Hiltzaileak identifikatuta

2017/04/11

1937an Durango bonbardatu zuten militarrak identifikatu dituzte

Gerediaga elkarteak sarraskiaren inguruko datuak bildu ditu, Durangoko Udalaren enkarguz. Egileen aurkako kereila aurkeztuko dute orain herriko epaitegietan

Bonbardaketaren eskuadrilen ekintzen liburu teknikoak topatu ditu Gerediaga Elkarteak.Bonbardaketaren eskuadrilen ekintzen liburu teknikoak topatu ditu Gerediaga Elkarteak. GEREDIAGA ELKARTEA

Berria 2017-03-31 / Alaitz Armendariz

Durangoko bonbardaketaren 80. urteurrenean, erasoaren ingurukoak argitzeko urrats erraldoia egin du Gerediaga Elkarteak. Madrilgo eta Erromako bi artxibo historikotan topatutako informazioari esker, bonbardaketaren erantzule gehienak identifikatu dituzte; Durangoko Udalak pertsona horien aurkako kereila jartzeko ezinbesteko pauso bat eman dute, beraz. Gainera, erasoak «helburu ez-militarra» zuela frogatu dute, alegia, herritarren aurkako erasoa izan zela, bonbardaketan bonba su-eragileak erabili zituztela ondorioztatu dutelako. Erasoa 1937ko martxoaren 31n egin zuen Kondor Legioak, 36ko gerraren barruan, eta 336 pertsona hil zituen. Gaur, bonbardaketaz geroztik 80 urte bete direla eta, hainbat erakundetako ordezkariek omenaldia egingo diete 36ko gerrako biktimei, Durangoko hilerrian.


Ikerketa 1984an hasi zuen Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kideak. Ordutik, hiruzpalau aldiz ikertu ditu Madrilgo airearen artxibo historikoa eta Erromako aeronautika artxibo militarra, han 36ko gerrako abiazio dokumentuak baitaude; aurtengo martxoan egindako bidaietan, ordea, datu berriak topatu dituzte, kereila jartzeko erabakigarriak izango direnak. Izan ere, bonbardaketan parte hartu zuten eskuadrilen egunerokoak eta liburu teknikoak topatu dituzte. Gerediaga Elkartearen ikerketa osatzeko bereziki lagungarriak izan dira Erromako artxiboan egindako aurkikuntzak.

Erasotzaileen dokumentuetan topatutako datuei esker, bonbardaketan erabilitako materialaren artean bonba su-eragileak egon zirela jakin dute. Horri eta hainbat lekukotzari esker, bonbardaketak helburu ez-militarra zuela ondorioztatu dute. Horren ordez, bestelako hiru helburu aipatu ditu Irazabalek: bonben eraginkortasuna aztertzea, Eusko Jaurlaritzak amore ematea eragitea eta nazioarteari erakustea «Adolf Hitler eta bere Reich-a zer egiteko gai ziren».

Erasotzaileak, italiarrak

Horrez gain, bonbardaketan hiru hegazkinek parte hartu zutela egiaztatu dute. Hasiera batean, lau izan ziren Soriako (Espainia) aerodromotik irten ziren Savoia hegazkinak: bakoitzak 50 kiloko hogei bonba eta hogei kiloko lau bonba su-eragile zeramatzan, elkarteak jakinarazi duenez. Baina horietako batek arazo mekanikoak izan zituen, eta Soriara itzuli behar izan zuen. Irazabalek argi azaldu du: «Hegazkin bat gehiago egon izan balitz, beste tona bat bonba jausiko zatekeen».

Ikerketak orain arte jakintzat ematen zen beste datu garrantzitsu bat argitu du: Espainiako 36ko gerran italiarrek ez zuten «ofizialki» parte hartu, baina aurkikuntzek erakutsi dute ez zela hala izan. Egindako identifikazioek militarrak Italiakoak zirela erakutsi dute. «Bonbardaketan parte hartu zuten 45 militar italiarretatik 44ren izen-abizenak topatu ditugu», jakinarazi du Irazabalek. Haren hitzetan, italiarrek «beste izen bat» hartzen zuten Espainian zeudela ezkutatzeko. Baina aurkitu dituzten agirietan jatorrizko izena eta Espainian erabiltzen zutena topatu dituzte. Hala, Italiako Aviazione Legionaria kontingenteak egin zuen erasoa, Kondor Legioaren beste unitate baten modura jokatuta.

Kereila, «ahalik eta arinena»

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak iragarri duenez, Gerediaga Elkarteak lortutako informazio hori oinarri hartuta udalak bonbardaketaren erantzuleen aurkako kereila aurkeztuko du herriko epaitegietan. «Ahalik eta arinena» egingo dutela zehaztu du Irigorasek, baina ohartarazi du beste ezer egin aurretik «tramiterako» onartu behar dutela kereila. Bestalde, adierazi du asmoa dutela Maria Servini epaile argentinarrak bultzatutako kereilara batzeko, baina «lehentasuna» udalaren kereilak duela argitu dute, bizirik geratzen diren pilotuak —gutxienez bi izan daitezkeela jakinarazi dute— oso pertsona nagusiak direlako. Tramiterako onartuz gero, beste salaketa aukerarik ote den aztertuko dute; gobernuek «ardura subsidiarioa» izan lezakete.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, bonbardaketaren «egileek eta bultzatzaileek aukera paregabea dute estatu kolpe faxista baztertu, zibilen aurkako bonbardaketak salatu eta biktimak aintzat hartzeko». Durangon egin zituen adierazpen horiek atzo, 80. urteurreneko ekitaldi batean.