Guardia Zibilek exekutatu omen zituzten Mikelon eta Mujika

2022/11/24
Nahiz eta azken 50 urteetako bertsio ofizialak zioen tiroketa batean hil zirela, ikerketa batek frogatu du Guardia Zibilak exekutatu zituela

Jaurlaritzak dio Mujika eta Martinez de Murgia exekutatu egin zituztela

 

Joxe Benito Mujikari eta beste zenbait etakideri 2009an egindako omenaldi bat. Joxe Benito Mujikari eta beste zenbait etakideri 2009an egindako omenaldi bat. GORKA RUBIO / FOKU
Berria

 

2022ko abuztuak 31

Duela mende erdi, 1972ko irailaren 2an hil zituzten Joxe Benito Mujika Xenki eta Mikel Martinez de Murgia Murgi etakideak, Lekeition. Azken 50 urteetan zabaldutako bertsio ofizialak zioen tiroketa batean hil zituztela, baina, bertsio hori gezurtatuta, Guardia Zibilak hil zituela frogatu du Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa batek. Hildakoak omentzeko ekitaldi bat antolatu dute Lekeition ostiralerako. Iñigo Urkullu lehendakariak esan du ebazpena ez duela Gobernu Kontseiluak igorri, horretarako ardura duen balorazio batzordeak baino; erabakia errespetatzen duela adierazi du. Horrez gain, gogorarazi du batzorde hori «erabat independentea» dela, eta ez daukala horren gaineko eraginik.

Urte askoan kasua isilpean egon ondoren, 2016ko urriaren 2an, Lekeitioko Udalak Gogora institutuari eskatu zion ikerketa bat zabaldu zezala gertatutakoaren gaineko egia azaleratzeko. Bi urte geroago, hildakoen senideek eta Egiari Zor fundazioak Jaurlaritzari errekurtsoa aurkeztu zioten, 2016. urtean indarrean jarri zen 107/12 legearen bidez —lege horren xedea da 1960tik 1978ra bitartean «motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa» ematea—, eta gertatutakoa ikertzeko eskatu zioten. Azterketa luze baten ondoren, ekainean iritsi zitzaien legearen bidez aitortzak emateko sortutako balorazio batzordearen ebazpena.

Mujika eta Martinez de Murgia «exekuzio arbitrarioaren biktima» ofizialtzat aitortu ditu ebazpen horrek, eta adierazi du bizitzeko eskubidea urratu ziela Guardia Zibilak. Egiari Zor fundazioak BERRIAri azaldu dionez, gertatutakoa argitzeko, hilketaren egunean han zeuden zenbait lekukoren testigantzak bildu dituzte, eta baita medikuen datuak ere: «Jende askorekin hitz egin dute. Garai hartan gorpuen azterketa egin zuten medikuetako batekin ere lanean ibili dira, eta hark gordeta zeukan oraindik informazio guztia; kasua oso ondo gogoratzen zuen, gainera».

Lekeitioko Dendari kaleko etxebizitza batean hil zituzten biak. Medikuen txostenetan ageri zen Mujikak tiro bakarra zeukala eztarrian, baina lekukoek adierazi dute tiro hura frankotiratzaile batek bota zuela etxearen pareko eraikin batetik, Mujikak balkoiko atea zabaldu zuenean. Martinez de Murgiaren kasuan, berriz, txostenean zehazten da hogei tiro jaso zituela gerriaren inguruan, baina guztiak atzealdetik. Horrek bertsio ofiziala gezurtatzen duela azaldu du Egiari Zor fundazioak: «Tiroketaren teoria baieztatzeko, tiroek gutxienez gorputzeko alde batean egon beharko lukete, eta, kasu honetan, guztiak atzean daude».

Zerrenda luze baten parte

Mujika eta Martinez de Murgiarena ez ezik, beste dozenaka kasu ere aztertu ditu Jaurlaritzak, eta biktimatzat aitortu dituenekin 46 izeneko zerrenda bat egin du, haien artean sei hildako. Datuak babesteko legea dela eta, ordea, ez du zerrenda plazaratu, baina ebazpenak bidali dizkie senideei. «Senideekin hitz eginda erabaki genuen kasu honek hedapen publiko bat merezi zuela: 50 urteko bertsio ofizial baten gezurraren pisua pairatu behar izan dute», azaldu du Egiari Zor fundazioak.

Horiek horrela, ostiralerako ekitaldi politikoa antolatu du Egiari Zor fundazioak, Egia jakiteko garaia da lelopean, Lekeitioko Dendari kalean duela 50 urte bi etakideak hil zituzten lekuan bertan. 50 urte Xenki eta Murgi plataformarekin batera antolatu dute, eta hildakoen senideak ere bertaratuko dira. 19:00etan hasiko da, eta, ekitaldi politikoaz gain, lore eskaintza egingo zaie Mujika eta Martinez de Murgiari. Lekeitioko Udalak harrera instituzionala egingo die senideei ekitaldiaren aurretik.