Hobiak: Guadalajarako kasu bat
2016/01/03
«Nik aita atera nahi dut, baina beste askoren hildakoak ateratzeko ere ari gara borrokan»
Ascension Mendieta Ibarra (1925, Sacedon, Espainia) aurrekari garrantzitsua ezartzeko zorian da. 36ko gerra bukatu berritan fusilatu zioten aita, ezkertiarra bera, eta hura hobitik ateratzeko baimena jaso du, justizia unibertsalaren printzipioa erabilita.
Berria.- 2016.01.03
Amagoia Iban.-
Avenida de Americako geltokira autobusa. Lur azpira. Sator tankeran pasagune estu, bidegurutze eta kale paralelo artean. Hau ere bada Madril. Zulotik atera gabe metroa hartu, eta hitzartutako geltokira. Bost minutu eskas, eta arrats argitara irteteko aukera behingoz. «Kaixo, Francisco Vargas Mendieta naiz», gizon ile-urdinak. Timoteo Mendieta desagerraraziaren biloba behar du. Eskua estutu. Musu parea trukatu. «Bertan gaude». 90 urte ez direla alferrik pasatzen, gero eta nekezagoa egiten zaiola amari batera eta bestera ibiltzea, hobe dela azkar egitea egin beharreko galderak, baina animoz ondo dagoela. «Gaur, gainera, badugu albiste ona harentzat. Hementxe da». Ezkaratz txikia. Eskailerak. Atea. Ascension Mendieta egongelako besaulkian eserita, ile zuri motza orraztu berri, barre gozoa ahoan. Eskua luzatu du, eta aldamenean esertzeko eskatu.
Mendieta andrea, 90 urte bete berri zara azaroaren 29an. Aita eraman zizutenean, 13 urte zenituen. Denbora asko joan da ordutik.
Bai. Ama 1988an hil zitzaigun, eta bost senide ere joanak dira. Ahizpa bat eta ni neu bakarrik geratzen gara bizirik. Gure aita gerra bukatu berritan sartu zuten preso, beste askorekin. 1939ko apirilaren 1ean esan zuen Francok gerra bukatu zela, lasai bueltatzeko etxera, eta apirilaren 4an eraman zuten aita.
Aita gerrako azken kintarekin deitu zuten frontera, baina ez zen borroka ezagutzera iritsi, Romanones herrian [Madril] instrukzioa egiten aritu baitzen denbora asko. Canillasen zegoen gerra bukatu zela entzun zuenean, eta Sacedonera bueltatu zen, oinez. Ezkertiarra zen, eta gizarajoa siestan zela joan zitzaizkion ate-joka. Herrikoa zen bat, Modena izenekoa. Aita hartu eta eraman egin zuten. Halako batean, atzera etxera eraman zuten, miaketa bat egitera. Ez zuten ezer aurkitu, arropa oso onarekin betetako kutxa bat besterik ez. Gure amarena zen arropa hura, eta militar batek esan zuen: «Bai arropa ona!». Herrikoa zenak erantzun omen zion: «Emaztearen sendia diruduna baita». Hura izan zen aita ikusi genuen azken eguna. Guadalajarako espetxera eraman zuten. Gu Madrilera etorri ginen bizitzera.
Aita ez zuten azaroaren 16ra arte hil. Zazpi hilabeteko presoaldia da hori.
Bai, baina guk ez genuen behin ere bisitatu. Ez zuen nahi guk hala ikustea. Emazteak ikustea ere ez zuen nahi izaten. Gure amak janaria lata batean sartzen zion. Eskatu zuen gauza bakarra seme-alaben argazkiak izan ziren. Txikiena ez zuen ezagutu ia, gerrara deitu zutenean hilabeteetako umea baitzen.
