NAFARROA ZUTIK BERRIZ

2016/11/22

Kolore guztiak Iruñeko kaleetan, faxismo guztiak errotik erauzteko

Milaka lagun elkartu dira faxismoaren aurkako martxan . Nafarroako dozenaka eragile sozial, sindikal eta politikok babestu dute egitasmoa

 

Berria 2016.11.20

Ion Orzaiz

Iruñea

Faxismoa ez da soilik kripta bateko hobietan edota ikur frankista zaharretan gordetzen. Kamerarik gabeko komisaria batean ere azalera liteke, Europako mugan dauden burdinazko hesietan, enpresaburu batek sinatutako kaleratze aginduan edota sare sozialetako mezuak zelatatzen dituen po- liziaren sakelakoan. Faxismoak «milaka aurpegi» izan ditzakeela salatzeko, eta horien guztien aurrean «askatasunak» —pluralean ere— aldarrikatzeko, manifestazioa egin zuten atzo milaka lagunek Iruñean.

Nafarroako eragile politiko, sindikal eta sozial gehienek bat egin zuten deialdiarekin —60 baino gehiago ziren—. Alderdi politikoei dagokienez, ordezkaritza zabala izan zen atzoko martxan: EH Bilduko Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz eta Joseba Asiron; Geroa Baiko Itziar Gomez, Unai Hualde eta Koldo Martinez; Ahal Duguko Laura Perez eta Alberto Rodriguez; Ezkerrako Jose Miguel Nuin eta Joseba Ezeolaza; eta PSNko Maite Esporrin, besteak beste. Oro har, Nafarroako Legebiltzarreko ia alderdi guztietako ordezkariak izan ziren atzoko manifestazioan. UPN eta PP bakarrik geratu ziren, beste behin, faxismoaren aurkako mugimenduari bizkarra emanda.

17:30ean abiatu zen martxa, Udaletxe plazatik. Ordezkari politikoek zeramaten Askatasunen alde, faxismoari ez! lelodun pankarta, baina horien atzean, ideologia askotariko jendetza zihoan, Alde Zaharreko karrika estuetan kabitu ezinik.

Jende pilaketaren ondorioz, oso mantso hasi zen manifestazioa, baina horrek ez zuen parte hartzaileen umorea belztu. Kontrara, festa giroa nagusi izan zen ibilbide osoan zehar: fanfarreak, txistulariak, txarangak, txalapartariak... Askotariko doinuak entzun ziren atzo Iruñeko karriketan. Pluraltasun horren isla izan ziren manifestariek oihukatu zituzten leloak ere: gazte mugimenduko kideek botatako «Jo eta ke!» eta «alde hemendik, utzi bakean» ozenak nahasi egiten ziren elkarte memorialistek Espainiako II. Errepublikaren alde abesten zituzten protesta kantuekin. Kolore guztiak, eta doinu guztiak.

Hainbat sektore batuz joan ziren ibilbideko gune ugaritan. Esaterako, gazte mugimenduaren zutabeak Foruen monumentuaren aurrean egin zuen bat manifestazioarekin; kolektibo feministak, berriz, parlamentuaren aitzinean batu ziren; eta beste horrenbeste egin zuten herrietako udaletako ordezkariak eta kolektibo memorialistak, Nafarroa Behereko etorbidean. Pankarta propioa zeraman zutabe bakoitzak. Azken taldea batu zenerako, mi- laka eta milaka lagun ziren Iruñeko karriketan protestan ari zirenak. Udaltzaingoak jakinarazi zuenez, manifestazioaren aurrealdea Erorien Monumentuko agertokira hurbiltzen ari zen aldi berean, atzealdea Sarasate pasealekuan zegoen oraindik.

Askatasun plaza jendez bete zenean hasi zen manifestazio bukaerako ekitaldia. Euskaraz eta gaztelaniaz irakurri zuten manifestua. «Mola, Sanjurjo eta beste militar kolpistak hobitik atera izana» eskertu zioten Iruñeko Udalari, baina gogoratu zuten faxismoa ez dela «oroitzapen txar bat» soilik. Europaren immigrazio politika, mozal legea, gazteen prekarizazioa eta emakumeen aurkako jazarpena aipatu zituzten antolatzaileek, «atzoko, gaurko eta betiko faxismoa egunero» borrokatu behar dela aldarrikatzeko. Ostean, 3.500 krabelin gorri banatu zituzten, 1936ko gerran hildakoen omenez.