Gerrako Hobiak

2016/01/02
28 kokaleku aztertuko ditu Aranzadik, 1936ko gerrako hobi gehiago bilatzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan topatutako 80 hobiak 2020. urterako ikertuta egotea espero dute. Mapa bat osatu du Eusko Jaurlaritzak

Berria.eus / 2015.12.31

 

Monika Hernando eta Paco Etxeberria, atzo aurkeztutako planaren zenbait ale eskuetan dituztela.

 

Ander Gartzia Badiola

 

Laurogei kokalekuk osatzen dute Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Euskadiko hobien mapa. Bertan, orain arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurkitu dituzten hobien informazioa bildu dute, 1936ko gerra garaikoak. Helburua da desagertutako pertsonen inguruko informazioa argitu eta gorpuak hobietatik ateratzeko protokoloa zehaztea. Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak aurkeztu zuen, atzo, 2015-2020rako plana. Haren ondoan izan zen Paco Etxeberria, Aranzadi elkarteko presidentea; hain zuzen, berak zuzenduko ditu ikerketak.


Datozen bost urteei begira, Etxeberriak posible ikusten du orain arte topatutako 80 hobiak ikertzea, nahiz eta ezinezkotzat duen denak aurkitzea. «Ezingo dira denak lurpetik atera, ez baita bideragarria, asko eraikin industrialen azpian daudelako, edo desegin zirelako hilerrien hazkundearen eraginez».

Planean, gainera, azken urteetan atzeman dituzten 28 ehorzketa gune posible ere ikertuko ditu Aranzadi elkarteak, hobi gehiagoren bila. Araban daude hamar: Untzan, Abornikanon, Gopegin, Aprikanon, Sendadianon, Zanbrana Arangio mendian, Albinako urtegian, Krutzetan eta Abornikanon. Beste 11 Bizkaian daude, Mendata, Fika, Arrieta, Zamudio, Galdakao, Zornotza, Kortezubi, Mendata, Etxebarria, Fika eta Diman; eta zazpi Gipuzkoan: Eibar, Ibarra, Donostia, Tolosa, Zumarraga, Deba eta Saturraranen.

Gune posible horiek aurkitzeko, beharrezkoa izan dute eremua aztertzea, dokumentatzea eta lekukotzak jasotzea. Halere, Etxeberriak azaldu du testigantza berriei esker gune gehiago topatzeko aukera ere izan daitekeela. «Duela hamar egun Bizkaitik deitu ziguten, hobi berri baten inguruko informazioa emateko. Deitu zutenak orain arte ez dira ausartu hori egitera. Jende asko beldur izan da, arazotan sar zitekeela pentsatuta».

1.500 eskaera 

2003an, Eusko Jaurlaritzak plan bat jarri zuen martxan, 1936ko gerran izan ziren errepresaliatu, fusilatu eta desagerrarazitako pertsonen egoera ikertzeko. Hernandok gogoratu du ordutik hona biktimen senideek egindako 1.500 eskaera aztertu dituztela. Guztira, protagonisten eta senideen 500 lekukotza baino gehiago grabatu dituzte bideoan. 2002ko irailean erabili zuten aurrenekoz, Zaldibian (Gipuzkoa), hobi bat irekitzeko metodologia zientifikoa. Halere, aurretiaz senideek eta elkarteek egindako lana azpimarratu du Hernandok: «Jende asko saiatu da topatzen eta berreskuratzen bere senide eta lagunen gorpuzkiak. Ekintza horiek balio handia dute, beharrezko bulkada izan baitira biktimen memoria aldarrikatzeko eta gertaerak ikertzeko».

Bestalde, planaren bidez, jarduera protokolo bat zehaztu nahi dute, aurkikuntzak eta ikerketak eragile polizial eta juridikoei jakinarazteko. Horretarako, NBEren 1991ko Minnesotako Protokoloa hartu dute erreferentzia gisa, helburu batekin: hobiak irekitzen dituzten taldeei gutxieneko estandarrak eskaintzea, era horretan prozedura baliozkoa izateko, izapide judizialei begira.