Lekukotza gehiago
Berria.- 2016.09.16
Ibai Maruri Bilbao
Frankismoaren aurkako Argentinako kereilaren barruan beste bi lekukotza jasoko dituzte datozen egunetan, Maria Servini epaileak eskatuta. Hala jakinarazi zuen atzo Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak, Bilbon egindako agerraldian. Frankistek Markina-Xemeinen (Bizkaia) hildako Jose Sagarna abadearen iloba Gorka Sagarnak bihar deklaratuko du Gernika-Lumoko epaitegian. Luis Ortiz Alfau gudari bilbotarrari, berriz, Bizkaiko hiriburuko Buenos Aires kaleko epaitegian hartuko diote deklarazioa, 26an.
Sagarna Markina-Xemeingo Larruskain auzoko parrokoa zen gerra hasi zenean. Molina komandante frankistaren esanetara zegoen taldeak harrapatu zuen, 1936ko urriaren 19an. Begiak tapatu, eskuak lotu, eta Amulategi baserria dagoen gainera eroan zuten. Hilaren 20an fusilatu zuten, epaiketarik egin barik. 24 urte zituen. «Aurreko parrokoarekin eta auzokideekin desadostasunak zituen inguruko kazike baten salaketa nahikoa izan zen heriotza zigorra jartzeko», kontatu du ilobak.
Sagarnaren meza-mutila zen Juan Zabalak ikusi zuen hilotza. Hala gogoratu du kontakizuna Gorka Sagarnak: «Odolez betetako gorputza kamioneta batean zekartela ikusi zuen. Baita zelan lurperatu zuten ere, bota motzak jantziak zituela, Larruskaingo hilerrian, hilkutxarik gabe, txakur baten pare». Zabalak markatzen zuen hilobia, aldiro-aldiro, makila bat lurrean sartuta. 1936ko udal agintariek artxiboan jaso ere ez zuten egin hilketaren berria. Familiak Bilboko Elizbarrutiaren dokumentuetan aurkitu du heriotza agiria.
Urrian ehun urte beteko ditu Luis Ortiz Alfau gudari bilbotarrak. Izquierda Republicanaren Casero Kapitaina Batailoian eman zuen izena, estatu kolpea jo eta berehala. Legutio, Otxandio eta Intxortako fronteetan borrokatu zen, eta Bilbo erori zenean Kantabrian ibili zen. Gerora, Eskiatzaileen Batailoian eman zuen izena, eta Kataluniako Pirinioetan borrokatu zen, frankisten aurka. Gurseko (Frantzia) errefuxiatuen gunean egon zen, Bilbora itzultzea erabaki zuen arte. Baina Irunen (Gipuzkoa) atxilotu zuen Guardia Zibilak. Deustuko kontzentrazio esparruan egon zen; baita Miranda Ebrokoan ere (Gaztela eta Leon, Espainia). 1940ko udan, behartutako lanak egiteko izena ematera derrigortu zuten.
Bi lekukotza horiek jasotzen diren bitartean, plataformako kideek elkarretaratzeak egingo dituzte epaitegien atarietan, 12:00etan. Irailaren 26an, gainera, beste ekitaldi bat egingo dute: 11:00etan Espainiako Armadak Bilbon duen komandantzian elkartuko dira, Udondo kargaontziko 42 marinelak omentzeko. Galizian zeudela atxilotu egin zituzten, eta fusilatu. Tartean euskal herritar bat zegoen: Morgako (Bizkaia) Teofilo Zorroza Gezuraga.
Argentinako kereilaren barruan, dagoeneko, sei testigantza jaso dira Euskal Herrian. Lau deklarazio Servinik berak hartu zituen 2014an etorri zenean: Kaltzada neba-arrebei, Gernika-Lumoko epaitegian; eta Pedro Estonba eta Aitzol Azpirozi, Donostian. Uztailean, berriz, Barakaldoko epaile baten galderak erantzun zituzten Jose Moreno eta Manuel Sagastibeltza gudariek.
Plataformako kideek espero dute aurki PCE Espainiako Alderdi Komunistako militante torturatu baten eta Tasio Erkiziaren lekukotzak jaso ahal izango direla. Gainera, Ondarroako (Bizkaia) familia batek jakin berri du osaba Torrelavegan (Kantabria, Espainia) hil zietela, eta han dagoela hobi batean lurperatuta, ehundik gora gorpurekin batera. Ikertzen hasiko direla jakinarazi dute.