Bere heriotzatik "vox populi" izandakoa, frogatu da orain

2021/10/01
Txabi Etxebarrietak hil zuen ETAren lehen biktima, eta Etxebarrieta bera izan zen talde armatuko lehen hildakoa. Esan izan da tiroketa batean hil zela, baina Bucesek 1968ko txostenetara jo du: bigarren tiroa bizkarretik eman zioten.

Memoria historikoa

Txabi Etxebarrieta, kontakizun partzial baten «kasu paradigmatikoena»

 

 

Jon O. Urain

 

2021eko irailak 22
Berria

Frankismoaren azken urteetan giza eskubideen urraketen biktima izan ziren izen-abizen asko jaso ditu Javier Buces Aranzadiko historialariak (Sevilla, 1982) bere tesian, baina bat nabarmentzen da: Txabi Etxebarrieta. ETAko kidea zenaren autopsia eskuratu du Bucesek, eta, horretan oinarrituta, sektore batzuetatik eraiki den kontakizunari aurre egitea izan du jomugan: «Tesian lantzen diren kasuetako bat da, aipatu gabe doan beste helburu bat betetzeko: diktadura gozotzen ari den mugimendu historiografikoa desegitea». Biktimen Oroimenezko Zentroak eginiko lanak dira mugimendu horren adibide.

«Etxebarrieta da zuriketa horren kasu paradigmatikoena, Manzanas edo Begoña Urroz baino gehiago», Bucesen iritziz: «Akademiaren paradigmaren pean, proiektu nazionalista espainiarra ezkutatzen du, eta obsesioa dauka ez soilik ETA deslegitimatzeko, baita euskal nazionalismo eta independentismo osoari zilegitasuna kentzeko ere». Ez alferrik: «Hain zuzen ere, euskal nazionalismoa eta independentismoa izan zen diktadura benetan zalantzan jarri zuena, eta munduari euskal gatazka eta diktaduraren errepresioa ezagutaraztea aldarrikatu zuena».

ETAren lehen biktima hil zuen Etxebarrietak; 1968ko ekainaren 7an, Adunatik Villabonara bidean (Gipuzkoa), errepide kontrol batean geratu zituzten Etxebarrieta eta Iñaki Sarasketa. Etxebarrietak tiro egin zion Jose Pardines guardia zibilari, eta ihes egin zuten. Ihesean, Tolosako Bentaundin kontrol batekin egin zuten topo, eta bertsio ofizialak dio Etxebarrieta tiroketa batean hil zutela.

1968ko txostena

Zergatik Etxebarrieta? Ikerlariak gogora dakar 2018an argitaratu zutela Pardines: cuando ETA empezó a matar (Pardines: ETA hiltzen hasi zenean) liburua: «Txosten forentse bat dago txosten polizial baten barruan, eta hor aztertzen dira Pardinesen nahiz Etxebarrietaren heriotzak». Txosten hori Ferrolgo Artxibo Militarrean dago: «Ikerketa polizial bat da, gertatutakoa argitzeko. Liburuaren egileek Etxebarrietaren figura deslegitimatzen dute, eta hildako guardia zibilarena nabarmentzen». Nola? «Informazio historiko bat dago; Pardinesek bost tiro jaso zituela hurbiletik, eta, beraz, hil egin zutela; ez zela borroka batean hil, ezker abertzaleak esan izan duen bezala. Eta esanez Etxebarrieta bai hil zela borroka batean». Txosten polizial horretan Pardinesen autopsia dago, egiaztatzen duena bost tiro jaso zituela. «Hortik aurrera eraikitzen dute liburua, txosten forentsean oinarrituta».

Pardinesi buruzko liburuan, ordea, ez zaio inolako aipamenik egiten Etxebarrietaren txosten forentseari, agiri berean egon arren; lau orrialde atzerago, Bucesen hitzetan: «Kontakizun bat egitea bilatzen dute, ez egia akademikoa kontatzea: Pardines hurbil hil zutela eta Etxebarrieta borroka batean hil zela». «Asko kostata», lortu zuen txosten hori, eta ikusi zuen Etxebarrietak tiro bat zeukala bizkarrean: «Horrez gain, ikusi genuen bi guardia zibilen deklarazioak kontraesanezkoak direla, bi guardia zibil horiek izan zirela euren kidearen hilotza ikusi zuten lehenak, instrukzio epailea beste guardia zibil bat dela... Ikusi dugu Etxebarrieta ere hil zutela, erabat babesgabe zegoela emandako tiro bat zeukala».

Baztertutako datua

Elementu hori, ordea, ez dute jaso Pardinesi buruzko lanean; «alde batera utzi dute», Bucesen esanetan. Haatik, liburuak bide oparoa izan du: horretan oinarrituta, dokumental bat egin zen, eta telesail bat gero: La linea invisible. Buces: «Kontakizun bat sortzen da. Etxebarrietaren kasua paradigmatikoa da: ez da aitortua izan diktadura bateko Guardia Zibilaren bertsioa eta Etxebarrietaren familiarena daudelako; eta senideena askoz gehiago gerturatzen da txosten forentseak dioenera». Beraz, haren arabera, «bertsio ofizial bat» dago, «Begoña Urrozekin egon zen bezala, informazioaren parte bat kontzienteki alde batera uzten duena. Pardines hil zuten, eta Etxebarrieta ere bai. Zertara dator hori ezkutatzeko asmoa? Gizarte heldu batean bizi gara».