Frankismoaren ondorengoek zigorgabetasunaren alde berriz
Memoria Historikoa
Frankismoaren biktimei erreparazioa emateko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak
Diktadura frankistaren azken urteetako gidariek abiarazitako alderdiak ez beste guztiek onartu dute Memoria Historiko eta Demokratikoaren legea Eusko Legebiltzarrean. Halaber, 36ko gerraren eta diktaduraren biktimen erreparaziorako legearen aurka bozkatu du PPren banaketa batetik sortutako Voxen ordezkari bakarrak eta desagertzeko bidean den Ciudadanoseko bakarrak; baina, hala ere, 71 legebiltzarkideetatik 64k eman diote baiezkoa legeari, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUkoek; lau falta ziren ganberan.
Hala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, beste urrats bat egin dute 1936tik 1978ra arteko biktimen memoriaren erreparaziorako politika publikoek, eta ganberan gonbidatu gisa zeuden memoriaren aldeko taldeetako kideek txalo zaparradarekin eskertu dute onarpen hori. 36ko gerra, haren osteko diktadura eta trantsizioaren zati bat hartzen du legeak, Espainiako Konstituzioa abiatu arte. Haren helburua da memoria historikorako politika publikoak arautzea, sustatzeko «erreparazio morala, memoria pertsonala, familiarena eta soziala, arrazoi politiko, sindikal, ideologiko edota sinesmen erlijiosoengatiko jazarpena edota indarkeria» jasan zutenen artean. Azken finean, gaur arte alor horretan egindako lana sendotu eta areagotu egiten du lege berriak, askotariko egitasmoak legez babestuz.
EAJko legebiltzarkide Joseba Diezek —gaur izan du azken eguna legebiltzarkide gisa— esan du «batzuk beti» egon direla «demokraziaren alde, historiaren alde onean», eta horri esker iritsi dela gaurko «lege garrantzitsua». Nabarmendu egin du orain arte memoria historikoan egin den lan handia, Aranzadi eta Gogora institutua aipatuz, eta esplikatu du lege berriak «beste esparru juridiko bat» emango diola lan horri, aurrerantzean ere egin dadin, «segurtasun handiagoz». PPri, Voxi eta Ciudadanosi ohartarazi die «beste biktima batzuei buruz hitz egiteak» ez duela zertan ekarri «biktima batzuen ahaztura». Aurretik etengabe kontrajarri batiiuzte alderdi horietako ordezkariek ETAren biktimak eta 1936tik 1978ra arteko frankismoarenak, ziurtatuz ETArenak «ahaztu» eta, areago, «ezkutatu» egin dituela legeak.
«Ez da inoren aurkako lege bat», esan du EAJko kideak. Biktimei egia, aitortza eta erreparazioa emateko legea dela azaldu du, «gizartearen aldekoa». Eta helburu horiek lortzeko «ikertu» egin behar dela erantsi du, «memoria ere gizartearen eskubide bat delako». PPko Barriori esan dio frankismoa gaitzestea ez dela nahikoa, «pedagogia» egin behar dela, indarkeria horri «zilegitasuna kentzeko».
EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren zuzenketekin
Legeak jasotako babes handiak lotura zuzena du hark biltzen dituen edukiekin. Lege proiektua duela bi urte baino gehiago onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako zuzenketak onartu zituen ganberak tramitazio epe luze horren barruan, aurten. Koalizio abertzalearen ekarpenez, lantalde zientifiko bat sortuko dute, 1936tik 1978ra bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu ziren giza eskubideen urraketak ikertzeko. Julen Arzuaga koalizioko legebiltzarkideak gogoratu du «administrazioaren zerbitzu juridikoen ekarpenari» erreparatzen diola legeak, frankismoaren biktimek epaitegietara jo dezaten.
Izan ere, Gogora institutuak laguntza juridikorako baliabideak eskainiko dizkiete biktimei, auzitegietan kereilak tramitatzeko, hala nahi badute. «Argentinan ireki zen bidea ireki dadila hemen ere», eskatu du Arzuagak. Horrez gain, «artxibategiak zabaltzera» deitu du, «egia finkatu ahal izateko». PPri buruz, berriz, esan du «mozorroak kendu» dituela ezezkora jota. «Frankismoaren oinordeko politikoak zarete», esan dio Carnelo Barrio diputatuari, hark alderdiaren posizioa azaldu ondoren. Aurpegiratu dio PPren arazoa ez direla «ETAren biktimak», baizik eta «bide bazterretan jarraitzen duten biktimak», eta abisua eman dio: krimen horien erantzuleak epaitegietan bukatuko ei dute, eta «zigorturik ere bai». «Ez etorri gero amnistia eskatuz haientzat», erantsi du.
