Intxorta 1937 elkarteak oroitzaren zatia berreskuratu du
36ko gerrako umeak
BELDURRETIK IHESI, ELKARTASUNERA
Datuen dantza dago, baina antzeko irudia erakusten dute gehienek. 1936ko gerraren ondorioz, Hego Euskal Herriko milaka umek egin zuten ihes euren etxeetatik, eta Frantzian, Katalunian, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean, Belgikan, Erresuma Batuan eta Latinoamerikako hainbat herrialdetan aterpetu ziren. Asko gurasoekin joan ziren, baina are gehiago izan ziren orduko Euzko Jaurlaritzak umeentzako propio antolatutako ebakuazioetan joandakoak.
Gogora Institutuaren arabera, 1936 eta 1937 bitartean 100.000 pertsona atera ziren «Euskaditik erbestera», eta horietatik 30.000 inguru haurrak ziren. Euskal Memoriaren Fundazioak argitaratu duenez, Jaurlaritzak 150.115 errefuxiatu erregistratu zituen 1936 eta 1939 bitartean; Hego Euskal Herriko biztanleen %12 inguru. Gaitza da kopuru zehatza jakitea, gerra sasoia zelako, eta Euzko Jaurlaritza hark bakarrik Bizkaia eta Gipuzkoa izan zituelako bere menpe.
Datuen dantza dago, eta oraindik lan asko egiteko. Baina marapiloa askatzeko alea ipini dute orain Intxorta 1937 elkarteak eta hango kide Josu Chuecak eta Julia Mongek. Oraintsu aurkeztu dituzte Gerrako umeak ikerketaren emaitzak, Gipuzkoatik erbestera joan ziren haurren nondik norakoak hobeto ezagutzeko, bertako foru aldundiarekin batera.
Ikusi gehiago: «Askotan pentsatu genuen SESBera itzuli behar ginela»
Erbestealdi asko ez ziren erregistratu, baina, sarri, helmugako herrialdeek hartu zuten erbesteratuen etorrera. Aztarna horiek lagundu diete orain Intxorta 1937koei zerrenda osatzen. 15 urtetik beherakoak kontatu dituzte ume moduan, eta Europa osoko hainbat artxibotan bilatu eta iheslarien eta euren senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizon eta 4.960 emakume. Helburua izan da izen-abizenak eta jaioterriak jasotzea, eta, posible izan den kasuetan, beren argazki bat eta historia labur bat lortzea. Ikerketa ondu dutenek badakite, hala ere, gehiago izan daitezkeela, eta datu basea eguneratzeko asmoa daukate.
Erbesteratutako haur gehienak Donostiatik atera ziren (3.681), Irundik (1.590), Hondarribitik (609) eta Pasaiatik (571). Bi kasu aurkitu dituzte Abaltzisketan, bi Elgetan, bi Lazkaon eta bi Zegaman, eta kasu bat Altzon, beste bat Zizurkilen, beste bat Zaldibian eta beste bat Asteasun.
Ikerketaren emaitzek ez dute harridurarik sortu elkartean. Izan ere, euren hipotesia bete da, Josu Chueca historialariak azaldu duenez: «Aurreko hamarkadetako ikerketetan planteatzen zen Gipuzkoatik 4.000-5.000 ume inguru atera zirela erbestera; guk pentsatzen genuen gehiago zirela, eta, noski, bikoiztu egin da kopurua». Hemen erregistratu gabeko jendea agertu zaie Europako artxiboetan; hori da desfasearen arrazoietako bat.
«Gainera, bagenekien ume asko zeudela espedizio horietan atera ez zirenak baina erbestera joan zirenak. Araututako espediziorik gabeko umeak». Hori bakarrik ez, Chuecaren arabera, agintari politikoen seme-alabak ere inon erregistratu barik joan ziren erbestera: «Leizaolak sei seme-alaba izan zituen, eta horiek ez dira inon ageri, adibidez».
Datuak tentuz hartu behar dira, hala ere: ikerketa gehienetan Ipar Euskal Herrian egondako gipuzkoar eta bizkaitarrak erbesteratutzat hartu direlako, baina Gipuzkoa jaustean Bizkaira joandako gipuzkoarrak, ez.
