Monumentutik atera dute Mola

2016/11/09
Esan baino lehen atera dituzte gorpuzkiak, familiak eskatuta. Azaroaren 16an aterako dituzte besteak. Iruñeko Udalak itun bat egin du artzapezpikutzarekin, helegiterik jar ez dezan.

 Berria 2016.11.09

Iñaki Berastegi Iruñea

Iruñeko Erorien Monumentuko kriptan hobiratuta dauden gorpuzkiak ateratzeko lanak martxan dira. Hobitik ateratzeko lanak azaroaren 16an hastekoak badira ere, urriaren 24an atera zituzten Emilio Mola buruzagi frankistaren gorpuzkiak, familiak eskatuta. Hala jakinarazi zuten atzo Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Maria Victoria Borja udaleko aholkularitza juridikoko zuzendariak, agerraldi batean. Gainontzeko zazpi hobiratuen gorpuzkiak —tartean Jose Sanjurjo buruzagi frankistarenak— azaroaren 16an aterako dituztela berretsi du Asironek.

Memoria historikoaren legea betetzeko Iruñeko Udalak hartu dituen erabakietako bat da Erorien Monumentuko kriptako gorpuzkiak handik ateratzea. Udala eraikinaren jabea bada ere, haren gozamena artzapezpikutzarena da betiko. Hori horrela, udalak akordio bat sinatu behar izan du artzapezpikutzarekin, erabakiaren aurka egin ez dezan.

Akordio horretan, Iruñeko Udalak kripta erabiltzeko eskumena aitortzen dio artzapezpikutzari, eta hobitik ateratzeko lanak «intimitate osoz» egingo direla zehazten da. Hori lortzeko, komunikabideei ez diete utziko kriptara sartzen, eta argazkirik ere ezin izango dute atera. Horretaz aparte, udalak aldez aurretik jakinarazi beharko dio artzapezpikutzari zehazki zenbat pertsonak parte hartu behar duten lanetan. Hobitik ateratzeko lanetan kriptari kalterik ez egiteko konpromisoa ere hartu du Iruñeko Udalak.

Aurka egiteari uko

Baldintza horien trukean, artzapezpikutzak uko egingo dio epaitegietan helegitea jartzeari, nahiz eta alegazio batzuk ez dizkioten onartu. Dena den, Asironek azaldu du artzapezpikutza kriptaren gozamenaren jabe dela aitortzen duen agiriak bi baldintza biltzen dituela bakarrik: kriptan kultuzko jarduerak egin ahal izatea eta kripta egoera onean mantentzea. Hori horrela, Asironek esan du hobitik ateratzeko lanek ez dutela «ezertan eragiten» kultuzko jarduerak egiten jarraitzeko orduan.

Alkateak azaldu du agiri horrek ez diela erreferentziarik egiten kriptan lurperatutakoei, eta esan du legearen aurkakoa litzatekeela erreferentziaren bat egitea: «Gerra irabazi zutenak bertan hobiratuta egoteak esan nahi du legaren kontrako errekonozimendua egiten zaiela». Bestalde, Iruñeko Udalaren aholkularitza juridikoak uste du kriptako lurperatzeek hilerri bat osatzen dutela. Hala, kriptari Nafarroako hileta tokietako osasun araudia aplikatu dakioke, eta, jabetza udalaren denez, hari dagokio kripta hilerri gisa ixteko erabakia hartzea. Horrenbestez, hilerri guztietako araudi bera aplikatuko zaie kriptako gorpuzkiei: familiek denbora tarte bat izango dute gorpuzkiak itzultzeko eskatzeko, eta hori egin ezean, erraustu egingo lituzkete.

Oinarri sendoak

Erabakiaren aurkako alegazio guztiak onartu ez badituzte ere, Asironek azaldu du lurperatuta dauden familiek aukera daukatela epaitegietan helegitea aurkezteko. Hala eta guztiz ere, nabarmendu du kriptaren jabea eta betiko erabilera duena ados jarri direla hobitik ateratzeko prozesuari dagokionez, eta, beraz, horrek eragina izango duela familiek jar ditzaketen helegiteetan: «Artzapezpikutza eta udala ados jarri di- rela kontuan hartuta, ez dakit aldarrikapenek zer funts izan dezaketen». Prozesua eteteko helburuarekin familiek kautelazko neurria eska dezaketela azaldu du Borjak.

Artzapezpikutzarekin oraingoz hobitik ateratzearen inguruan bakarrik hitz egin dutela azaldu du Asironek: «Aurrerago eta zatika aztertuko dugu eraikinaren egoera eta etorkizuneko erabilera».