36ko gerrako hobiak ikertu eta lokalizatzeko planaren balantzea egin du Eusko Jaurlaritzak, eta «lanean jarraitzeko konpromisoa» berretsi dute.
MEMORIA HISTORIKOA
Orotara, 110 gorpu berreskuratu dituzte hobietatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Gotzon Hermosilla -
2021eko otsailak 26
Berria
Orotara, azken urteotan 1936ko gerran hildako 110 lagunen gorpuak berreskuratu dituzte. Horietatik 108 gizonezkoenak ziren, eta bi, emakumeak. Hobien kokapena ikertzeko eta aztertzeko 2015-2020 aldirako plana aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak duela sei urte, eta orain horren balantzea egin dute: 128 toki aztertu dituzte, eta horietatik 46tan emaitza positiboa izan da, eta hobiak aurkitu dituzte. 46 hobi horietatik 24 Bizkaian daude, 15 Gipuzkoan eta zazpi Araban.
Aurkitutako 110 gorpu horietatik, 70 gudari edo milizianoenak ziren, 26 epaiketarik gabe fusilatutako herritarrenak, eta gainerako 14ak preso edo atxilo zeudela hil ziren. Baina guztietatik 27 baino ez dituzte identifikatu: kasu horietan, gorpuzkiak senitartekoei eman dizkiete. Besteetatik, asko Elgoibarren (Gipuzkoan) eraikitako Duintasunaren Kolunbarioan daude lurperaturik. Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri du beste bat irekiko dutela Urduñan (Bizkaia).
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan du «biktimen duintasuna eta memoriarako eskubidea» sustatu nahi izan dutela programa honekin eta memoriaren inguruko gainerako politikekin, «baina ez gorrotorako eta liskarrerako memoria, egia jakiteko eta bizikidetzarako baizik». Gogorarazi du 1936ko gerran hil zirenei buruzko datuak sarean jarri zituztenetik, Gogora institutuaren web orriak 20.000 bisita izan dituela, eta horrek, Urkulluren aburuz, erakusten du memoriaren gaiak interes handia pizten duela: «Ez dugu ahaztu nahi, ezin dugu ahaztu, eta ez dugu ahaztuko».
Etorkizuna «biktima guztien duintasunaren eta memoriaren gainean» eraiki nahi dutela nabarmendu du Urtkulluk, eta iraganeko egiak azaleratzeko borondate horretan ez du salbuespenik egin nahi izan 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen urteurrenarekin: «Horretan ere egia osoa jakitearen aldekoak gara, sekreturik gabe, inoiz berriro gerta ez dadin».
Aranzadi elkarteko Paco Etxebarria ere ekitaldian egon da. Gogora ekarri ditu nola hasi ziren hobiak lokalizatu eta biktimen gorpuak berreskuratzeko lanetan, duela hogei urte baino gehiago, eta nabarmendu du lan horrek guztiak merezi izan duela, «besterik ez bada ere, gorpuak hiltzaileek abandonaturik utzi zituzten lekuan gera ez zitezen». Etxeberriaren esanetan, biktima guztiek eskubideak dituzte, «eta horrek esan nahi du gainerakook, biktima ez garenok, betebeharrak ditugula; ez ahazteko betebeharra».