Martin Villa epaitzeko bidean

2020/07/17

Krabelin malkoak, tantaka

Espainiako Polizia Armatuak German Rodriguez tiroz hil zuenetik 42 urtera, «justizia» eskatu du 78ko Sanferminak Gogoan taldeak, «inpunitatea erauzteko».

Ehunka pertsona bildu dira German Rodriguezen omenezko oroitarriaren inguruan, krabelinak uzteko.Ehunka pertsona bildu dira German Rodriguezen omenezko oroitarriaren inguruan, krabelinak uzteko. IDOIA ZABALETA / FOKU 

Ion Orzaiz - 

2020ko uztailak 9 
 0  

Tantaka. Lore-orri zuriak eta gorriak, bata bestearen atzetik, harriaren gainean pausatzen. Aurten, uholderik ez; banan-banan isuri dira krabelinak, malkoak balira bezala, German Rodriguezen oroitarriaren gainean. Ilaran jarri da jendea, 1978ko uztailaren 8an Rodriguez zerraldo erori zen tokiaren aurrean makurtu eta, hari gorazarre egiteaz gain, «egia, justizia eta ordaina» aldarrikatzeko.

Urtero, ekitaldia antolatzen du 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak, Orreaga etorbideko oroitarriaren aurrean. Aurten, 1978ko sanferminen 42. urteurrenean eta COVID-19ak eragindako egoera ezohikoak behartuta, beste era batera prestatu behar izan dute omenaldia: goiz osoan oroitarriaren aurrean krabelin zuriak eta gorriak paratzeko deia egin zuten antolatzaileek iragan astean, jende pilaketak eragozte aldera.

Hala egin dute askok, eta, goizean goizetik, kolorea ematen hasi zaizkio harri gris berdekarari. Lore gorri bat, beste bat. Maskarek estalitako musu isilak eta segurtasun tartedun besarkadak. Tantaz tanta, baina, betez joan da etorbide zabala.

Lore eskaintza eginda ere, ingurumarietan gelditzea erabaki dute familia eta kuadrilla askok. Deialdiarekin bat egin dute kultura munduko, sanferminetako eta Iruñeko hainbat gizarte mugimendutako eragileek, eta Jarauta 69 txaranga ere bertaratu da, jai giroko piezekin ez ezik, protesta kantuekin ere giroa gozatzeko. Eguerdirako, ehunka pertsona daude Orreaga etorbidean bilduta. «Arduraz» jokatzeko mezuak, megafonotik: «Ea, mesedez, markak jarri ditugu zoruan, jendea toki berean pilatu ez dadin. Gorde ezazue segurtasun tartea», esan dute antolatzaileek, behin eta berriz. Maskarak janzteko ere eskatu dute: «Ez da aukerazkoa; jantzi behar dituzue halabeharrez». Bertaratuak saiatu dira neurriak betetzen, baina, jadanik, beste urte batzuetako tamaina hartua du jende oldeak. Zaila da segurtasun tarteak errespetatzea.

Beste urte batzuetan baino ekitaldi «xumeagoa» egin nahi izan dute 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kideek: bi dantzarik aurreskua dantzatu dute oroitarriaren aurrean, eta Sarai Robles bertsolariak bertsoz oroitu du German Rodriguez. Horren ostean, hitza hartu du Amaia Kowasch elkarteko bozeramaileak. «Inpunitatea erauzteko» deia egin du: «[Rodolfo] Martin Villa [Espainiako Gobernazio ministro ohia] epaitu behar dute. Dagoeneko inputatuta dago Argentinako kereilan; espero dezagun hori lehen urratsa izatea, frankismoko eta Trantsizioko erailketen inpunitatea ezerezean uzteko».

Bi kartel handi paratu dituzte Rodriguezen omenezko oroitarriaren alde banatan: 78ko Sanferminak Gogoan elkartearen ikurra, krabelin gorriz eta zuriz osatua; eta elkarteko kide zen Antonio Salinas Madero-ren argazki handi bat. Hari ez ezik, Argentinako kereilako sustatzaile izandako Jose Maria Galante Chato-ri ere gorazarre egin diete. Berriki hil ziren biak ala biak, COVID-19 gaitzak jota. «Justizia lortzeko egin zituzten ahaleginak gauzatuta ikusi gabe utzi gaituzte bi borrokalariok, eta, bitartean, Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño-ren gisako torturatzaileak mundu honetatik joan dira, beren domina eta aintzatespen instituzional guztiekin», esan du Kowaschek.

Ekitaldian, halaber, gogoan izan dituzte 1978an Donostian hildako Joseba Barandiaran, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiaren biktimak eta baita 1978ko sanferminetan Espainiako Poliziak zauritutako pertsona guztiak ere.