Kereilak aurrera doaz
Berria.- 2016.05.19
Jon Ordoñez
«Sindikalistak gara, lanetik erretiratuta gaude, baina ez konpromisotik». Begiradan ageri dute egindakoa ondo eginda dagoela dakienak duen konbentzimendua, eta frankismoaren kontrako borrokara eraman zituen langile kontzientziarekin erabaki dute orain «desmemoria» borrokatzea. Frankismo garaiko Nafarroako ehun sindikalistek manifestu bat sinatu dute Iruñeko Udalari babesa emanez frankismoko krimenen kontra aurkeztuko duen kereilan. «Gure klasearen eskubideak eta askatasun demokratikoak defendatu genituen, eta jazarriak izan ginen manifestatzeko, ordezkaritza bat izateko, greba egiteko eta elkartzeko eskubideak defendatzeagatik», adierazi du Angel Sanz Magnesitas enpresako langileen ordezkari ohiak. «Gogoratzeko eskubidea», aldarrikatzen dute orain.
Manifestua aurkezteko ekitaldia egin zuten atzo, eta Sanzek azpimarratu zuen ezin direla berdindu frankismoan langileen eta herritarren eskubideak defenditu zituztenak eta haien kontra aritu zirenak. «Lan ordezkariek, sindikatu bertikalekoak edo gobernu zibilaren ordezkariek ez dute bere gain hartu inolako erantzukizunik». Eurei isunak jarri zizkieten, zerrenda beltzetan sartu zituzten, eta, zenbait kasutan, torturatu eta espetxeratu ere egin zituzten. «Helburua langile klasearen zapalkuntza zen», ekarri dute gogora.
Sinadura bilketa
Nafarroan ikur izan diren enpresetako langileen ordezkari ohiak bildu ziren atzo Iruñean: Potasas, Motor Iberica, Torfinasa, Mepamsa, Authi, Salvat, Eaton, Onena, Frenos Iruña... Langileen borrokari lotutako izenak dira, eta borroka horren atzean daude Angel, Natxo, Isabel, Pilar eta, haiekin batera, atzo berriro elkartu ziren dozenaka sindikalista ohi gehiago. Manifestuarekin bat egiteko sinadurak biltzen hasi dira garai hartan errepresioa modu desberdinetan jasan zutenen artean. «Garrantzitsuena ez da zer errepresio maila jasan zuen bakoitzak, baizik eta jasan egin genuela. Izan ere, antolatzeko eskubidea zen ukatu zizkiguten lehenengoa; jotzearena gero etortzen zen», azaldu du Isabel Noguera sindikalista ohiak.
Kide izan zituztenak ere bultzatu nahi dituzte Iruñeko Udalak kereilara aurkezteko jarri duen bulegora joateko, eta, erabaki pertsonala izan arren, kereilan modu aktiboan parte hartzera deitu dute elkartu direnek. Kereilaren inguruan duten itxaropenaz galdetuta, borrokalarien gisan erantzun dute: «Guk eman nahi diogun etorkizuna izango du».
Iruñeko Udalak egindako urratsa txalotu dute, eta bide horretan pausoak emateko eskatu diete erakundeei. «Erakundeak ez badoaz aurretik, jendeak ez du izango jakiteko kezka hori. Eta ez da justua, ez halako jazarpena jasan genuenengatik, baizik eta gaur egungoek gertatu zena jakiteko duten eskubideagatik».