz herria asaldatzeraino. Harrezkero, askok utzi zioten elizara joateari. Denborarekin Imanol ere bide bera hautatzera behartua izango zen. ETAren ekintzen ondorioz, errepresio ikaragarria nagusitu zen herrian, guardia zibilen kuartela torturaren gotorleku demasa bilakaturik. Testuinguru honetan Imanolek ez zuen beste aldera begiratu eta arriskuak korritu zituen.

Hainbat arlotan engaiatu zuen bere burua. Marinelen lan bizitza zarpaila gainditu nahian, arrantzaleen artean kooperatiba bat sortzearen alde saiatu zen. Arrasateko buruzagiek, ordea, ez zuten estimatu egitasmo iraultzailea eta ametsa zapuztu zuten. Ezin ahaztuko sastada izan zuen Imanolek, aitortu zidanez. Udalera ere iritsi zen bi edo hirutan HBren zinegotzi lez. Orduan bezala, gaur ere ez da joko-zelai xamurra Ondarroako udala.

Herriko seme askok bezala, kartzelaren atzaparkada ere ezagutu zuen. Lehenez 1968an, Zamorako kartzela bete-betean zegoela. Bigarrenez, 1969ko negu gorrian, soilik lau preso zeudela. Etxean zeuzkan paper klandestinoengatik, tartean “Kili-Kili” umeen aldizkaritxoa, «propaganda ilegala» bizkarreratuz epaitu zuen TOPek, sei hilabeteko zigorra ezarriaz. Hirugarrenez 1970ean zigorra betetzera, gose grebagatik hamar-hamabi urtera zigorturiko bost lagun zeudelarik bertan. Hasiak zeuden Zamorako presoak ihes egiteko zuloa asmatzen.

Bandasko grebaren aldeko manifestazioan parte hartu zuen beste 80 abaderekin. Abadeen  Gogortasuna taldean aritu zen, bere ekintzetan parte hartuz, esate baterako, Derioko itxialdian. Hau burutu zuten dozenaka abade «a divinis» zigorrarekin mehatxatu zituen gotzainak. Horrelako zerbait tokatu zitzaion gerora. Kamiñazpiko kristau taldearekin ari zela, gotzainak parrokiatik  atera nahi izan zuen, baina Imanolek hierarkiarekin apurtu nahiago izan zuen, bere jendea laga baino. Euskaltzale amorratua, Zubi Zahar Ikastolaren sortzaileetakoa izanik,  urteetan idazkari lanak bete zituen.

Idazle porrokatua, kuartel atarian tiroz eraildako Arriola gaztearen bizitza idatzia du, Historia Taldeak argitaratua. Baita ere sei bat kereila idatzi zituen herriko biktima ezagunenak Argentinar Kereilan sartuz, hots, Arriola, Angel, Jhisa, Jose Mari Antxoantesana… Denak kutunak bazituen, ontzi-kapitain honen torturak bereziki atsekabetu zuten, bera harrapatzeko torturatu baitzuen Hidalgok arrantzale xaloa. Kereila hauen aurretik, bere izena emana zuen, beste hamasei Zamorako preso ohirekin batera. Uhin gogorrenetara ohiturik, Imanolek ez zuen inoiz amore eman.

Azkenik, ezin ahaztu zein maitekiro zaindu zuen azkenera arte Mari bere emaztea, alzheimerraz gaixorik ere paseatzera atera ohi zuenean. Detaile arrunta baina adierazgarria.   
Barka iezadazue txostenaren ausardia. Espero dut herritarrek osatuko dutela Imanolen figura sakon eta aberatsa, merezi bezala.