Memoria eta Memoriak

2017/11/13
Memoriaren Eguna ospatu dute instituzioek pasa den Azaroaren 10ean, eta horren harira Bizkaiko Oroilore Ikerketa Taldeak bidalitako Agiri bat argitaratzen dugu, gogoeta interesgarri batzuk dituela deritzogulako.

 

MEMORIA ETA MEMORIAK

 

Azaroaren 10 batean...

Juan Lizarriturri Genua (Donostiakoa, 1936), frontean hil zuten.

Azaroaren 10 batean...

Eduardo España Castaño (Bilbokoa, 1936), Luis Irisarri Piquer (Donostiakoa, 1936), José
Lazcano Balanzategui (Eskoriatzakoa, 1936), Guillermo Minguito Marina (Bilbokoa,
1937), Francisco Abrahin Martinez (Leioakoa, 1937), José Azcunaga Aboitiz
(Erandiokoa, 1937), fusilatu zituzten.

Biktima ahaztuak, beste eta beste milaka biktimekin batera, azaroaren 10 batean edo gure
egutegiaren beste edozein egunetan ahaztuak diren biktimak.

Gaur, Azaroak 10, Euskal Autonomi Erkidegoan Memoriaren Eguna ospatzen da, 2010. urtetik
errepikatzen ari den ospakizuna, hain zuzen ere. Zergatik aukeratu zen Azaroaren 10a
Memoria Eguna ospatzeko? Orduan esan zuten egun estigmatizatua ez zelako, egun horretan
atentaturik ez baitzen izan; beraz, terrorismoaren biktimek beraien Memoriaren omenez egun bat
izango zutela errepikatu zuten.

2010. urtean onartu zen adierazpen instituzionalaren 5. puntuak zera dio: “Terrorismoaren biktima
guztiak gogoratu nahi ditugu, inolako salbuespenik gabe: ETAren terrorismoaren biktimak, gaur
egun oraindik euskaldunon bizikidetza mehatxatzen duen talde terrorista bakarra delako; eta GAL,
Batallón Vasco Español eta beste talde terrorista batzuen indarkeria kriminalak eragindako
biktimen sufrimenduak, iraganeko kontua diren arren, aitortza eta ordain berbera merezi dutelako”.

Gainera, argi dago, oraingoz behintzat, espektro politikotik datozen aitortzak data zehatz
batetik aurrerakoak direla, hots, 1960tik 2010erainokoak, kanpoan uzten direlarik
Frankismoak eta beste indarkeria batzuek eragindako biktimak.

Gure ikuspuntutik, funtsezkoa da gogoeta egitea Memoriaren Eguna ospatzeko aukeratu
den egunaren inguruan. Oso zaila da MEMORIAren mapan hildakorik gabeko egun bat aurkitzea, batez
ere kontuan izanik Kanbodiaren atzetik Espainiar Estatua munduko bigarrena dela berreskuratu
eta identifikatu gabeko desagertu gehien dituena, oraindik 120.000 pertsona inguru, tartean
hainbat euskaldun.

Memoria kolektiboa eta anitza sustatzeko, hau da Memoria Integral bat, gure ustez ezinbestekoa da
1936tik gaurdainoko denbora-tartea kontuan hartzea. Data hura izan zelako espainiar Estatuko Herri
guztiek sufritu zuten gaurdainoko erasorik bortitzena, bere ondorioak oraindik sufritzen jarraitzen dugularik.


Memoria selektiboa ala Memoriak?


OROILORE Ikerketa Taldeak uste du erakunde publikoek MEMORIA SELEKTIBOA bultzatzen dutela, hau da, baztertu egiten dituela herri honek 1936ko Kolpe Militarraz geroztik izan  dituen biktima batzuk eta beste batzuk bakarrik onartzen dituela. Horren adibide dira gorago aipatutako datak, memoria egitean kontuan hartzen direnak: 1960-2010.

Euskal Herriaren MEMORIAK kolektiboa izan behar du, biktima bakoitzaren memoria bakoitzak osatzen
duen MEMORIA KOLEKTIBOA.

Uste dugu Memoriak ez duela izan behar amaiera-datarik, orain urratzen ari diren giza eskubideak
bihar gogoratuko ditugulako eta Memoria etengabe eraikitzen doalako.

Bizitzaren eskubidearen urraketen biktimak bakarrik sartzen dira Memorian, ala giza eskubideen
urraketak jasan dituzten beste biktima batzuk ere Memoriaren parte dira?

Memoriaren parte dira motibazio politikoko indarkeria-testuinguruetan giza eskubideen
urraketak eta sufrimendu bidegabeak pairatu dituzten biktima guztiak, elkarrengana batzen eta
elkarrengandik bereizten dituzten elementu guztiekin, gradu edo omenaldi selektiboetan sartu gabe.

Zeintzuk dira Memoriaren helburuak?

OROILORE Ikerketa Taldean argi daukagu zeintzuk diren helburu horiek: bere baitan
1936ko kolpeaz geroztik giza-eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztien MEMORIA bat, eta
helburutzat biktima bakoitzarentzat Egia, Justizia eta Ordaina bilatzea duena, horrela
bakarrik bermatuko delako berriro halakorik gerta ez izatea.

Euskal herritar guztien Memoria?

Euskal Herria osatzen duten 7 herrialdeek eginiko lan a m a i g a b e baten emaitza nahi
dugu, era batera edo bestera gure MEMORIA KOLEKTIBOAREN parte direlako.


Oroilore Ikerketa Taldea
Plentzia-Gorliz-Lemoiz-Barrika
2017ko azaroaren 10a