Halako batean, ahizpa batek abisua eman zion gure amari, telegrama bidalita, Madrildik Guadalajarara jaisteko berehala, baina ez zen garaiz iritsi gizona bizirik ikustera. Ama iritsi zenerako, hila eta lurperatua zuten. Espetxean esan zioten hilerrira joateko, eta hilerrian esan zioten zein tokitan lurperatu zuten. Lata eta argazki haiek, besterik ez zuen ekarri gure amak bidaia hartatik bueltan.
Norengana etorri zineten Madrilera?
Amonarengana, aitaren amarengana. Gure osaba batekin bizi zen gela txiki batean, eta gure amari eta zazpi umeoi tokia egin zigun gela horretan. Hamar lagun han sartuta... atera kontuak! Auxilio Socialera joan behar izaten genuen janari bila, goserik pasatuko ez bagenuen.
Eta nola hartzen zintuzteten auzoek, fusilatu baten senideak izaki?
Haiek ez zekiten ezer. Ez genion inori esaten. Gaur egun bizi garen etxera aldatu ginenean ere, ez genion inori esan. Badakizu, hemen bakoitzak bere ideiak ditu, eta aita hil zigutela entzutean, «zerbait egingo zuen» erantzuteko gauza zen jendea. Eta horrek min handia ematen dizu. Hori guztia, ni ezkondu aurretik. Eta ezkondu nintzenean, bi seme izan nituen, eta biak Falangeko eskolara bidali behar... Horrelakoa izan da gure bizitza.
Eta zuen amaren bizitza? Zazpi seme-alaba bakarrik haztea, ezkertiar baten alarguna izanda, ez zen erraza izango.
Gure ama herriz herri ibili zen alargundu zutenetik, enkarguak eramaten. Oinetakoak-eta eskatzen zizkioten herrietatik, eta trukean ogia eta jatekoak ematen zizkioten. Horrela atxilotu zuten, behin, Segoviatik bueltan zetorrela. 3.000 pezetako isuna eman zioten, eta diru asko zen. Guk ezer ez geneukan, eta ezin genuenez ordaindu, kartzelara sartu zuten. Aita preso eduki zuten kartzela berean egon zen ama. Bisitan joan gintzaizkion batean, mototsa moztua zioten. Burua ez zioten zuritu, baina ilea moztu bai. Bigarren isun bat ere ezarri zioten, eta hura ere ezin genuenez ordaindu, senideei laguntza eskatu zien, kartzelara berriz ez joatearren.
Familia dirudunekoa zen zuen ama, izan ere, lehen esan duzunez.
Bai, baina haiek dirurik ez zioten eman. Eskuindarrak ziren. Ama kartzelara sartu zutenean, haren familiakoek gure mutilak eraman zituzten. Bat Sacedon ondoko Salmeron herrira eraman zuten; bestea hiltegian laguntzaile jarri zuten. Lau geratu ginen etxean, eta kartzelatik libratzeko dirua eskatu zienean, nahiz eta sosak asko izan, bi lur sail salarazi zizkioten gure amari. Oinordetzan zegozkion lur haiek. Gaur da eguna badakitena aitaren bila gabiltzala eta akaso ateratzea lortuko dugula, baina hona haietako inork ez du deitu.
Ama, aita bezala, ezkertiarra al zen?
Bai. Bere familiako ardi beltza zen. Baina amari bost. Gerra aurretik ere bai. Zuk ez dakizu nolako gosea pasatu dugun guk! Gure aita Sacedongo UGTko burua zen, eta harategia zeukan herriko plazan. Inork ez zion erosten, ezkertiarra izateagatik, eta, azkenean, itxi egin behar izan zuen. Ordutik aurrera, ahal izan zuenean aritu zen gure aita: igeltsero, jornalari... Inork ez zion lanik eman nahi izaten gure aitari.
Halakoak jasandako batzuek ezer ez esatea erabaki zuten. Zuen etxean hitz egiten al zen gertatutakoari buruz?
