Gaitzetsi bai baina parkamena eskatzea ez

2022/10/04
Urkulluk «pauso positibotzat» jo du, baina uste du gehiago eman beharko direla etorkizunean

Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena

Espainiako Gobernuak lehenengoz «gaitzetsi» du bonbardaketa

Berria
2022ko apirilak 27

«Adierazpen instituzional honen bidez, zeinek Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenarekin bat egiten duen, Espainiako Gobernuak uste du herri horrek 1937ko apirilaren 26an jasan zuen bonbardaketak aringarririk gabeko gaitzespena merezi duela». Hala adierazi zuen Espainiako Gobernuak, Felix Bolaños Presidentetza ministroak izenpetutako adierazpen batean, Gernika-Lumon (Bizkaia) bonbardaketaren urteurrena oroitu zuten egun berean. Ez zuen barkamenik eskatu, hala ere. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «pauso positibotzat» jo zuen adierazpena, baina gehitu etorkizunean halako gehiago iritsi beharko direla, «egian oinarritutako memoria bat eraikitzeko».

Gobernuak adierazi zuen «berritu» egin duela «Espainiako gizarteak biktimekiko eta haien senideekiko duen aitortza». Horrez gain, «biktima guztien memoriari konpromisoa» agertu zion, baita bizirik atera zirenenari ere. «Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak» berretsi zituen, baita «bakearen iraupenari lagunduko dion memoria komun bat» eraikitzeko asmoa ere. Hala, «gerraren basakeriaren eta izuaren sinbolo unibertsaltzat» jo zuen Gernika.

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak adierazi zuen hegazkin nazi eta faxistek Gernika bonbardatu zutenekoa 36ko Gerrako «gertakari krudelenetako bat» izan zela, eta, 85 urte geroago, «gogoan» dituztela eguna bera eta orduan hildakoak. «Memoria ezinbestekoa da gizarte demokratiko eta baketsu bat eraikitzeko», amaitu zuen.

Espainiako Gobernuak bonbardaketak oroitzeko ekitaldi batera lehenengoz ordezkari bat bidali zuen egun berean zabaldu zuten adierazpena. Fernando Martinez Lopez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu idazkaria Gernika-Lumon izan zen atzo, hegazkinek herria bonbardatu zutela 85 urte direla oroitzeko ekitaldietan, gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasorekin batera.

Orain arte, frankismoaren bertsioari bere horretan eutsi izan zion Espainiako Gobernuak. «Francoren Espainiak ez du su ematen», adierazi zuen erregimenak bere garaian, eta Gernikako herritarrak eta «gorriak» egin zituen erantzule. Geroztik, agintean izan diren gobernuetariko bakarrak ere ez du aldatu bertsio hori, ezta Espainiaren izenean barkamena eskatu ere.

Urkulluren esanetan, azken urteetan eskatzen ari ziren zerbait zen «gobernu demokratiko batek» duela 85 urte bizitako sufrimenduaren errekonozimendua egitea. Halere, uste du pauso gehiago ere eman beharko direla, oraindik ere Gernikan gertatutakoaren inguruko «gezurrak» presente daudelakoan.

Kalte-ordain ekintza eske

Atzoko pausoa «garrantzi handikoa» dela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak ere. Haren esanetan, herritarrek sufritu zuten mina aitortzea ezinbestekoa da «elkarbizitza demokratikorako», afera «hainbestetan» zalantzan jarri eta gero. Halere, salatu zuen Madrilek ez diola erantzunik eman lehendakariak eta EAJk eginiko eskaerari. Jeltzaleek «kalte-ordain ekintza bat» antolatzeko eskatu zioten Sanchezi. Izan ere, bozeramaileak uste du Gernikako herriak «bi aldiz» sufritu zuela; erasoarekin lehenik, eta «bonbardaketa gertatu izanaren ukazioaren gezurrekin» gero.

Hala egiteko eskatu zion Estefania Beltran de Heredia senatari jeltzaleak Bolañosi ere, argudiatuta Gernika «gerraren aurkako sinbolo unibertsal bat» dela: «Saihestu egin duzu estatuaren ardura historikoa onartzea».

Presidentetza ministroaren arabera, ordea, Espainiako Gobernua ez da gertaera haren erantzule. Izan ere, gogoratu zuen bonbardaketa ez zuela «gobernu legitimo batek» egin, «kolpistek» baizik.

PSE-EEko kideek ere diskurtso horrekin bat egin zuten. Itxasok azaldu zuen Espainiako Gobernuak ez duela zertan kalte-ordainez hitz egin, «horretarako lehenik kalte bat egin behar delako». Haren esanetan, Espainiak «estatu demokratiko gisa» eta haren gobernuek ez dute zerikusirik Gernikako bonbardaketarekin. Bide beretik, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak nabarmendu zuen Espainiakoa «biktimen ondoan dagoen» gobernu bat dela, «Errepublikaren legalitate demokratikoaren oinordeko». Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak ere eskertu zuen Martinez Lopezen parte hartzea, «zauriak ixten laguntzen duelako».