Ez bakarrik hildakoak
Memoria Historikoaren Legeak nortzuk jotzen ditu biktima gisa? Bada, bonbardaketetan hildakoak, epaiketaz besteko exekuzioetan hildakoak, kartzelan hildakoak, desagertuak, torturatuak, erbesteratuak, gatibu lanetan aritutakoak eta kontzentrazio esparruetan eta heriotza esparruetan egondakoak. Halaber, sexu joeragatik, sexu nortasunagatik edo gutxiengo etniko bateko kide izategatik jazarri dietenak ere biktimatzat joko ditu legeak.
EP-IUren ekimenez, 36ko gerrako eta diktadura frankistaren biktimen errolda abiatuko da. Gainera, emakumeek jasandako indarkeria «espezifikoa, orokortua eta sistematikoa» jaso du idatziak. Aukera zabaldu dute biktimei kalte ordain ekonomikoak emateko ere, hala badagozkie. Gogora institutuak aztertu beharko du Espainiako legean jasotako kalte ordainak osatzea badagokien ala ez biktimei.
Izan ere, iazko uztailean onartu zuten Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea, PSE-EEko legebiltzarkide Eneko Anduezak gogoratu duenez. PSEko buruak PPri argitu nahi izan dio zein den aldea 1936tik 1978ra alde batean eta bestean egon ziren biktimen artean: «Batzuek 40 urteko ahaztura izan dute, eta besteek, 90 urteko gorespena. Batzuek heriotza, kartzela eta jazarpena izan dute, eta besteek, onura ekonomikoak». Horregatik, Anduezak garbi esan du batzuekin «zorretan» zegoela gizartea eta beteei ez zaiela «ezer zor». Gainera, gogoratu du ETAren biktimek badutela beren legea, eta hura «euskal demokraziaren habeetako bat» dela, gainera. «Utzi biktimak baliatzeari, eta are gehiago haien arteko liskarra sortzeko baldin bada. Miserablea da», esan die PPko diputatuei.
Isunak frankismoa goratzeagatik
36ko kolpe militarraren eta diktaduraren biktimen egun bat izendatzeko bidea ireki du legebiltzarrak onartu duen legeak, eta zigor arautegi bat ere indarrean jarri du: frankismoa goratzeagatik 10.000 eurorainoko isunak egongo dira, baina 150.000 eurorainokoak ere bai 36ko gerrako hilobiak suntsitzeagatik edota «ikerketarako eta egia ezagutzeko dokumentuak» ezkutatu edota suntsitzeagatik. Goratzea aipatzean, 36ko altxamenduarekin eta diktadurarekin lotutako plakei, oroitarriei eta besteri erreparatzen die legeak. Gogorak plan bat jarriko du martxan memoria historikoari kalte egiten dioten espazioak eta kaleen izenak ere desagerrarazteko.
Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Jon Hernandez ere gogor aritu da Memoria Historikoaren Legeari ezezkoa eman diotenarekin, eta PPri leporatu dio «frankismoaren oinordeko» izatea, «baina ez alderdia fundatu zutenak frankistak zirelako, bazik eta gaur egun alderdi horrek egiten dituen politikengatik». Argitu du legeak ez duela «zintzoen eta gaiztoen kontakizun bat» sustatu nahi: «Soilik egia jakin dadin nahi du». Ohartarazi du nazioarteko legeen arabera, frankismoaren krimenek ez dutela preskribatu, eta amnistiaren lege batek ez duela hori aldatuko.
PPko parlamentari Barriok, berriz, uste du legeak «biktima batzuk nahita ahaztu» dituela, eta ETArenak ez direla jaso ekinaldian. «Ez zen dena frankismoa izan 1936tik 1978ra. Gerra krimenak egon ziren, eta ez frankistek eginak. Lege hau ez da osoa, ez baititu totalitarismo guztiak jaso. Frankismoa beste proiektu totalitario batekin batera egon zen urte batzuetan, ETArenarekin, eta legeak ez die jaramonik egiten haien biktimei». EH Bilduko kide Arzuagari galdetu dio ea hark nahi ote zuen «proiektu totalitario bat beste batek ordezkatzea». EP-IUko Hernandezi, berriz, galdetu dio ea «komunismoaren totalitarismoa» ote zen hark nahi zuena frankismoaren ordez.