Kereila aurkeztu dute "El Lobo"ren aurka Josu Mujika Aiestaranen senideek

2024/10/04
1975ean hil zuten, Madrilen. Gizateriaren aurkako delitu gisa aurkeztu dute, Memoria Demokratikoaren Legeak dioelako frankismoaren erregimenaren pean gertatutako krimenek ez dutela preskribatzen eta ezin zaiela amnistiarik eman.

Kereila kriminala aurkeztu dute El Loboren aurka, Josu Mujika Aiestaran hil izana egotzita

Josu Mujka Aiestaran Espainiako Estatuaren biktima gisa aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta agerraldia egin zuen sendiak. KERMAN GARRALDA ZUBIMENDI / GOIERRIKO HITZA Josu Mujka Aiestaran Espainiako Estatuaren biktima gisa aitortu zuenean Eusko Jaurlaritzak, agerraldia egin zuen sendiak. KERMAN GARRALDA ZUBIMENDI / GOIERRIKO HITZA
gurutze izagirre intxauspe
2024ko uztailaren 22a
Berria

Josu Mujika Aiestaranen senideek hilketan ustez parte hartu zutenen aurkako kereila kriminala aurkeztu dute Bergarako Auzitegian, Gipuzkoan. Mujika Legazpikoa zen (Gipuzkoa), eta 1975ean hil zuten, Madrilen. Mikel Lejarza El Lobo-ren kontra jarri dute kereila. ETAn infiltratua ibili zen Lejarza, eta bere bizipenen harira hainbat liburu idatzi eta hainbat adierazpen egin ditu, besteak beste, Mujikaren heriotza eragin zuen ekintzan parte hartu zuela aitortuz. Eta gainera, zehazki, urtarrilaren 13an Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean esan zuen «berriro» egingo lukeela.

Jorge Cabezasen kontra ere jarri dute kereila. Polizia komisario horrek 2003an argitaratutako liburu batean —Yo maté a un etarra: secretos de un comisario de la lucha antiterrorista (Etakide bat hil nuen: borroka antiterroristako komisario baten sekretuak)— adierazi zuen polizia operazio hartan parte hartu zuela: gertakariak izan zirenean lekukotza eman zuten beste lau polizia armatu eta orduko gobernazio ministro Jose Garcia Hernandez ere sartu dituzte kereilan. Eta «terrorismoaren» kontrako unitateko beste zortzi polizia eta beste hamasei polizia armatu ere bai, zuzenean edo zeharka parte hartu zutelakoan gertakarietan.

Senideek urteak eman dituzte Mujikaren gaineko egia, justizia eta erreparazioa eskatuz. Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi du gizateriaren aurkako delituengatik jarritako kereilaren aurkezpenean parte hartu duela.

Mujika Madrilen hil zuten, 1975eko uztailaren 30ean. 1951n jaio zen, Legazpin. Langile mugimenduetan sartu zen, eta 1974an, ETApm-n. Gipuzkoan hainbat salbuespen egoera dekretatu zituen orduko gobernu frankistak, eta, polizia sarekada ugari zeudela ikusita, Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen.

1975eko uztailean, Madrilen zen Mujika. Segoviako kartzelatik ihes egin behar zutenentzako nortasun agiriak plastifikatzeko makina bat alokatu zuten. Autoan zihoazen, Mujikarekin batera, Felix Egia Intxaurraga Peli, Jose Maria Lara Fernandez Txepe eta Mikel Lejarza Gorka (ETAkoentzako) edo El Lobo. Jarraitzen ari zitzaizkiela ohartu ziren. Autoa geratu, eta korrika ihes egin zuten.

Jazarpen hartan Mujika tiroz hil zuten. Bere buruaz beste egin zuela zabaldu zuen bertsio ofizialak, baina tiroak bizkarrean zituen, hainbat lekukok adierazi zutenez. Besteak beste, orduko Legazpiko alkateak, Prudentzio Larrañagak, argazki bat jaso zuen, eta bertan egiaztatu zuen «tiroz josia» zegoela. Hala jakinarazi zien senideei.

Nortasun agiri faltsua zuen Mujikak hil zutenean. Madrilgo Almudenako hilerrian hobiratu zuten, Marcos Perez Gonzalezen izenean. Senideek heriotzaren berri izan zuten, ekintza hartan parte hartu zuen beste lagun baten bitartez. Ezin izan zuten gorpua Legazpira ekarri 1977ra arte.

