Gasteizko gertaerak ikertzeko kereila artxibatu izana salatu dute ehunka lagunek epaitegien aurrean. Gaur da sarraskiaren 41. urteurrena
2017-03-03 / Beñat Alberdi
Berria
Joan den astean artxibatu zuen Gasteizko epaitegiak Arabako Aldundiak eta Batzar Nagusiek martxoaren 3ko gertakariak argitzeko aurkeztutako kereila, eta atzo hori salatu zuten ehunka lagunek Gasteizko epaitegien aurrean. ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT, CCOO eta UGT sindikatuek deituta egin zuten bilkura. Kasua artxibatzeko «frankismoko legeak» erabili izana egotzi zien epaileei Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideak. «Beste bide bat bada: nazioarteko legediari kasu egitea», esan zuen.
Epaitegiak bi argudio erabili zituen kereila artxibatzeko. Batetik, gertaerak ezin sailka daitezkeela genozidio edo gizateriaren aurkako krimen gisa, 1976an jazo zirelako eta sailkapen hori ez zelako Espainiako Zigor Kodean sartu 2003 arte. Eta, bestetik, preskribatuta dagoela kasua, 40 urte igaro direlako gertaeratik kereila jarri den arte.
Nazioarteko legeak nabarmendu ditu Martinezek: «Nazioarteko justiziak dio gizateriaren aurkako krimenak ezin daitezkeela preskriba edo amnistia». Espainiako epaileek lege horiek bete beharko lituzketela salatu du. «Hori eskatzeko batu gara Justizia Jauregiaren aurrean». Antzera mintzatu dira LAB eta ELA sindikatuak. «Kontraesan nabarmena dago Espainian», esan du Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak: «Hemengo epaileek Espainiako arauak aplikatzen badituzte, zigorgabetasuna eta preskripzioa daude. Baina, nazioartekoak aplikatzen badituzte, justizia posible da».
Frankismoarekiko jarrera
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Espainiak frankismoarekiko daukan jarrera salatu du: «Espainian frankismoa eta frankistak zaintzen jarraitzen dute». Jarrera hori zuzentzeko joera baino gehiago, indartzeko joera igarri dutela nabarmendu du, azken egunetako gertaerak gogoratuz. «Txiolariak zigortu dituzte, Franco bere lekuan omendu ahal izateko aukera bermatu dute, eta, gure ustez larriena, martxoaren 3koa artxibatu dute». Martxoak 3 elkartearen eta frankismoaren aurkako krimenen euskal plataformaren lana goretsi du: «1970eko hamarkadatik aurrera jaiotakook aukera izan dugu, euren lanari esker, gertaera hauek ezagutzeko, jakiteko eta justizia eskatuz borrokatzeko».
Ignacio Funes ESK-ko kideak espero du ez igarotzea beste 41 urte onartzeko martxoaren 3ko gertaerak «erailketa» bat izan zirela eta erantzule politikoak dauzkatela. Susana Egia Steilas-eko kideak, berriz, ohartarazi du ezin dela onartu «errudunak nortzuk diren jakinda, inongo zigorrik ez egotea beraientzat».
41. urteurrena, gaur
1976ko martxoaren 3an, Espainiako Poliziak tiroz desegin zuen langileen batzar bat, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan. Bost langile erail zituen, eta ehunka zauritu. Gertaeratik 41 urte beteko dira gaur, eta data hori oroituko dute: EH Bilduk biktimak oroituko ditu eguerdian, Zaramaga auzoko oroitarrian, eta han parte hartuko du Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak. Biktimen elkarteak, berriz, 18:30ean eskainiko du bere omenaldia. Ondoren, manifestazio bat irtengo da Zaramaga auzotik Andre Maria Zuriko plazara, sindikatuek deituta.
Gaur egingo diren ekitaldietan ez ezik, atzo ere oroitu zituzten biktimak. Errekaleor auzoan omenaldi bat prestatu zuen Errekaleor bizirik plataformak, eraildako bat auzokoa zelako.
Bihar, berriz, EH Bilduk beste omenaldi bat egingo du Dulantzin (Araba).