TORTURA
'Zabalza auziko' agiriak desklasifikatzea baztertu du Grande-Marlaskak
Mikel Zabalzaren hilketaren auzia eta horren inguruan zabaldu diren grabazioak hizketagai izan dituzte Espainiako Kongresuan, Aitor Esteban EAJko diputatuak Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari galdetu baitio gaiaz. Estebanek hitzez hitz irakurri ditu Pedro Gomez Nieto kapitainaren eta Alberto Perote CESIDeko koronelaren elkarrizketan esaten direnak, eta ministroari eskatu dio auziaren inguruan gobernuaren esku dauden dokumentuak desklasifikatu ditzala, baina Grande-Marlaskak erantzun dio gobernuak ezin duela hori bere kabuz erabaki, eta hori epaile batek eskatu beharko liokeela.
Zabalza (Orbaizeta, Nafarroa, 1952 - Endarlatsa, Nafarroa, 1985) 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren gorpua hiru aste geroago agertu zen, Bidasoa ibaian, Endarlatsa inguruan. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Ikerketa artxibatu egin zen, besteak beste, Zabalza hil zutela ezin frogatuta.
Orain, Non dago Mikel? dokumentalaren dokumentazio lanaren harira zabaldu den grabazioaren edukia jada aztertu zuten epaitegiek; 2004aren bukaeran, El Mundo-ko kazetariek audio artxiboa eskuratu zuten, eta epailearen esku utzi. Ikerketa berriak abiatu zituzten, baina azkenean ebatzi zuten audioak ez zuela nahikoa kalitaterik froga gisa kontuan hartua izateko.
Hori bera azaldu du Grande-Marlaskak Estebani; Gipuzkoako Auzitegiak auzia ikertu zuela, baina orain zabaldu den grabazioaren edukia ere, baina ez zutela nahikoa frogatzat jo. Gaiak auzibidean eginiko ibilbidea xehatu du ministroak bere hitzaldian.
«Uste duzu ez dagoela auzirik? Ez dut sinisten», erantzun dio Estebanek, eta gogorarazi zergatik artxibatu zen auzia: froga faltagatik. «Baina gobernuak egin dezake zerbait: baditu frogak», esan dio; hortaz, eskatu dio gaiari buruzko dokumentazioa desklasifikatzeko -egun sekretupean dago-, epaile batek aztertu eta, hala erabakiko balu, kasua berriro zabaltzeko.
Bestalde, gogorarazi dio fiskal nagusiak, Espainiako Gobernuak izendatutakoak, baduela eskumena auzibidean eragiteko eta auzia berriro zabal dadila eskatzeko. Era berean, oroitarazi dio Nafarroako Parlamentuak aho batez eskatu duela audioak «sakonki» ikertzeko.
Grande-Marlaskak, ordea, baztertu egin du dokumentu horiek gobernuak bere kabuz desklasifikatzea. Izan ere, argudiatu du horrek eragingo lukeela auziari buruzko balorazio juridikoak egitea auzitegien «paraleloan»; hori eginda, gobernuak magistratuei iradokiko liekeela kasua zabaldu behar dutela. Ate bat zabalik utzi du, halere: epaileren batek auzia berriro zabaltzea eta gobernuari dokumentu klasifikatuak eskatzea.
Adierazpen «onartezinak eta mingarriak»
Grande-Marlaskaren hitzak «onartezinak eta mingarriak» direla adierazi du, berriz, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputauak: «Barne ministroak bertsio ofiziala goraipatu du, bere garaian «ikerketa judizial ezin hobea eta konplexua» egin zela defendatuz eta alde batera utziz Zabalzaren heriotzagatik oraindik inork ez duela ordaindu».
Aizpuruaren arabera, Marlaskaren hitzek «beste behin» erakusten dute «estatuko botereek tortura isilpean eta inpunitate osoan mantendu» nahi dutela: «Guztiz onartezina da, are gehiago legearen betebeharraz horrenbeste hitz egiten diguten horiengandik etorrita. Ulertezina da Gobernuak iraganeko kasu itxitzat jotzea indar armatuetako kideen parte hartzea eta zigorgabetasuna ikertzea».