GGEE-en aldezle tinkoa hil da
2017/04/18
Carlos Slepoy
Frankismoko okerren aurka, Argentinara so
Diktaduratik ihesi Espainiara heldu, eta frankismoko buruen zigorgabetasunak asaldatu zuen; estalitako eta zuritutako krimenak epaitu nahi zituen, Argentinan irekitako kereilaren bitartez. Hil egin da.
2017-04-18 / Arantxa Iraola
- Atzo ilunabarrarean hasi ziren sare sozialetan mezuak zabaltzen: Carlos Slepoy hil da. Berehala, baieztapena Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko Koordinakundeko Charo Arroyoren hitzetan: atzo hil zen, Madrilen. Ezin zuten arrangura ezkutatu: «Giza eskubideen defentsan jardun zuen beti». Hain justu, sorterria ere —Argentinan sortua zen, Buenos Airesen, 1949an— defentsa horretan jarduteagatik utzi behar izan zuela nabarmendu zuen, eta harentzat bide logikoa izan zela, bizileku berrian, bere jardunbidetik —abokatua zen, ospetsua— frankismoko krimenen zigorgabetasunaren aurka egitea: «Izan ere, bertan horren kontra egiten ez zenez, herrialde lagun baten bidez egin zitekeen ustea izan zuen». 2010. urtean abiatu zen, hain zuzen ere, Argentinan krimen horien kontra abian dagoen auzibidea —Maria Servini epailearen ardurapean dago— eta testua lantzen aritu zirenen artean egon zen Slepoy. Esperientzia zuen tankerako beste hainbat auzitan; justizia unibertsalaren alde irmo aritua zen, alorreko izen ezagunenetarikoa.
Euskal Herrian izana zen kereilaren asmoen berri ematen. Eta horren garrantziaz ohartarazten. «Kontuan izan behar da Franco hil zenetik 38 urteko inpunitatea daramatela diktadurako krimenek. XX. mendeko genozidio handienetako batean parte hartu zutenek ez dute justiziaren aurrean deklaratu», adierazi zuen 2013ko azaroan BERRIAri eskainitako elkarrizketa batean. Esperantza azaldu zuen garai hartan, kereila gero eta sostengu zabalagoa jasotzen ari zela esan zuen, eta Argentinan «babes handia» zuela, gainera. Usu deitoratu zuen Espainiako Gobernuaren jarrera, baita elkarrizketa hartan ere: «Espainiako Gobernuaren jokabidea erabateko engainua da». Hain justu, trabak jarri dizkio kereilari eta hor salatzen diren krimenak ezin direla epaitu argudiatu izan du. Kontra egiten zien, ordea, Slepoyk beti era horretako arrazoibideei: «Gizadiaren aurkako krimenak ez dira inoiz baliogabe gelditzen». Amaiera arte irmo jarraitu duela azaldu zuten atzo Ceaqua koordinakundeko kideek. «Herri eta hiriek frankismoaren aurka auzitara jotzea: hortxe ikusten zuen aurrera egiteko bidea», azaldu zuen atzo Arroyok. Horixe da, esaterako, Iruñeko Udalak lehengo hilean eginiko urratsa, eta beste hainbat erakundek ere egin asmo dutena.
Keinu horiekin prozesua hauspotzeko esperantza zuen Slepoyk. Haren kideek oroitarazi dute, ordea, mesfidantza handia zuela PPk zuzenduriko gobernuan. Halaxe, orain urte bi emandako beste elkarrizketa batean gobernu aldaketan zuen jarria itxaropena: «Ezin dugu inolako lankidetzarik espero Espainiako Gobernu honetatik. Baina aurki beste bat egongo da». Lehengoak jarraitzen du, ordea. Eta sasiz eta trabaz jositako bidean jarraitu zuen Slepoyk amaierara arte.