Salbazioa barkuetan
Umeen erbestealdietan sona handiena Santurtziko portutik (Bizkaia) irten ziren espedizioek hartu zuten. 1937ko udaberria zen, eta Gipuzkoa faxisten esku zegoen ordurako. Horrek berak ere eragin zuen errefuxiatu andana Bizkaira joatea. Habana itsasontziak sei espedizio egin zituen umeak Bizkaitik ateratzeko, La Pallice (Frantzia), Paulhac (Okzitania) eta Southamptonera (Erresuma Batua). Izatez, 800 pertsonarentzako lekua zeukan arren, bidaia gehienetan 4.000 inguru eroan zituen. Azkenengo espedizioa 1937ko ekainaren 13an egin zuen, Paulhacera, 4.500 ume ingururekin. Hortik, 1.600 Sobietar Batasunera joan ziren Sontay itsasontzian.
Sei espedizio horietako batzuetan, helduak ere joan ziren, ehunka. Horietako asko, bidaia txartela erosteko gaitasuna zeukaten dirudunak. Bilboko Emakume Antifaxisten Komiteak kartelak argitaratu zituen, kexatzeko: «Ebakuazioak bai, baina umeentzat, gure borrokalarien seme-alabentzat, zaharrentzat, bularra ematen ari diren amentzat. Dirua ezin daiteke izan pribilegioa Bilbotik lehenengo alde egin ahal izateko. Exijitzen dugu lanerako gai diren neskatila guztien ebakuazioa gelditzea».
Guztira, 17.000 umetik gora atera zituen Habana itsasontziak Bizkaitik, baina ez zen barku bakarra izan. Ramon de la Sota enpresari jeltzalearena izandako Goizeko Izarra ontziak ere ehunka eroan zituen atzerrira.
Ikusi gehiago: «Indarrez igo ninduten 'Habana' itsasontzira»
Erbestera joan behar izan ziren umeetatik gutxi izan ziren arabarrak eta nafarrak. Gutxi, alde batetik, lurralde horien pisu demografikoa Bizkai-Gipuzkoena baino «apalagoa» zelako, eta, beste alde batetik, kolpistek segituan hartu zituztelako mendean. «32.000tik 10.000 gipuzkoarrak dira, eta gainontzekoak bizkaitarrak dira; egon daiteke multzo txiki-txiki bat arabarrena eta nafarrena, baina oso gutxi izango ziren», adierazi du Chuecak.
Haren arabera, Nafarroako iheslari gehienak Gipuzkoatik hurre dauden eskualdeetan bizi ziren, eta aukera izan zuten estatu kolpearen ondorengo lehenbiziko uneetan herrialdetik ihes egiteko, «baina kasu horietan gizonak izan ziren, ez umeak».
Izan ere, umeak ebakuatzearen arrazoietako bat gerra moldea izan zen. Chuecaren berbetan, ordura arte, gerra karlistetan esaterako, soldaduek borrokatzen zuten euren artean. Faxistek, ordea, «gerra osoaren» taktika erabili zuten; ondorioz, zibilak ere arriskuan zeuden. «Bonbardaketak egiten zituzten artilleriarekin eta hegazkinekin, eta horiek ez dute bereizten kuartel bat, ospitale bat, eskola bat edo etxe bat».
Hori bakarrik ez, gerrak berarekin dakartzan gainerako gaitzak ere pairatu zituzten. 1937an, Bilbon eta Bizkaian gosetea eragin zuen faxisten setioak. «Nahiz eta frontea 30 kilometrora egon, ume horiek ikusi zuten gerraren egoera latza: hildakoak, bonbardaketak, behin eta berriro aterpe batera jo beharra...».
Euren seme-alabek miseria hartatik ihes egitea nahi zuten gurasoek, eta lortu zuten gatazkatik urruntzea. Gehienek uste zuten behin-behineko egoera bat zela. «Bazegoen ikuspegi baikor bat orduan, 'bi-hiru hilabeteko kontua da', esaten zuten. Uste zuten joango zirela kanpora baina berehala bueltatuko zirela, Errepublikak irabaziko zuelako gerra».
Esfortzua, gizarteak
Kasu askotan, harrera herrialdeetako estatuek baino lan gehiago egin zuten elkarteek, familiek, sindikatuek eta alderdi politikoek umeei laguntzeko. Erresuma Batuak hasieran ez zuen umerik hartu nahi izan, 1936ko gerran ez parte hartzeko akordioa sinatu baitzuen, besteak beste, Frantziarekin, Sobietar Batasunarekin, Italiarekin eta Alemaniarekin (azken hirurek ez zuten bete). Gizarte zibilak egindako presioagatik eta Gernikako sarraskiak (Bizkaia) bultzatuta, onartu zuten azkenean ia 4.000 ume hartzea, betiere, laguntza elkarteen esku utzita.
