Martxoak 3: Irlandan ere gogoratzen

2016/09/17
Martxoaren 3ko memoria Irlandan. Gasteizko 'igande odoltsuaren' gertaerak eta garaia azaltzen dituen aldizkari monografiko bat prestatu du Dublingo historialari talde batek, sarraskiari buruz nazioartean dagoen argitalpen faltak bultzatuta.

Berria.- 2016.09.17

 

Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ivan Santamaria

Lau urteko tartea dago Derryko Bloody Sunday (igande odoltsua) eta Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiaren artean. Bi gertaerak dira boterearen errepresio bortitzenaren erakusle. 40 urte geroago, ordea, Ipar Irlandakoa aski ezaguna bihurtu da nazioartean, baina Gasteizkoari proiekzio hori falta izan zaio. Orain, Zaramagako hilketen memoria nazioartera zabaltzeko ahaleginak beste bultzada bat lortu du, nondik eta Irlandatik bertatik.


Massacre in Gasteiz: The Basque Country's Bloody Sunday(Gasteizko sarraskia: Euskal Herriko igande odoltsua). Izenburu hori jarri diote Irlandako historialari talde batek kaleratu berri duen aldizkari monografikoari. 1976ko gertaerak eta testuinguru historikoa azaltzen ditu argitalpenak, ingelesez. Oraingoz, 400 ale jarri dituzte salgai, eta Dublingo Sinn Feinen dendan eta Connolly Books liburu dendan aurki daiteke. Australiatik eta AEBetatik jaso dituzte eskaerak jadanik. Irlandako leku ezberdinetan aurkezpen publikoak programatuko dituzte, halaber.

«Oso gutxi dago publikatuta ingelesez sarraskiari buruz, eta Euskal Herriko historiaren inguruan idatzi diren liburu ugaritan oso azaletik jaso da», adierazi du Stewart Reddin historialari eta edizio taldeko kideak. Orain dela pare bat urte, Gasteizen izan zen Reddin bera, eta Martxoak 3 elkarteak antolatzen duen bisita gidatuan pare hartu zuen.

Irlandako Artxibo Nazionaletan egon zitezkeen erreferentziak arakatzeari ekin zioten ondoren. Material ugari zegoenez, artikulu batetik haratago jotzea deliberatu zuten. «Hor sortu zen ideia ingelesez hiztunentzako aldizkaria egiteko, sarraskiari buruzko ezagutza zabaldu eta Gasteizko jendeari elkartasuna adierazteko», azaldu du. Historiari buruzko argitalpen ezberdinetan aritutakoa da Reddin, eta Irlandan bada halakoentzako merkatua. «Lotura historiko eta politiko handia egon da Irlandaren eta Euskal Herriaren artean, eta uste dugu harrera ona egingo zaiola hemen».

2011. urtean, harreman ofizial bat abiatu zuten Martxoak 3 elkarteak eta Bloody Sunday ekinaldiak. Derryko ordezkaritza bat izan zen Zaramagan, babesa adierazteko. Euskal Herrian eta Espainian aspaldi abiatutako justizia eta aitortza eskeari nazioarteko dimentsioa eman zion horrek. «Mugarri garrantzitsu bat izan zen, inpunitatearen auziari kanpora begirako proiekzio bat ematen lagundu zuelako», gogoan dute elkartean. Elkartasun talde bat ere badute irlan: Cairde Martxoak 3 Ireland.

Irlandako aldizkariaren argitalpena ere justizia eskaera horren aldarrikapena indartzeko bitartekotzat jo dute. «Zigorgabetasun eredua ezagutarazteko tresna berria da. Estatu egiturei presio egin behar zaie leku guztietatik, inpunitatea hamarkadetan elikatu den munstro bat delako», azpimarratu dute.

Zortzi artikulu

Michael Nolan diseinugilearen laguntza izan dute aldizkaria sortzeko. Orotara, zortzi artikulu luze dira, Irlandan eta Euskal Herrian idatzitakoak. Badago Paddy Woodworth kazetariaren ekarpen bat. Sarraskia gertatu zen garaian, Bizkaian bizi zen Woodworth, eta Euskal Herriarekin harremanari eutsi dio harrezkero.

Eduki gehiena Gasteizko sarraskiari eskaini diote egileek. Gertakizuna, orduko testuinguru historikoa eta biktimek egindako kanpainak azaldu dituzte, besteak beste. Baina aukera baliatu nahi izan dute Irlandan gutxiago ezagutzen den eta hemen ia ezezaguna den gertakari bati buruzko erreportaje bat sartzeko: 1913. urteko Dublingo itxiera patronala.

Derryko eta Gasteizko gertaeren arteko lotura nabarmena da. Antzeko garaia, estatu boteretsu baten errepresio armatua zibil armagabetuen aurka eta biktimen borroka luzea bertsio ofizialen aurka. Zoritxarrez, Derrykoa ez zen izan Irlandako historiako lehen igande odoltsua. Definizio hori 1913. urteko abuztuan erabili zen lehen aldiz, Dublingo itxiera patronalaren barruan gertatutako istilu latzenak deskribatzeko.

«Nahi zuten sindikatua aukeratzeko borrokatu ziren langileak gatazka horretan», azaldu du Reddinek. Poliziak sindikalisten aurka jo zuen, eta bi lagun hil eta 300 baino gehiago zauritu zituen. Martxoaren 3ko langile borrokarekin dagoen harremana ez zaio oharkabean pasatu historialariari. «Posible da paralelismo ugari aurkitzea Euskal Herriko eta Irlandako gatazka kolektiboen artean», haren ustez, eta argitalpenak ezagutza horretan laguntzea espero du. «Gatazka horietan egon diren pertsona arrunt askoren istorio ezezagun ugari daude oraindik», azpimarratu du.