Gure iragana ulertzeko urrats sendoa
2017/06/01
AMAGOIA GURRUTXAGA. KAZETARIA
«Ezin dizkiegu iragana ulertzeko gakoak ukatu gero datozenei»
Testigantza eta agirien bidez, 1936ko udan eta diktadura hasieran Zarautzen gertatutakoak jaso ditu Amagoia Gurrutxagak 'Zarauzko gutunak' liburuan; 'Zarauzko postalak'(2013) lanaren jarraipena da.
Berria
2017-06-01 / Samara Velte
-
30Historia espazio mugatua daukan hilerri bat dela idatzi zuen Maurice Halbwachsek: etengabe bilatu behar dela hobi berrietarako lekua. 1936ko gerran eta ondorengo diktaduran, biktima ugari geratu ziren historiako orrietatik kanpo, ikusezin: horietako batzuk argitara ekarri ditu Amagoia Gurrutxaga BERRIAko kazetariak (Matxinbenta, Azpeitia, Gipuzkoa, 1971) Zarauzko gutunak: 1936ko gerra liburuan. Gaur aurkeztuko du, Zarauzko Garoa liburu dendan (Gipuzkoa). Gerratik 80 urtera, gizarteak oraindik «jazarleen minarekin jazarrienarekin baino kontu gehiago» duela uste du: «Isiltasunaren logika frankista uste dugun baino barneratuago daukagu».
Duela lau urte atera zenuen Zarauzko postalak liburua. Nola sortu zitzaizun bigarren atala idazteko beharra?
Aurreko liburua atera ondoren, kontu berri asko jakin nituen, jendeak kontatuta eta neuk bila segituta. Aurkitutako agiriak eta testigantzak ikusita, ohartu nintzen hor kontatzen ziren gauza batzuk oso larriak, krimen hutsak zirela. Badakigu hainbat pertsona erail zituztela; bakarren bat bizirik lurperarazi zutela, eta horretarako zuloak egitera baserritar batzuk behartu zituztela. Zerk egin zuen posible halako aginduak ematea eta aginduok isil-isilik betetzea? Izu eta deshumanizazio giro oso jakinak, testuinguru beldurgarri batek. Testuinguru hori azaldu gabe kontatzen badugu gertatutakoa, gaurko begiekin begiratuta, ez da ezer ulertzen. Eta zerk egin du posible hori dena ondorengo belaunaldiek ez jakitea? Kriminalek gerra irabazi izanak, ondorengo diktaduran isiltasun legea inposatu izanak eta Espainiako trantsizio delako hartan isiltasun lege horri eutsi izanak. Horregatik guztiagatik, oraingo liburu honetan jazarpen egitura eta giroa azaltzen saiatu naiz.
Giro hori detaile handiz deskribatzen duzu. Zarautz, oro har, eskuindarra zen gerra aurretik ere: kolpistak heldu zirenean batzuk pozez zeudela diozu. Nolakoa zen herri hura?
Udala karlisten esku zegoen, baina EAJkoekin lehia estuan zebiltzan herriko agintea lortzeko. Baserriak, lehen sektoreak, pisu handia zeukan herrian. Altzari fabrikek ere bai. Eta turismoak, jakina. Baserri eta lur-jabe gutxi batzuen menpe bizi ziren zarauztar asko. Uda pasatzera etorri ohi ziren lur-jabe haiek, eta kasualitatea, haien administrariak ziren udalean karguak zituztenak. Botere politiko lokala lotuta zegoen botere ekonomikoarekin. Handi jende asko zegoen Zarautzen kolpea gertatu zenean ere.
Gerraz daukagun irudia izan ohi da kolpistak kanpotik etorri zirela, baina herrian ere baziren.
Kanpotarra izanda, nonbaiteko kontrol sozial eta politikoa hartu behar baduzu eta ez baduzu bertako inor ezagutzen, ez duzu lortuko. Bertakoek esaten dizute zein, nola, noiz, non. Noski: askoz lasaigarriagoa da pentsatzea kanpotik etorritako kontua izan zela, baina gerra hartan euskal herritarrek ere konspiratu zuten. Kolpisten efektibitatea ezin da ulertu herrikoen kolaboraziorik gabe.
Kolpearen ostean salaketa giroa zabaldu zela kontatzen duzu. Mendeku politikoek eta pertsonalek bat egin zuten hor?
Neurri batean, bai. Mendekua ez zen akuilu bakarra izan, baina. Botere gosea ere bazen. Haize alde jokatzeko gaitasun aparta erakutsi zuen zenbaitek: Espainiako Errepublikaren banderaren atzetik ibilitako batzuk falangistetan falangistenak bihurtu ziren gero. Ez da bakarrik gorrotoa-eta; bada norbere iraganeko orbanak garbitu beharra sentitzea ere, konbertsoa izatea. Beste batzuk ez ziren konbertitu, eta larrutik ordaindu zuten.