Bai, asko. Gure amak asko hitz egiten zigun aitaren ideien eta ibileren inguruan. Hil arte eutsi zion lutoari. Oso emakume indartsua zen. Borroka asko egin zuen. Denok. Ama jaitsi izan zen Guadalajarako hilerrira, lore sorta hartuta, eta sartzen utzi ez! Baina etxetik kanpo, ez genuen hitz egiten gertatutakoari buruz.
Niri eta ahizpari Madrilera etortzerako bukatu zitzaizkigun eskola kontuak. Zazpi senideren artean, txikiek bai, haiek eskolara joan behar izan zuten, eta Cara al sol kantatu eta Francoren lezioak ikasi. Falangekoa beste eskolarik ez zegoen gure auzoan. Horregatik, inork ez zuen ezertaz hitz egiten.
Sacedonen oso maitatuak izan gara, eta han baziren bai ezkerrekoak, bai eskuinekoak. Han inoiz ez gaituzte zirikatu. Bueno, behin bai. Gure anaia txikia osaba-izeben harategian laguntzen ari zela, Legañas ezizeneko batek esan zion: «Tira, kriminal-kumea!». Lehengusuak berehala erantzun zion: «Honi berriz horrelakorik esaten badiok, gizon egiten hauena erauziko diat!». Sacedonen bazekiten, baina handik kanpo ez. Orain, telebistan eta egunkarietan atera naizenean, auzoko denek jakin dute.
Hasieratik jakin izan al duzue non zegoen hobiratuta aita?
Ia hasieratik. Francok pentsioa ematen zien alargunei, eta gure amak aitaren heriotza agiria eskatu behar izan zuen. Gaixotasunak jota hil zela zioen agiria eman zioten Guadalajaran, eta Madrilgo Amor de Dios kalera ekarri zuen. Hemen, baina, ezetz esan zioten, exekutatuaren familiarentzako bakarrik zela pentsio hura, eta ama Guadalajarara jaitsi zen berriz. Han eman zioten behar zuen agiria.
Gero, Suarez presidente jarri zenean, beste diru apur bat eman zuen. Eta diru harekin, gure amak hilarria ezarri zuen Guadalajarako hilerrian. Aitarekin sartu zituzten Sacedongo besteen izenak ere bertan idazteko lain toki utzi zuen gure amak harri hartan, baina inork ez du inoiz eskatu izenik idaztea. Gutxienez, herriko beste lau badira han hobiratuak. Nik ezagutu nituen.
Felipe Gonzalez agintera iritsi zenean, hobia hilerritik bereizten zuen itxitura bota zuten, eta loreak lasai eraman ahal izan genizkion aitari. Haren urtebetetze egunean eta Domu Santu egunero joaten ginen, lore sorta hartuta. Bi anaia inoiz ez dira joan. Hilerriko liburuetan ageri da aitaren izena. Han dago idatzita behetik hasita bigarrena dela hobi horretan. Bi zerrenda daude, eta batean hogeita bi exekutaturen izenak ageri dira. Bestean, hogeita hirurenak. Batean zein bestean, gure aita ageri da bigarren, behetik hasita.
Gero, Chon alaba eta nire seme hau, Paco, Zaragozako Kapitaintza Nagusira joan, eta han eman zizkioten aitaren kontrako epaiketaren datu guztiak. Hortik abiatuta heldu ginen Argentinaraino.
Baikor bueltatu zinen handik. Bi urte joan dira ordutik. Tarte horretan, bi eskaera egin ditu Maria Servini epaileak zuen aita ateratzeko baimena eman dezaten. Lehendabizikoari ezezkoa eman zioten Guadalajaratik. Bigarrengoari baietza eman diote.
Ahal izan duen guztia egin du Servini epaileak. Hemen, epaitegietako inork ez digu lagundu nahi izan inoiz. Hark Argentinatik egindako eskaerari esker, oraindik ez dakigu zehatz noiz, baina dena bideratuta dago, antza, eta aita atera ahal izango dugu. Orduan lasaituko naiz. Aitarekin ehortz nazaten nahi dut, pertsona orok merezi duen zeremoniarekin. Nik aita atera nahi dut, baina beste askoren hildakoak ateratzeko ere ari gara borrokan. Ondorengoentzat ere hor geratuko da bidea eginda.
