Gerra krimenak izan zituzten emakumeek hizpide
Gerraren kontakizun herrena
Emakume bakarra. 36ko gerraren berri eman zuten nazioarteko kazetariak zerrendatzean, andre bat baino ez du aipatzen Hugh Thomasek. Paul Prestonek, berriz, hamar izen ematen ditu. «Hamar bakarrik?», galdetu zion bere buruari Bernardo Diaz Nosty kazetari, ikerlari eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleak, bi historialarien lanak irakurtzean. Iruditu zitzaion gehiago behar zutela izan, eta, hala, haien arrastoan jarri zen.
Hainbat urteko ikerketak baieztatu egin du hasierako hipotesia: ez zen bakarra izan, ezta hamar ere; 183 andrek informatu zuten gatazkaz, gutxienez. Horien denen biografiak bildu ditu Diaz Nostyk Periodistas extranjeras en la Guerra Civil liburuan —Bilboko Bidebarrieta liburutegian egon da berriki hura aurkezten, Euskal Kazetarien Elkarteak gonbidatuta—. Haietatik hogei inguruk Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik eman zuten gertatzen zenaren berri.
Ondare «ikusezina» da, kazetariaren berbetan. Haien ahotsak ahaztu direlako, bai, baina bazter utzi delako, era berean, haiek kontatutakoa. Arreta ez baitzuten jarri gizonezkoek landutako gai beretan. Horra baieztatutako beste hipotesi bat: «Ernest Hemingwayk, John Dos Passosek eta enparauek kontatutako gauza bera adierazi zuten emakumeek? Ez. Gerraren interpretazio oso ezberdina egin zuten». Gizon kazetariak xehe-xehe mintzatu ziren baliabide militarrei buruz, hizpide izan zituzten tankeak, hegazkinen motorrak, fusilak, armen kalibreak, gerra estrategiak; eta, orobat, bizitza politikoaren nobedadeetan jarri zuten arreta.
Alabaina, andreen kronikek «ehun soziala» izan zuten jomuga. Guda zelaiei muzin egin, eta herrian geratu ziren gizonek, emakumeek eta haurrek bizitakoak helarazi zituzten: sufrimendua, jaki falta, atzegoardiako nekeak, ospitaleetako gorputegiak. Kasu baterako, umeak aterpeetara eramaten zituzten andreei erreparatu zien Esther Zilberberg poloniarrak, Bilbon banatzen zen Mujeres (Emakumeak) berripapererako idatzitako erreportaje batean.
Irungo (Gipuzkoa)bonbardaketa, Hendaiatik (Lapurdi) ikusita, gerraren hasieran, 1936an. MILANGO L’ILLUSTRAZIONE ITALIANA
Diaz Nostyren arabera, 36ko gerrako berrikuntzetako bat izan zen eraso andana bat egin zutela gizarte zibilaren aurka, «nagusiki Hitlerrek eta Mussolinik bidalitako hegazkinek», eta andreek gordin erakutsi zituzten horien ondorioak. Gerra krimenen berri eman zuten, finean. «Erasook bete-betean sartzen dira tipifikazio horretan. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, halakoak gizadiaren kontrako krimentzat hartu ziren».
Urtebete eskasean bildu ziren emakume horiek guztiak: batzuk errepublikazaleak ziren, baina egon ziren, halaber, frankisten alde egin zuten profesionalak. Kazetari gehienak Errepublikak kontrolatutako guneetara joan ziren, eta, hori horrela, Nafarroa gutxi aipatzen da profesional horien testuetan. Edonola ere, salbuespen bat aipatu du Diaz Nostyk: Frances Davis.
