Irungo udalbatzak Melitón Manzanas biluztu du

2026/07/13
Egiari Zorrek Irungo Osoko Bilkuran aurkeztutako mozioa onartu dute; bertan Meliton Manzanasek egun dituen kondekorazio, domina eta ohore ofizial guztiak baliogabetu eta kentzeko eskaera jasotzen da, Estatu espainolari bere eskuetan daudenak kentzeko eskatuz Memoria Demokratikaoren legearen bidez.
Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Naiz

Manzanasek dituen «kondekorazioak, dominak eta ohoreak» kentzeko mozioa onartu du Irungo Udalak

Irungo Osoko Bilkura, Manzanasen kondekorazioak kentzearen alde bozkatzen.Irungo Osoko Bilkura, Manzanasen kondekorazioak kentzearen alde bozkatzen. (NAIZ)

Egiari Zor Fundazioak ostiral goiz honetan Irungo Osoko Bilkuran Meliton Manzanasek gaur egun dituen kondekorazio, domina eta ohore ofizial guztiak baliogabetu eta kentzeko eskera aurkeztu du. PSEren, EAJren, EH Bilduren eta Podemosen baiezkoekin aurrera egin du mozioak; PPk ezezkoa bozkatu du. 

Pilar Garaialde Egiari Zorreko eledunak hartu du hitza, eta mozioak jasotakoak aurkeztu ditu. «Meliton Manzanasek gaur egun dituen domina, ohore eta aitortza ofizial guztiak baliogabetzeko eta kentzeko» eskatzen du idatziak, Poliziaren Merituaren Ordenaren Gurutze Handia eta Terrorismoaren Biktimen Aitortzarako Gurutze Handia aipatzen dituzte mozioan bereziki. 

Garaialdek gogoratu du Manzanas Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko burua izan zela diktadura frankistan, eta euskal herritarrak torturatu zituela. «Biktimen ikuspegitik, kondekorazio bakoitzak zilegiztatze sinboliko bat suposatzen du bere ibilbideari eta berak erabilitako teknikei», eta horrek ez duela kabidarik salatu du. Legeak ere kondekorazioak ez direla onartuak jasotzen duela gogorarazi du. Eta NAIZ Irratiari egindako adierazpenetan errepikatu du «legeak, oinarri eta lanabes legalak badaude: 20/2022 legea eta baita 2011koa, horiek aplikatzea da falta dena, borondate politikoa».

Mozioa defendatzeko gogoratu du «oso dokumentatuta» dagoela Manzanasek izandako ibilbide poliziala, zeinak «askatasun demokratikoen defendatzaileen, sindikalisten eta erregimenaren aurkakoen aurkako tortura, legez kanpoko atxiloketa eta giza eskubideen urraketa larrien praktika sistematikoa barne hartu zuen», harik eta 1968ko abuztuan ETAk Gipuzkoako udalerri horretan tiroz hil zuen arte.

Plataformak azpimarratu duenez, «historia hori gorabehera», Meliton Manzanasek «Espainiako Estatuko 50 aipamen inguru eta hainbat sari eta kondekorazio ofizial jaso zituen frankismoan eta demokrazian ondo sartuta, besteak beste, Merezimendu Polizialaren Ordenaren Gurutze Handia 1968an eta, paradoxikoki, Terrorismoaren Biktimak Aitortzeko Gurutze Handia, Aznarren Gobernuak 2002an emana».

Horregatik, Irungo Udalari eskaera argia egin dio Garaialdek: «Espainiako Gobernuari formalki eskatzea Ministerioaren bidez, Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 legea aplikatuz dituen kondekorazio, domina eta ohore ofizial guztiak kentzea, Polizia Merezimenduaren omenez duen gurutzea eta Terrorismoaren biktimen gurutzea barne, baita Estatuko beste edozein merezimendu». Eta bigarrenik, Estatu espainolari eskatu dio erregistro ofizialetatik eta aldizkari ofizialetatik ohorezko aipamen oro kentzea, memoria demokratikoaren eta biktimen erreparazioaren printzipioekin bat eginez.