Belgikan Gurutze Gorria, elkarte katolikoak eta sozialistak arduratu ziren haurrez. Elkarte katolikoek hartutako ume gehienak Euskal Herriko frontea jaustean bidali zituzten bueltan, 1937ko bigarren erdian. Agintari faxistek mugan hartu zituzten, eta etorreraren propaganda handia egin zuten. Gainerakoek gerra amaitzean egin zuten buelta, baina batzuk bertan geratu ziren, adoptatuta.
Hainbat harrera herrialdetan gertatu zen hori. Gerran gurasoak galdu zituztenek, gurasoren bat kartzelan zeukatenek edo errepresioaren beldur zirenek atzerrian geratzea erabaki zuten.
Faxistek hasiera-hasieratik deitoratu zituzten haurren espedizioak «umeen lapurreta» gisa, eta, Chuecaren arabera, kanpaina diplomatikoa eta propagandistikoa egin zuten haurrak itzul zitezen. «Ume haiek eta jende hura multzoka egotea Frantzian eta beste herrialdeetan erregimen frankista lotsarazten zuen».
Faxistek 1937ko azaroan argitaratutako ohar batean, Francori eman zizkioten eskerrak: «Bilbo gorrien menpe zegoela, atzerrira egindako umeen espedizioetatik 152 haur erreskatatu dira, Franco generalaren kudeaketei esker». Batzorde batek abegi egin zien tren geltokian eta haurrekin desfile bat egin zuten etorrera ospatzeko, Espainiako bandera faxistekin.
Hogei urteko erbestea
Egoera bestelakoa izan zen Sobietar Batasunean. Bertara joandakoak ez zituzten familiek hartu. Umeen etxeak antolatu zituzten eurentzat, eta espainolez irakasteko irakasleak eroan zituzten eurekin. Bigarren Mundu Gerra ere sufritu zuten, baina askok eta askok unibertsitate ikasketak lortzeko aukera izan zuten.
Espainia frankista 1955ean sartu zen Nazio Batuen Erakundean. Erregimenak nazioarteko onarpen handiagoa lortu zuen, eta akordioak egin zituen Sobietar Batasunarekin erbestean zeuden umeak itzul zitezen. Chuecak azaldu duenez, batzuk 1946an utzi zuten Sobietar Batasuna, mundu gerraren ostean, baina ez Euskal Herrira itzultzeko, baizik eta erbestean izan zitzaketen gurasoengana joateko, Belgikara edo Mexikora, kasurako. Gainerakoak, 1956 eta 1958 bitartean etorri ziren, itsasontziz.
Hogei urte igaro ziren irteeratik itzulerara, eta ume joandakoak helduak ziren jada. Ezagutzen ez zuten gizarte batera etortzeari, beraz, gehitu behar zitzaion erregimen frankistaren mesfidantza, eta askok Sobietar Batasunera itzultzea erabaki zuten, heldu eta hilabete batzuetara.
Artxiboetako datuez gain, hainbat testigantza bildu dituzte Intxorta 1937koek. «Gehien-gehienek» harrera herrialdeekiko «esker oneko hitzak» dauzkatela kontatu du Chuecak: «Errusian egondako gehien-gehienek oso ondo baloratzen dute beren erbestealdia, oso ondo zainduta egon zirelako lehenbiziko urteetan, eta gero aukera izan zutelako egundoko ibilbide akademikoa egiteko, bizpahiru karrera ikasteko... Hemen neskek ez zuten ikasten Medikuntza eta Ingeniaritza».
Kasu bertsua da gainerako herrialdeetan egon zirenena ere. «Azken finean, gerra batetik atera ziren, beldurra eta gosea atzean utzita, eta, kasu askotan, ondo zainduta egon ziren umeen etxeetan», azaldu du historialariak.
Oraindik falta da sistematikoki eta izen-abizenez zehaztea Hego Euskal Herri osotik zenbat ume joan ziren erbestera. «Guk zail izango genukeen ikerketa hau aurrera eramatea ez bagenu izan diru laguntza bidaiak eta egonaldiak egiteko. Bizkaian oraindik osatu behar da». Lan hori egiteko dago, baina oinarri sendoa ipini diote Intxorta 1937koek.
Ikusi gehiago: Gerrak markatutako umeak