Mexikon ere Kereilak frankismoaren aurka.
Berria.- 2016.01.29
Jon Ordoñez
Amnesty International erakundeak kereila bat aurkeztu du Mexiko Hirian, 1936an Valladoliden (Espainia) gertatu zen desagerketa bat iker dezaten. Nazioarteko Giza Eskubideen Federazioarekin eta Mexikoko Giza Eskubideen Defentsa eta Promoziorako Batzordearekin batera aurkeztu du kereila, eta desagerketa horretatik hasita 1936ko eta frankismoko krimenak ikertzeko eskatu dute. AIk salatu du Espainiak ateak itxi dizkiola gerrako krimenak ikertzeari, eta egia, justizia eta erreparazioa beste herrialde batzuetan bilatzera behartzen dituztela biktimak. Kereilan salatu dute gerra krimenak eta genozidioa izan zirela 1936ko errepresioan, eta Espainian ez bada beste herrialde batzuetan argitu behar direla.
Mexikoko Fiskaltza Nagusian aurkeztu dute salaketa. Felix Llorente Gutierrezen desagerketa salatu dute zehazki. 27 urte zituen 1936an, eta burdinbideko langilea zen. Uztailaren 28an atxilotu zuten, Medina del Campo herrian, eta abuztuaren 15ean desagertu zen, espetxe batetik bestera zeramatela. Salaketa aurkeztu dutenek azpimarratu dute sekula ez dela desagerketa hori ikertu, Espainiako agintariek ez dutela zer gertatu zen argitu eta inork ez dakiela Llorente non dagoen eta zer gertatu zitzaion. Kasu zehatz horretan espetxez aldatzeko agindua nork eman zuen ikertzeko eskatu dute, onartuta ere litekeena dela hilda egotea.
"Espainiak ez du ikertzen eta ez die uzten beste herrialde batzuei krimen izugarri horiek ikertzen, Argentinako kereilarekin ikusi dugun bezala. Horregatik, beharrezkoa da beste bide batzuk jorratzea", adierazi du Esteban Beltran Espainiako AIko zuzendariak. Salaketan Llorenteren bilobak parte hartu du. Anais Huerta du izena, eta Mexikon bizi da gaur egun. Duela bost urte hasi zen aitarekin aitona bilatzen. "Nire familian sekula ez zen desagerketaz hitz egin", dio Huertak.
Huertak salatu du Espainian desagertuen gaia "giltzapean itxia" dutela. "Espero dugu Mexikoren babesa izatea biktimek urteetan bilatzen dutena aurkitzeko: euren senideak non dauden jakitea, justizia eta erreparazioa", gaineratu du Beltranek. Huertak salatu du milaka familia daudela egoera horretan, eta Espainiako erakundeek ez dietela lagundu informazioa aurkitzen. Zehazki, AIk dio 114.266 direla desagertuak. Horregatik, Llorenterena lehenbailehen ikertzeko eskatu dute, delituen larritasuna aintzat hartuta. "Garrantzi handikoa da Mexikoko agintariek auzia argitzeko egin beharreko frogak egitea", gaineratu du Perseo Quiroz Rendon Mexikoko AIko zuzendariak.
Mexikon irekitzea nahi duten ikerketa horretan Espainiako Gobernuari kolaboratzeko eskatu diote: "Aitzakiak alde batera utzi behar dituzte, nazioarteako erantzukizunei aurrei egin; jada 40 urte dira aurrerapausorik eman ez dela", gaineratu du Espainiako zuzendariak. Zehazki osatu berri den parlamentuari eta osatzear den gobernuari gerrako errepresioaren eta frankismoaren biktimei egia, justizia eta erreparazio eskubidea bermatzeko hartu beharreko neurriak hartzeko eskatu diete: "Amnistia Legea ez dadila nazioarteko zuzenbideko krimenak ikertzeko oztopo izan, krimen horiek preskribatu ez daitezen neurriak hartzeko eta gerrako krimenen eta genozidio krimenen nazioarteko hitzarmena berresteko. Biktimak hiltzen ari dira, eta gizateriaren aurkako krimenak ezin ditugu utzi zigorrik gabe", zehaztu du Ignacio Jovtis A.I.ko ikertzaileak.
Kereila hori, beraz, Argentinan memoriaren aldeko hainbat erakundek abiatu duten ikerketari gehituko zaio, aurrera egiten badu. Quirozek jakinarazi du Mexikon 27.000 pertsona daudela desagertuta, eta salaketa hori aukera bat dela giza eskubideen urraketen arloan norabidez aldatzeko. "Ez dugu nahi Mexikon gertatzea Espainian gertatu dena", idatzi du Mexikoko Amnesty Internationalek Twitterren. Nabarmendu dute Mexikoko konstituzioan 2011n egin zen aldaketak agintzen duela nazioarteko hitzarmenetako giza eskubideak bete beharrekoak direla herrialde horretan ere, eta agintari guztiek dutela horiek bete beharra; giza eskubide horien artean daude biktimei egia, justizia eta erreparazioa emateko eskubidea, eta hori litzateke Huertasen kasua.