Mataza askatuz

2023/01/27
'Barbaroak eta zibilizatuak' bere azken liburuan, Atutxak aztertu du nola eraikitzen diren bi kategoria horiek, eta ardatz horretatik ihes egitea proposatzen du, eztabaida beste parametro batzuetan kokatuz.

Ibai Atutxa Ordeñana. EHUko irakaslea eta idazlea

«Tortura justifikatu egiten da euskaldun barbaroaren kontra»

MONIKA DEL VALLE / FOKU
2023ko urtarrilak 7 - Bilbo
Berria

Berriki plazaratu da Barbaroak eta zibilizatuak. Euskal gatazken eskuliburu materialista Ibai Atutxa Ordeñanaren azken liburua (Galdakao, Bizkaia, 1984). Txalapartak argitaratu du, Iparrorratza izeneko sailean. Liburu trinkoa da, baina praktikoa izateko asmoz sortu dena. Atutxak dioenez, «erreminta kutxa» bat izan nahi du, «hizkuntza borroka eta nazio gatazka beste gatazkekin batera pentsatzeko gakoak» eskaintzeko.

Barbaroen eta zibilizatuen arteko harreman dialektiko horretan, zibilizatuak barbaroa behar duela, eta sortu ere egiten duela diozu. Nolakoa da harreman hori?

Bi kontzeptu horiek Euskal Herriko historian etengabe azaleratzen dira, baina une bakoitzean desberdin azaleratzen dira, munduak eta botere harremanek forma berriak hartzen dituztelako. Momentu bakoitzean dialektika horrek funtzionatzen du euskaldun zibilizatua sortzeko, baina euskaldun zibilizatu horrek beti behar du Euskal Herriko komunitate jakin batzuk estigmatizatu. Eta estigmatizatzeko hitz gakoa da barbaroa, basatia. Horrek ahalbidetzen dio zibilizatuari zibilizatua dela eta barbaroak besteak direla esatea, eta merezi duela modernitate demokratiko zibilizatu horretarako sarbide pribilegiatu bat izatea.

Beraz, barbaroarena ez da soilik inperiotik edo kanpoko boteretik datorren izendapena, ezta?

Negu Gorriak taldearen azken diskoan bazegoen kantu bat, Nire baitan daude biak zeritzona. «Zapaltzailea eta zapaldua», esaten zuten kantu horretan. Guk ere gure baitan ditugu biak, zibilizatua eta barbaroa, eta berdin-berdin ditugu, abestiaren letrarekin jarraituz, «tiranoa eta askatzailea». Iruditzen zait euskal gatazkaren edozein narrazio erromantikok galtzen duela hori: badagoela euskal komunitatearen parte garrantzitsu bat, zibilizazioaren, kapitalismoaren eta zisheteropatriarkatuaren eta kolonitatearen aldean jartzen dena.

Liburuan agertzen diren barbarizazio prozesuen artean, aipatzen duzun azkena da «terrorista irrazionalaren» sorrera. Irudi hori nola eraikitzen da?

Barbarizazio prozesu guztietan hizkuntza erabiltzen da barbaroaren diskurtsoa eraikitzeko. Kasu honetan, zapalkuntza harremanak bata bestearen gainean gertatzen dira, eta terrorista irrazionalaren diskurtsoak ere aurretik datozen diskurtso guztiak birziklatzen ditu nolabait. Hor ere hizkuntza erabiltzen da: hizkuntza inposatzen duena izango da antidemokratikoa, eta izaera antidemokratikoa dutenak euskaldun terroristak dira.

Diskurtso bat eraikitzen da, hedabideetatik, sare sozialetatik, instituzioetatik, eta hor berezko izaera antidemokratiko eta biolentoa egozten zaio komunitate bati.

Diozunez, «terrorista irrazionalaren» ezaugarrietako bat da «torturagarria» izatea. Zer garrantzi du torturak menperatze sisteman?