Justizia egingo dela uste al duzu?
Orain bai. Gure aita bezalako errugabeak akabatu, zulo handi bat egin eta bata bestearen gainera bota zituzten. Horixe egin zuten. Hori aterako da. Gu hasi ginenean, inork ez zigun arrastorik txikiena ere ematen. Inoiz ez dute lagundu nahi izan. Oraintxe bertan ere, PPren gobernuak ez du ezer jakin nahi horretaz. Argentinakoen laguntza, alde horretatik, handia da.
Fededuna al zara?
Ez. Nik zeruan sinesten dut, baina Elizan ez. Ni eta nire familiako inor ez gara mezetara joaten. Gu denok bataiatu gabeak ginen.
«Nik gogoan dut neure irudia amona Mariaren ondoan, Guadalajarako hilerrian. Hesi moduko bat zegoen, baina hobia ikusten zen. 11 urte izango nituen. Horrela eraikitzen du batek galtzaile irudia. Gure etxean beti atera nahi izan dugu aitona hortik». Francisco Vargas Mendietak. Amak, aldamenetik, aho txikiarekin, errepikan: «Auzoko inork ez zekien ezer gutaz». Semeak hartu du kazetariaren lekukoa.
Ama, urtarril erdialdean.
Zer?
Urtarril erdialdean aterako dutela aitona.
Esan al dizute? [boza oso gora] A zer poza! Desiatzen nago...
Baina luze joko du, ama. Hogei egun gutxienez.
Nork esan dizu hori, seme?
Guadalajaran egon naiz gaur, epailearekin-eta.
Eta bakarrik joan al zara? [barreka biak] Nik dagoeneko esana daukat aita nirekin ehorztea nahi dudala. Lasai joango naiz. Ahizpa zaharrena hemen egotea nahi nuke, elkarrekin aritu garelako urteetan aita atera nahian, baina hila da. Nik Serviniri esan nion ezin nuela hil aita atera arte.
Timoteo Mendietaren hilobia husteko prozesua deskribatzen hasi da haren biloba. Hobi bertikala dela, hogei gorputik gora daudela bertan eta, horregatik, bost eta zazpi metro arteko sakonera daukala uste dutela. Zailtasun teknikoak erabili izan dituztela orain arte Guadalajarako epaitegietan zuloa ez irekitzeko aitzakia gisa. Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak ordainduko duela guztia, eta lotu dituela indusketarako behar diren arkeologo eta meatzariak. Agiri guztien arabera gorpuak hor daudela, eta ateratzeko ordua iritsi dela. «Hau izango da justizia unibertsalaren arabera eta Espainiatik kanpoko epaile baten aginduz egingo den lehen deshobiratzea. Gehiago etorriko dira atzetik, ezingo dute geldiarazi. Hau ez da gure aitonaren kontua bakarrik. Guretzat oso garrantzitsua da, baina beste milaka pertsonarentzat ere bai, aurrekaria bihurtuko delako».
Isilik, leihotik begira dago Timoteo Mendietaren alaba. Ilundu du kanpoan. «Zerbait hartuko dugu auzoko tabernan, ezta, ama?», Francisco Vargasek. Ascension Mendietak garagardo txikia eta kroketa parea eskatu ditu. Nekatuta dago. Euskal Herrian gerra garaiaz eta ondorengoaz inor oroitzen ote den galdetu du. Masaila bero-bero zuen kazetariari agur musua ematerakoan. Metro zulora atzera, handik autobus geltokira. Lur azpiko pasagune estu, bide gurutze eta kale paralelo artetik gorantz, gabon argiz jantzitako Madrilgo kaleetara satorra legez irten. Vargasen azken hitzak: «Deituko dizut aitona noiz aterako duten zehatz esateko». Berehala da eguna.