Jaurlaritzaren aitortza

Eusko Jaurlaritzak aitortua du Mujika Aiestaran motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktima izan zela. 12/2016 Legean eratutako balorazio batzordeak eman zuen irizpena, iazko maiatzaren 15ean. Irizpen horren arabera, bizitzeko eskubidearen urraketa bat jasan zuen gertakari haietan: «Exekuzioa nahiko egiaztatua dago». Poliziaren esku hartzea izan zela eta ikerketa judizialik ez zela egin ere jaso zuen balorazio batzordeak, eta hilketan gutxienez bi egilek parte hartu zutela aipatzen du: Mikel Lejarza, polizia infiltratua, Defentsako Goi Mailako Ikasketa Estrategikoen Zentroko kidea, ETAko kideen aurrean Gorka eta Espainiako Zerbitzu Sekretuetako kideen aurrean El Lobo esaten ziotena; eta Jorge Cabezas polizia komisarioa.

Behatokiaren arabera, Jaurlaritzaren irizpenak egia instituzionala aitortzen du, «baina ez diote erantzuten justizia eskaerari, ez baitute horretarako eskumenik». Hain zuzen, horretan eragiteko aurkeztu zuten Behatokia

Mujika Aiestaranen hilketa erregimen frankistaren garaian gertatu zenez, gizateriaren aurkako urraketen testuinguruan gertatu zela iritzi zaio, eta, Memoria Demokratikoaren Espainiako 20/2022 Legeak 2.3 artikuluan dioenez, gizateriaren aurkako, genozidioko eta torturako egitate fisiko horiek preskribaezinak eta amnistiaezinak dira. Behatokiaren arabera, «bada garaia zigor arloko justiziak bere izena ohoratzeko Estatuaren aparatuei egotz dakizkiekeen giza eskubideen urraketa larrien biktimen aurrean».

Auzi estrategikoetan lehena

Behatokiak ekainaren 29an ekin zion bide horri. Esan zuen estatuaren biktimen «fiskaltza soziala» izango zela, eta bide horretan lehen auzi estrategikoa da Mujika Aiestaranena. Kasuan-kasuan ikertuz eta kereilak aurkeztuz joango zirela iragarri zuten orduan, nazioarteko erakundeek onartuak dituzten biktima guztien eskubidean, egian, justizian, erreparazioan eta berriro ez gertatzeko bermeetan oinarrituta.

Behatokiak salatu zuen biktimak asimetriaz tratatu direla. «Josu Mujika Aiestaran legazpiarraren kasuak agerian uzten du eskubide horiek egileen jatorriaren arabera tratatu direla». Egia eta erreparazioa lortzeko, ETAren biktimei estatuaren baliabide guztiak eskura jarri zaizkiela dio oharrak, eta zigor sistema osoa aplikatu dutela horretarako. «[Espainiako] Estatuaren biktimei dagokienez, biktima horiek ez dute izan argitu gabeko kasuen ikerketa judizialerako inolako mekanismorik, eta, ondorioz, delitu oso larrien biktima horiei egia jakiteko eskubidea ukatu zaie, ikerketa azkar eta inpartzial baten eta justizia penalaren bidez». Behatokiaren arabera, datuek erakusten dute giza eskubideen urraketen biktima eta egile guztiek ez dutela tratu berdina izan.

Are gehiago esan dute: «Egiaztatu dugu Estatuak ezkutatu egin dituela eta erabateko zigorgabetasuna eman diela beren ardurapean jardun zuten delituen egileei, eta horrek birbiktimizazio onartezina eragin die biktimen familiei, hala nola Josu Mujikarenari».

Zigor justizia batek adiskidetzean urratsak egitea zailtzen duela aipatu dute, eta, beraz, ez direla zigorrak lortzeko lanean ari, Estatuaren biktimek egia judiziala eta justizia izateko duten eskubidea bermatzeko baizik. «Prozesu horiek Espainiako justizian aurkituko dituzten oztopoen eta eragozpenen jakitun, Behatokiak berretsi egiten du zigorgabetasuna, Estatuko aparatuen egileen estaltzea eta gertakariak ikertzeko eta biktima horiei justizia emateko borondaterik eza». Baina Espainiako justizia sistemaren bidea egin beharrekoa dute, gero nazioarteko organoetara iristeko.