Torturagarritasuna da gaur egungo euskaldun barbarizatuaren zapalkuntzaren ezaugarririk behinena. Euskaldun barbarizatuaren kontra justifikatuta dagoen indarkeria da tortura. Beste zapalkuntzetan indarkeriak justifikatzen dira subjektu edo komunitate bakoitzaren arabera. Migratzaileak Mediterraneoan hil egiten dira ehunka, eta inork ez du hori kuestionatzen; justifikazio naturalizatu moduko bat dago. Euskaldun barbarizatu torturagarriarekin berdin gertatzen da.

Liburuan diozu ikuspegi etnizista batetik Euskal Herri aske bat imajinatzen saiatu direnek ere berenganatu egin dutela euskaldun basaren irudi hori.

Liburuaren abiapuntua da, Euskal Herri aske bat imajinatuko badugu, euskal gatazkak uztartzeko gai izan behar dugula: klase gatazka, sexualitate eta genero gatazka, arraza gatazka, eta hizkuntza gatazka ere bai. 1960ko hamarkadatik aurrera etnia izan da ordura arteko diskurtso zapaltzaileei aurre egiteko kontzeptua, baina etniak berarekin tranpa batzuk ekarri ditu: klub pribatu moduko bat bilakatu da.

Nire etnia modu batera edo bestera justifika dezaket: Oteizak Neolitoa aipatuko luke, beste norbaitek RH negatiboa, edo euskararen jabetza... Baina horrela, komunitate itxi bat sortzen dugu, eta norbaitek kontrolatzen du horretarako sarbidea. Horrek botere harreman batzuk sortzen ditu. Nik diot, Euskal Herri aske bat imajinatzeko, hori zalantzan jarri behar dela, eta pentsatu nola artikulatu batera zapalkuntza eta borroka guztiak.

Horren aurrean, zuk «herri inzibilizatu bat» proposatzen duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Horrekin esan nahi dut azken 500 urteetan barbaro-zibilizatu ardatz horretan mugitu izan garela, handik ihes egin ezinik. Batzuek, euren izaera zibilizatua aldarrikatzeko, beste batzuk barbaro gisa estigmatizatu dituzte, eta beste kasu batzuetan, norbere izaera barbaroaren aldeko aldarri idealizatu bat egin da, euskara munduko hizkuntzarik zaharrena dela eta antzeko diskurtsoekin. Ardatz horretako muturretako batean geldituta, egiten dugun bakarra da ardatza bera elikatzea.

Zibilizatu izan nahi ez badugu, gaur egun zibilizatu izateak indarkeria kapitalista, zisheteropatriarkala eta arrazista dakarrelako, eta geure burua barbaro gisa aldarrikatzeak ardatz hori elikatzea baldin badakar, irtenbidea da ardatz horretatik ihes egitea. Hori da inzibilizatzea: ardatzaren logika bera zalantzan jartzea, eta euskalduntasuna beste parametro batzuetatik pentsatzea. Eta parametro horiek dira borroka emantzipatzaileak, eta borroka horietatik nola artikulatzen dugun gu bat.

Hor euskarak zer leku izango luke?

Euskara erabili bada komunitate oso bat estigmatizatzeko, orduan euskarak bi ezaugarri izango lituzke borroka honetan: borroka eremu bat da, eta, bestalde, desmistifikatu egin behar da —mistifikazio horrek eraman gaituelako ardatz horiek errepikatzera—, eta zenbait borroka gurutzatzen diren lekua bilakatzea.

Ekarpen bat egin nahi izan duzu Euskal herri inzibilizatu hori pentsatzeko norabidean. Erreferente gehiago ikusten dituzu norabide horretan?

Hau elkarrizketa baten parte da, eta horretan jende asko identifikatzen dut, liburuan bertan: Joxe Azurmendiren lana, Joseba Gabilondorena, Joan Mari Torrealdairena, Jule Goikoetxearena, Iratxe Retolazarena, Mari Luz Estebanena... Gaur egun gertatzen ari den eztabaida bati ekarpena egin nahi dio liburuak. Bertso Txapelketaren finala ere horren adibidea izan da, behin baino gehiagotan mahai gainean jarri delako hori: Euskal Herriko hizkuntza borrokaz gain, beste borroka batzuk batera pentsatzeko gai izan behar dugula. Literaturan eta herri mugimenduetan ere badago eztabaida hori.