Legea egokituz gero..

2018/09/20

Apirilerako erabakiko dute Erorien Monumentua bota ala ez

Ideia-lehiaketa proiektu bat aurkeztu du Iruñeko Udalak. Aukera emanen dute eraikina mantendu, aldatu ala eraisteko

JON ORZAIZ, Berria

Iruñeko Erorien Monumentua, artxiboko irudi batean.Iruñeko Erorien Monumentua, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2018ko irailak 19 
   0  
Sei hilabeteren buruan, erabakita geldituko da Iruñeko Erorien Monumentuaren etorkizuna. Horretarako, ideia lehiaketa bat antolatu nahi du Iruñeko Udalak udazken honetan, proposamenak jaso eta bost proiektu finalisten artean hautatzeko. Eraikina bere horretan utzi —ikur frankistak kenduta—; goitik behera eraldatu; ala bota, eta berritik hasi eremua urbanizatzen. Aukera guztiak mahai gainean jarri ditu Iruñeko Udalak. Eta baldintza bakar bat: aurkeztutako proiektu guztiek «esanahi berria» eman beharko diote espazio horri, «memoria historikoarekin bat etorrita».

Atzo aurkeztu zuten egitasmoa Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi Joxe Abaurreak. Aurretik, elkarte memorialistei aurkeztu zieten proposamena, eta gaurko Hirigintza Batzordean eztabaidatuko dute. Beharrezko babesa lortuz gero, urrian abiatuko da prozesua, eta heldu den urteko apirilerako amaitu.

Orain arte, mausoleo frankistaren auzian, bi kritika kontrajarri jaso ditu Iruñeko Udalak. Alde batetik, monumentua botatzeko aukera baztertu izana leporatu dio Ezkerra taldeak Asiron alkateari; bestetik, UPNk gogor kritikatu du udal gobernu taldea, kontrakoarengatik: eraistea aukera gisa planteatze hutsagatik, alegia. Atzo, alkateak argi eta garbi adierazi zuen ez dutela ezein aukera baztertu. Ezta eraikin osoa «desagerraraztea» ere: «Erabateko askatasuna emanen diegu parte hartzaileei, euren proiektuak idatzi eta aurkezteko garaian; hortaz, planteamendu guztiak aintzatetsiko ditugu».

Asironek gaineratu zuen Erorien Monumentua, gaur egun, legeek babesten dutela, baina hori ez dela eragozpen bat izanen: «Egoera ez da aldaezina; izan ere, bertako elementu bakoitzaren babes maila aldatuz joan da urteen poderioz». Ate guztiak zabalik dira, beraz.

Bi fase, bost proiektu

Joxe Abaurreak eman zituen ideia lehiaketaren nondik norakoak. Haren esanetan, parte hartzaileek aintzat hartu beharko dute, batetik, mausoleo frankista bera, haren eragina eta eduki sinbolikoa; eta, bestetik, eraikinaren inguruko eremuak auzoen arteko lotune eta topaleku gisa izanen duen funtzioa: «Monumentuaz gain, proiektuek barne hartuko dituzte Askatasun plaza, Serapio Esparza parkea eta alboko kaleak».

Bi zatitan egituratuko dute lehiaketa: lehen fasea irekia eta anonimoa izanen da. Edonork aurkeztu ahalko du bere proposamena, honako eduki hauek barne hartuta: egungo monumentuari eman beharreko tratamenduari buruzko proposamena; erabilerari buruzko beste proposamen bat eta programa zehatza, memoria historikoaren ikuspuntutik; hiriko ingurunearen gaineko jarduketa-proposamena; eta proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa. Hiru hilabete iraunen du fase horrek.

Aurkeztutako proiektuetatik bost hautatuko ditu Iruñeko Udalak, eta jendaurrean ikusgai paratuko ditu. Egitasmoen aurkezpen publikoak eginen dituzte, eta, horren ostean, herritarrek nahiz epaimahaikideek ekarpenak eta iradokizunak egiteko aukera izanen dute. Bost finalistetako bakoitzak 25.000 euroko diru sari bat jasoko du, proposamenak garatu eta egokitzeko.

Bigarren fasean, hasierako proiektuak garatu eta hainbat kontu zehaztuko dituzte finalistek: inguruko urbanizazioa, erabileraren zehaztapena, inbertsioaren doikuntza, aurrekontu xehatua... Bi hilabeteko epea izanen dute hori guztia egiteko. Azkenik, proiektu irabazlea izendatuko du epaimahaiak.

Joseba Asiron bera izanen da epaimahaiburua —edo berak izendatutako zinegotzi bat—; eta, harekin batera, epaimahaia osatuko dute Erorien Monumentuari buruzko jardunaldietara gonbidatutako adituetako batek, Hirigintza Gerentziak izendatutako arkitekto batek, administrazio publikoarekin loturarik ez duen beste arkitekto batek, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko arkitekto batek eta Nafarroako Gobernuko memoria historikoaren alorreko ordezkari batek.