Aurreko liburua atera zenuenetik senide bat baino gehiago hurbilduko zitzaizun. Zer esan dizute?
Bizpahiruk idatzi zidaten datu batzuk zuzentzeko eskatzeko; beste asko datu berriak eskaintzera etorri zitzaizkidan. Eskertzekoak dira denak. Kontrakoa ere gertatu izan da: zenbaitetan, nik kontatu diet batzuei euren familiaren historia; 50 urtetik beherakoei, batez ere. Eten nabarmena dago hor.
Bigarren liburu hau inprentara bidali nuenean, berriz, espioia izatea egotzita frankistek atxilotutako moja bat identifikatu nahian nenbilen. Lortu ez nuenez, ez nuen liburuan sartu. Bada, aspaldiko ezagun batek esan berri dit bere izeko zela moja hori. Igandean, berriz, azken liburu honetako pasarte batzuen irakurketa egin genuen Literaturia jaialdi barruan, eta jende askoren esker ona jaso dut.
Dena jakin nahi dugu?
Ez dakit dena jakin nahi dugun, baina «egia osoa, justizia eta aitortza» bolo-bolo dabilkigu ahoan; bada, goazen horren bila. Justizia, epaitegiekin, ezinezkoa da orain, kriminaletako asko hilda daudelako, eta bizirik daudenak indarrean dagoen legediak zigorgabetzen dituelako. Horren kontra, beren hitza besterik ez daukate jazarrietako askok.
Sumatzen duzu badagoela norbere familiaren iragana justifikatzeko joera?
Denetarik dago. Batzuek jakin eta kontatu nahi dituzte beren aurrekoen ibilerak. Besteek, berriz, ezkutatu nahi dituzte. Arazoa da ezkutatu nahi dutenen nahia beti jarri ohi dela jakin nahi dutenen gainetik. Eta ia mende bat pasatu da! Ez litzateke beto eskubide gehiago onartu behar. Soka bat da historia, eta gu etengabe ari gara soka horretako zati bat mozten. Ordukoa eta ondorengoa ulertzeko eta interpretatzeko, datuak bildu eta eman egin behar dira.
Izenek sortu dute polemika.
Denbora asko eman dute memoria elkarteek eta ikerlariek orduko indarkeria politikoaren biktimen izenak berreskuratzen. Bada garaia biktimarioen zerrenda ere osatzeko. Izen-abizen horiek ezinbestekoak dira gerra ondoren ezarri ziren botere egiturak ulertzeko, izan ere, euretako asko frankismoko elite politiko, ekonomiko eta sozialetan agertzen direlako. Ez daukagu eskubiderik hurrengo belaunaldiei iragan hori ezagutzeko eta ulertzeko gakoak ukatzeko.
Zerk harritu zaitu gehien ikerketa honetan?
Hasieran, gerrari buruz hasi galdezka, eta frontea imajinatzen nuen bakarrik. Laster esan zidaten herriko zaharrek Zarautzen ez zela benetako gerra fronterik egon. Atzeragoardiako gerrak harritu nau gehien, kartzelatik-edo herrira bueltan zetorrenari ongietorri gisa jipoia ematen zion gerraosteko herri giroak. Zer gertatu ote zen elkarrekin hazi eta bizitako jendea horretaraino heltzeko, horixe da galdera. Asko ukitu nauen beste kontu bat emakumeen aurkako jazarpena izan da. Herriko gizon gazte asko frontera joan zenez, emakume ugari geratu zen herrian bakarrik. Asko, ume txikiekin. Jazarpen sexuala ohikoa zen, eta hori, garai hartan ere, tabu handienetako bat zen.
Zailagoak dira halako erasoak kontatzen, gerrakoak baino?
Logika militarrean, arerioaren etxeko emakumeen gorputza izan ohi da konkista eremu gutiziatuenetako bat. Ordukoaz hitz egin didaten andreak entzunda, gerra galtzaile izateagatik jasandako zapalkuntzari emakume izatearen zapalkuntza gehitu zitzaiola ikasi dut. Bi zapalkuntza horietan, bake sozialaren izenean, badakigu nor izan zen isilarazia: erasoa jasandakoa. Eta erasotzailea ere, komeni zitzaiolako, isilik beti. Hala, zigorgabetasuna eta isiltasuna lagun, bizpahiru belaunaldiren buruan, ia inork ez daki ezer.