Instituzioak kereilatzen...

2016/10/20
Arabako administrazio nagusiek kereila jarri dute 1976ko martxoaren 3ko gertakariengatik. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek "erantzukizun penalak argitzeko" eskatu dute Gasteizko Justizia Jauregian jarri dituzten kereila kriminaletan

Berria.- 2016.10.19

.

Martxoaren 3ko elkarteak eta hainbat artistak Memoriala aurkeztu zuten iazko azaroan.
Martxoaren 3ko elkarteak eta hainbat artistak Memoriala aurkeztu zuten iazko azaroan. Jaizki Fontaneda / Argazki Press

 

Jon Rejado

 

Arabako administrazio nagusiek auzitara eraman dituzte 1976ko martxoaren 3ko gertakariak. Orduko gertakariak argitzeko eskatu dute, eta "gizateriaren aurkako krimenetatik eratorritako erantzukizun penalak eta bestelakoak" zehazteko. Bi kereila kriminal aurkeztu dituzte, helburu horrekin: Gasteizko Udalak aurkeztu du bat; eta bigarrena Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Batzar Nagusiek modu bateratuan egin dute.

Aipatu administrazioek martxoaren 3ko gertaerak auzitegietara eramateko asmoa berretsia zuten. Gasteizko Udalak testu bat onetsi zuen 2016ko martxoaren 18ko ohiko bilkuran. Horren bitartez onartu zuten: "Espainiako epaitegietan ekintza judizialei hasiera ematea, gertakariak argitu ahal izateko eta dagozkien erantzukizun penalak eta bestelakoak eskatzeko, frankismoaren diktadurak gizateriaren aurka egindako krimenei buruz, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia barne".

Arabako Batzar Nagusiek, berriz, testu bera onartu zuten 2016ko apirilaren 27ko osoko bilkuran. Arabako Foru Aldundiak, azkenik, eskaera hori berretsi zuen 2016ko ekainaren 7ko Diputatuen Kontseiluan.