AEBetakoa zen, eta 36ko gerra hasi baino lehen Europara lekualdatu zen, korrespontsala izateko asmoarekin. Gatazka hasi zenean, Parisen zegoen, eta handik Hendaiarantz (Lapurdi) zihoan lehen trena hartu zuen. Ez zuen egiaztagiririk, eta, beraz, muga gurutzatzeko zain zegoen gizonezko kazetarien talde bati lotu zen, haien laguntzaile gisa lan egiteko, eta Hegoaldera igaro ahal izateko. Gauero-gauero, Ipar Euskal Herrira joaten zen, egunean kazetari horiek idatzitako piezak transmititzeko. «Gau batean, hartzen zituen arriskuekin harrituta, Daily Mail egunkariko zuzendariak kontratatu egin zuen». Frankisten aldeko lerro editoriala zuen egunkariak, eta testuak aldatu egiten zizkioten; aurrerago, Chicago Daily News berripapererako hasi zen beharrean.
Bonben oihartzuna
Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutenean, Bilbon zegoen Elizabeth Wilkinson, Londresko Daily Worker egunkariko korrespontsala. Biharamunean, herrira joan zen, erasoaren ondorioak bertatik bertara dokumentatzeko, eta handik egindako aurreneko kontakizunetako bat izan zen. «Atzo, 13:30 aldera, Gernikara heldu nintzen. Toki bakezalea zen, fabrikarik eta armamenturik gabea, ez zegoen troparik han kokatuta. Baserritarrak eta haurrak lasai zebiltzan kalean oinez».
Eta, ondoren, erasoa gogoratu zuen, xehetasun oparoz. «Arratsaldeko lauretan, errebeldeek bonbardaketa bortitz bati ekin zioten: zazpiak arte iraun zuen, etenik gabe. Alemaniako 50 hegazkinek baino gehiagok bonbak bota zituzten hirian, eta kaleak metrailatu zituzten. 23:00etan, herri osoa sutan zegoen, eta etxe bakar bat ere ez zen zutik geratzen. Kaleetan eta plazetan pilatu egiten ziren infernutik berreskuratutako jabetzak. Jendea desagertutako senideen bila ari zen, emazteen, alaben, senarren, nobioen, umeen bila».
Geroago, Anna Siemsen Alemaniatik erbesteratutako idazleak ere oroitu zuen erasoa: orduko hartan, bizirik ozta-ozta atera zen ume baten larrutik so egin zion jazotakoari. «Bonbak bazter guztietan lehertzen ziren, eta metraila jaurtitzen zuten. Ia ito egin ginen kearekin eta hautsarekin; beraz, osabak esan zigun berarekin ihes egiteko landa eremura. Ehun pauso baino ez genituen emanda hegazkin bat agertu zenean, metrailadorearekin etenik gabe tiro egiten. '¡Ai, ai!', oihukatu zuen osabak; eta, bat-batean, zerraldo erori zen, odoleztatuta».
Paule Herfort kazetariak Parisko 'L’Intransigeant' egunkarirako egindako kronika, bonbardaketaren ostean Gernikan sartu eta gero. 'L’Intransigeant'
Wilkinsonek eta Siemsenek hitzez helarazi zuten masakrea; Fifi Robertsek, berriz, irudiak eskaini zituen. Seven Seas Spray ontziko kapitainaren alaba zen, eta hura ere Bilbon zegoen ordu hartan. 20 urte zituen. Gernikara bidaiatu, eta herri xehatua agertu zuen News Chronicle-n argitaratu ziren argazkietan. «Hondakinen artean, amak umeen bila ari dira, eta, umeak, gurasoen bila», nabarmendu zuen. Eta, Diaz Nostyk azaldu duenez, erasoaren egileen inguruko lehen pistak eman zituen, eztanda egin ez zuten bi bonba topatu baitzituen, eta Alemaniako identifikazio markak zituzten.
