Giza eskubideei urraketarik ez, aldarrikatu du Memoria Osoak

2024/11/11
Memoria Osoa plataformak deituta, estatu indarkeriaren zenbait biktima elkartu dira Gasteizen, giza eskubideen urraketak ikusarazteko eta biktimei ahotsa eta babesa emateko. Aitortza eta erreparazioa eskatu dute biktimentzat.

«Diskriminaziorik» gabeko bizikidetza aldarrikatu dute estatu bortxaren biktimek

Axun Lasak hitz egin du biktima guztien izenean, Gasteizko Artium museoan egindako ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Axun Lasak hitz egin du biktima guztien izenean, Gasteizko Artium museoan egindako ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
aitor biain
Berria
2024ko urriaren 12a

Erakunde publikoetako ordezkariak eta agintari politikoak Guardia Zibilari gorazarre egiten ari zitzaizkion ia ordu berean, estatu indarkeriaren biktimek ahotsa goratu dute, halako omenaldiek haiengan sortzen duten «oinazea eta birbiktimizazioa» salatzeko. Memoria Osoa plataformak deituta elkartu dira gaur, Gasteizen, giza eskubideen urraketak ikusarazteko. Aitortza eta erreparazioa zor zaiela adierazteko. «Bazterketarik eta diskriminaziorik gabeko» bizikidetza aldarrikatzeko.

Gasteizko Artium museoko auditoriumean egin dute ekitaldia, Berriro ez. Aitortza, erreparazioa, elkarbizitza lelopean eta Zumetaren Gernika margolanaren irudia atze-oihal gisa hartuta. Aretoa lepo bete da ekitaldirako, eta ezin sartu geratu denik ere izan da. «Elkar zaintzeko» ariketa kolektibo bat izan da, antolatzaileen esanetan; biktimei eta haien senideei babesa adierazteko eta elkarbizitza eraikitzeko duten konpromisoa berresteko saio bat.

Ekitaldi xumea izan da, baina esanahi handikoa. Bertan izan dira, hain justu, estatu indarkeriaren hainbat biktima, baita gizarteko eta politikaren alorreko ordezkari ugari ere. Saioaren hasieran, biktimen minaz jabetzeko hainbat pasarte kontatu ditu Amaia Urizarrek—2004an atxilotu eta torturatu zuen Guardia Zibilak—. Biktimenganako «errespetua eta aitortza» galdegin ditu Urizarrek, eta neurriak hartzeko exijitu, haiek jasan zutena beste inork sufritu ez dezan: «Biktima guztionganako errespetuz, ez dadila berriz gertatu».

Leporaino bete da auditorioa ekitaldirako; lehen lerroan jarri dira biktimak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Leporaino bete da auditoriuma ekitaldirako; lehen lerroan jarri dira biktimak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Biktimak aitortzeko beharra

Biktima guztien izenean, Axun Lasak hartu du hitza, Guardia Zibilak torturatu eta GALek 1983an hildako Joxean Lasaren arrebak. Adierazi du egun hauek bereziki «gogorrak» izaten ari direla biktimentzat eta haien senideentzat, «emozionalki kudeatzeko zailak» direlako. Baina aitortu du baliagarriak zaizkiela «sektore politiko eta instituzional baten hipokrisia» agerian uzteko.

Izan ere, Guardia Zibilak jendaurreko ekitaldia egin du lehen aldiz Gasteiz erdigunean, Hispanitate Egunaren aitzakian, eta erakunde publikoen babesa eta aitortza jaso ditu bertan. Bada, Lasak salatu du giza eskubideak urratu dituztenei plaza publikoa eskaini eta omenaldia egitea «indarkeriaren apologia, gorazarre eta legitimazio ekintza» dela, eta, ondorioz, biktimen «kriminalizazio sinbolikoa» ere bai.

Gaitzetsi du urte «gehiegi» daramatzatela sufritu zutena ahaztu nahian, minari aurre egin nahian: «Egunen batean ahaztu ahal izango dugu batzuok hiltzea desio izan genuela haien eskuetan, oinaze hura jasaten ez jarraitzeko. Nahiago nuke inoiz ahaztuko ez bagenitu infernu hartan geratu zirenak; inoiz itzuli ez zirenak».

Adierazi du, halere, aspaldi dela «bizikidetza demokratikorako esparru integral bat» eraikitzeko lanean dihardutela, zeinetan pertsona guztien eskubideak errespetatzea izan beharko litzatekeen «gizarte kohesiorako elementua». «Urte horiek ez dira errazak izan, eta elkarrizketarako, entzuteko eta eskuzabaltasunerako jarrera behar izan dute. Urte horietan, guk geuk ahal izan duguna eman dugu, eta batzuetan, ahal genuena baino gehiago», esan du.

Helburu hori lortzeko konpromisoa dutela berretsi du, edonola ere: «Bizikidetzarako marko integral baten alde lan egiten jarraitzeko konpromiso irmoa berritzeko gaude hemen, non bazterketak, diskriminazioak, eta garenari edo egin zigutenari buruzko ikuspegi partikularren inposizioak lekurik izango ez duten». Eta ohartarazi du «batzuek» oztopoak jarri nahi dizkieten arren ez direla helburu horretatik aldenduko: «Ziur baikaude merezi duela».

«Egunen batean ahaztu ahal izango dugu batzuok hiltzea desio izan genuela haien eskuetan, oinaze hura jasaten ez jarraitzeko»

AXUN LASA Guardia Zibilak torturatua eta GALek 1983an hildako Joxean Lasaren arreba 

Helburu hori lortzeko bidean, ordea, lehen pausoa estatuaren indarkeriak eragindako kaltea aitortzea eta biktima bakoitza errekonozitzea da, Lasaren esanetan, eta ezinbestekotzat jo du hori. «Beharrezkoa da gure aurka eta gure senideen aurka egindako krimenen ondoriozko erantzukizun politikoak argitzea; horiei bide eman zieten baldintzei buruz hausnartzea eskatzen du, ondorioak ikusaraztea, eta zigorgabetasuna naturalizatzeari uztea», azpimarratu du.

Horregatik, mezu bat bidali nahi izan die «biktimarioen zuritze ekintza lotsagabea justifikatzeko helburuz» egun hauetan «ustezko normalizazio demokratikoa» eskatu dietenei: «Guk eskua luzatzen dugu parametro horietatik bizikidetza demokratikoa eraikitzeko. Eta zuek?».

«Normaltasun demokratikoa»

Sansomendiko kuarteletik hiriaren erdigunera eraman du Guardia Zibilak bere ospakizun ekitaldia lehenbiziko aldiz. Euskal Herriko kuarteletako 70 bat guardia zibilek parada militarra egin dute hasieran, eta omenaldia egin diete gero lanean zirela hildakoei. Espainiako ereserkia ozen entzun da Gasteizko Plaza Berrian, eta are ozenago entzun dira Espainiaren, Guardia Zibilaren eta Espainiako erregearen aldeko oihuak.

Maider Etxebarria Gasteizko alkatearen eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren babesa izan dute bertan. Ekitaldia Gasteiz erdigunean egitea «normaltasun demokratikoaren erakusle» dela adierazi du Garmendiak, hain justu ere. Eta gaineratu du euskal gizartearen «aniztasunaren» isla ere badela. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Eliza katolikoaren, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren ordezkariek. Izan da ekitaldia ikustera hurbildu denik, baina ez plaza betetzeko adina.