«Irungo Udalak aukera historiko bat du lidergotza hartzeko Lege Demokratikoari dagokionez, aurrekari bat sortzeko aukera du, zeren legeak badaude, falta dena hauek aplikatzeko borondate politikoa da, biktimak erdigunean jarrita. Uste dugu ez dela keinu bat, uste dugu behar demokratiko bat dela Meliton Manzanasen biktimekiko, eta Irungo Udalak aitzindaria izan behar duela», ondorioztatuz amaitu du bere hitzartzea.

Aurrera atera da mozioa, eta pozik agertu da Garaialde, «bazen garaia» aitortu du: «Espero dut gaurko kasua oinarri izatea, oraindik kondekorazio asko daude eta frankismoa gorazartzen duten leku asko. Ona litzateke bidea zabaltzea gaurkoak». Eta aldi berean, nabarmendu du «zaila» zela mozio honi ezezkoa ematea, «bi lege daude oso garbi esaten dutenak erretiratu behar direla».

Adostasunak talde politikoen artean

PP Carlota Sanz izan da hitza hartzen lehena, eta azpimarratu du Manzanas «frankismoan torturatzailea» izan zela, baina horrekin batera gogoratu behar dela «ETAk hil zuela, eta hau gertakari objektibo bat da». Indarkeria guztiz baztertzen duela esan du Sanzek, frankismoan Manzanasek izandako jarrerak ez dituztela «justifikatzen», baina ezin dutela baiezkoa bozkatu: «Manzanas biktima ere izan zen, eta gurutzea kentzearekin ez gaude ados». Eta argitu du: «Domina polizialak kentzearen alde bozkatuko genuke, baina mozioak gurutzea kentzea ere jasotzen du eta horrekin ez gaude ados».

Thania Pazosek hitza hartu bezala aurreratu du Podemosetik baiezkoa bozkatuko dutela. Instituzioek duten «ardura etiko eta sinbolikoa» nabarmendu ditu: «Ulertzen dugu instituzio publikoak balio demokratikoarekin bat egin behar dutela, eta memoria, elkarbizitzan eta giza eskubideetan aurrera egiteko beharrezkoa delako». Eta Sanzi erantzunez gehitu du ez dela «historia berridaztea, erantzukizunez jokatzea baizik». 

EH Bilduko Gorka Berasategik ere ez du zalantzarik egin baiezkoa bozkatzearekin, «justizia egiteko» pausu garrantzitsua dela esan du, eta erreparaziora bidean eman behar direla urratsak. «Legeek argi esaten dute, torturatu bat ezin da modu horretan ohoratu, ohore guztiak kendu behar zaizkio pertsona honi, eta horregatik, mozio honek aukera bat irekitzen digu lan erreparatzailean urratsak emateko». Bestalde, Josu Zabala herritarra ‘Pertur’ desagertu zela salatzeko mobiliazio batean Guardia Zibilak hil zuenetik 50 urte beteko direla aurten gogoratu du, eta Udalak baduela «zor bat»: «Udal gobernuari eskatzen diogu lanean jartzeko Josuk bere herrian merezi duen aitortza izan dezan».

EAJren izenean Gorka Alvarezek hartu du hitza, eta honek ere Sanzek aipatutakoaren haritik Manzanas ETAk hil zuela garbi esan du, baina mozioarekin bat egiten duela adierazi du, Memoria Demokratikoaren Legeak jasotzen duenaren bidetik: «Torturatzaile bat, giza eskubideen urratzaile bat gaitzestekoa da beti, eta ez saritzekoa». 

Plenoa amaitzeko Nuria Alzaga PSEko ordezkariak hartu du hitza, eta berak ere azpimarratu du Manzanas biktima eta biktimarioa izan zela, eta garrantzitsua dela iraganari «modu kritiko batetik begiratzea». Eta aldi berean, duten «ardura demokratikoari» erantzunez, belaunaldi berriei iragana modu «zintzo eta zorrotzean» transmititzea dagokiela.