Erantzuleak nor ziren argitzeko bide horretan, argigarria izan zen Virginia Cowles AEBetako kazetariaren lekukotza. Bi aldeetatik informatu zuen Cowlesek, hala errepublikanoenetik nola frankistenetik. Artean ukatzen ari ziren alemanak izan zirela erasotzaileak, eta espekulatzen hasi ziren: Asturiasko (Espainia) meatzariak, errepublikanoak... Baina militar frankista batek bere gain hartu zuen ekintza, harro, Cowlesen aurrean: «Guk bonbardatu genuen Gernika, merezia zuten eta». Prentsaz arduratzen zen ofizialak entzun egin zuen, eta Cowles ohartarazi, berbok zabaldu ez zitzan. Kazetariak, mehatxuari entzungor egin, eta publikatu egin zituen.
Dena den, bertsio dantza egon zen Gernikako erasoaren inguruan, eta andre batzuek ere parte hartu zuten gertatutakoa lausotzen. Florence Farmbourugh britainiarrak —frankisten aldekoa zen— adierazi zuen Gernikak «amorru gorria pairatu» zuela, «boltxebikeak» jo baitzituen erantzuletzat. Orobat, Parisko L'Intransigeant hedabideko Paule Herfortek errepublikanoei egotzi zien Gernika, Mungia eta beste herri batzuk bonbardatu izana.
Erbesterakoan gidari
Kazetari aritu ziren 36ko gerran, baina andre horietako batzuek beste behar batzuk ere egin zituzten. «Lan humanitarioa ere egin zuten», esan du Diaz Nostyk. Leah Manning britainiarrak, esate baterako, umeen erbestea antolatu zuen Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta, gainera, bidaiaren berri eman zuen. Gernika bonbardatu zutenean, are presazkoagoa bilakatu zen ihes egitea, eta egun gutxi batzuetan atondu zuten bidaia. Habana itsasontzia, zeina 800 lagun garraiatzeko prestatuta baitzegoen, 4.000 lagunekin bete zuten: umeak, gehienbat, baita erizain, mediku, irakasle eta apaiz batzuk ere. Santurtziko (Bizkaia) portuko giroa deskribatu zuen Manningek. «Bonbei desafio egiten zieten senitartekoz osatutako masa mardul eta iluna zen moila; bitartean, umeak —batzuk pozik eta hunkituta, beste batzuk negarrez— ontzira igo ziren, txandaka. Handik hurbil, britainiar marinako bi itsasontzik bizkarra zaintzen ziguten».
Ontziak Southampton (Ingalaterra) zuen jomuga, eta bidaia ez zen samurra izan. Manningek xehe eman zuen egoeraren berri. «Irrist egiten genuen beherako eta txiza putzu batetik bestera; umeei ur tragoak ematen genizkien, eta ziurtatzen genien ez zirela faxistak izan itsasoa harrotu zutenak haien kontra».
Hainbat ume, Habana itsasontzian, Southamptongo portura (Ingalaterra) ailegatu berritan, 1937an. HARTLEY LIBRARY. SOUTHAMPTONEKO UNIBERTSITATEA
Aileen Moore britainiarrak ere eman zuen zeharkaldiaren berri. Erizaina zen, izatez, eta Britainia Handitik Bizkaira lekualdatu zen propio Habana ontziaren bidaietako batean parte hartzeko. Umeak zorabiatuta zeuden, botaka egiten, eta beherakoarekin. «Ohasketan egokitzeko, 1.500 koltxoi eskatu ziren, baina 500 baino ez ziren heldu. Ohe bakoitzean lau ume genituen, eta alfonbra gainetan ere bazeuden, lurrean, koltxoiak falta zirelako. Gela guztiak lepo zeuden».
Arazoa ez zen bakarrik fisikoa, ordea. «Horietako batzuek ikusia zuten nola metrailatu zituzten haien gurasoak; beste batzuk zaurituak zeuden, eta guztiek falta zuten jatekoa; abegi egiten ez zuen herri heze batekin topo egin zuten, non ohiturak erabat aldentzen ziren haiek ezagutzen zituzten horietatik».