Martxoak-3: Borrokaren "uzta", gertuago
Berria.- 2016.03.04
Edurne Begiristain
Denborak ez du ahitu martxoaren 3ko biktimen kemena. Berrogei urtek ez dute isildu egia, justizia eta ordaina lortzeko eskaria. Are gehiago, egun inoiz baino indartsuago daude. Gasteizen izandako sarraskiaren 40. urtemugak indarberritu egin ditu orduko biktimen aldarrikapenak, eta «mugarria» ezarri du gertaeren erantzuleen zigorgabetasuna amai dadin. Urteotan egindako borrokaren «uzta» jasotzeko ordua iritsi zaiela azpimarratu dute biktimek Gasteizen antolatu diren omenaldietan. Izan ere, Europako Parlamentuak aintzat hartu du euren salaketa, Argentinan frankismoaren krimenen kontra hasitako kereila ari da bere bidea eginez eta erakundeen «ahanztura» amaituz doa. Haatik, beste aldarrikapen asko oraindik lortzeke daudela gogoratu dute: hala nola, «zigorgabetasuna» amaitzea, frankismoaren biktimei «aitortza politiko eta juridikoa» ematea, Espainiako Estatuak giza eskubideen nazioarteko araudia «zorrotz betetzea», biktimek «justizia, egia eta ordaina» jasotzea eta Europako arduradunek Memoria Historikoaren politikak aurrera eramatea.
Gasteizko sarraskiaren 40. urtemuga gogoratzeko egunean, biktimen aldarrikapenen oihartzuna inoiz baino ozenago entzun zen atzo. Espainiako Poliziak Gasteizen hildako Pedro Maria Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Perea oroitzeko eguna izan zen; baina baita Basauriko (Bizkaia) eta Tarragonako (Herrialde Katalanak) protestetan hildako Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Antonen memoria gordetzeko eguna ere. Orduan zauritutako eta hildako biktimek eta haien senideek gizartearen, alderdien eta erakundeen besarkada beroena jasotzeko eguna izan zen.
Inoizko babes zabalena eman zieten martxoaren 3ko biktimei alderdi politiko eta erakundeek. Goizetik bertatik nabaritu zuten elkartasun hori, Gasteizko Udalbatzak harrera eta omenaldi xumea eskaini baitzien udaletxean biktimei. Hildako bost gasteiztarren familiei oroigarri bana eman zien Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, «maitasun eta gertutasun» adierazgarri gisa. Ekitaldiari batu zitzaizkien Arabako foru gobernuko kideak eta Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzako ordezkariak ere. Biktimen eskariekin bat egin eta «urratsak» egitera deitu zituen Urtaranek Espainiako agintariak, gertatutakoa ikertu eta erantzukizunak argitu ditzan.
Eusko Legebiltzarrak ere galdegin zuen martxoaren 3ko gertaerak ikertzeko, EAJ, EH Bildu, PSE eta PPren botoekin. Eztabaidak, baina, tirabirak sortu zituen, eta, ondorioz, PPko legebiltzarkideek saioa tarte batez utzi, eta Gorka Maneiro (UPD) aretotik egotzi zuen presidenteak.
Plaza, elkargune
Urtero legez, San Frantzisko elizaren inguruko plaza omenaldi eta aldarrikapenen topagune bilakatu zen egun osoan. Duela 40 urteko martxoko arratsalde hartan poliziak eliza barruan bilduta zeuden milaka lagun tiroz atera zituen toki berean ehunka gasteiztarren elkargune bilakatu zen. Biktimen oroitarria lorez apaindu zuten goizean LAB, ESK, CCOO eta SAT Andaluziako sindikatuetako ordezkariek, baita udalbatzako ordezkari guztiek ere.
Ezker abertzaleak omenaldi propioa eskaini zien hildakoei, ohorezko aurreskua eta lore eskaintzarekin. Ekitaldian, Miren Larrion zinegotziak Gasteizen eta Euskal Herriaren etorkizuna «memoriaren gainean» eraikitzeko apustua berretsi zuen. «Duela 40 urte, plaza honetan gas usaina zegoen, baina aldaketa usaina eta grina nagusi ziren». Orduan bezala, «aldaketaren lorea» Euskal Herri osora hedatzera deitu zituen herritarrak.
Iluntzean, manifestazio jendetsua egin zen, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deituta. Aurreneko aldiz, kontrako bidea egin zuen protestak —Andra Mari Zuriaren plazan hasi eta Zaramaga auzoan amaitu zen—, duela 40 urte poliziak hildakoak bizkarrean hartuta gasteiztarrek egindako ibilbidea gogora ekarrita. Sindikatuek azpimarratu zuten konpromisoak hartzeko eguna ere bazela atzokoa, eta langileak animatu zituzten «urtetako borrokarekin jarraitzera».
Manifestazioaren amaiera hunkigarria izan zen, sinbolismoz betea. San Frantzisko elizaren hormetan proiektatutako irudiek eta petardoen hotsek Zaramaga auzoan izandako triskantza gogora ekarri zuten. Lluis LLach kantariaren abestiaren pasarte bat gogoan hartuta, zigor gabe jarraitzen dutenei eta asteon oroitarriari eraso egin dietenei mezua bidali zieten biktimek: «Gure memoriak betirako jazarriko zaizkizue».