Frankismoaren krimen matxistak auzitara.
2016/03/17
Frankismoaren krimen matxistak auzitara eraman dituzte Argentinan. «Emakume izateagatik» jazarriak izan zirenen sei lekukotza jaso ditu Maria Servini epaileak
Berria.eus.- 2016.03.17
Jon Rejado.-
Frankismoan emakume askoren giza eskubideak urratu zituzten, «emakume izateagatik bakarrik». Gertaera haiek gogora ekarri zituen atzo Women's Link Worldwide erakundeak, Madrilen egindako agerraldi batean: 1936ko gerraren ondoren izandako krimen matxistak ikertzeko eskatu zuen. Hori lortzeko, Argentinako kereilara gehitu da; 1936tik 1977ra diktadurapean gertatutako krimenak ikertzeko abian den auzibide bakarrera. Erakundeak Maria Servini epaileari galdegin dio frankismoaren krimenen ikerketa zabaltzea eta emakumeen aurkako krimenak ere aintzat hartzea.
Glenys de Jesus Women's Link Worldwideko nazioarteko zuzendariak argitu du krimen matxistak ikusezin mantentzeko joera dagoela, bai diktaduretan, bai edozein gatazka armatuan. «Ez da justiziarik egongo, ezta erreparaziorik ere, krimen horien berri ematen eta ikertzen ez den bitartean». Erakundeak xehatu du emakumezkoen aurkako krimenek izan duten bilakaera. Familien ohorearen aurkakotzat jo izan zirela azaldu du, eta urteetan «albo ondorio» moduan ikusi izan zirela. Horrenbestez, biktima zibil moduan hartzen zutenez, delituak ikertzea eta epaitzea zailagoa zen.
Frankismoaren krimenak ikertzean genero ikuspuntua txertatzearen garrantzia nabarmendu du De Jesusek. Jazarpenak gizonengan zein andreengan eragin arren, andreek «indarkeria zehatza» sufritu zutela azaldu du, emakume izateagatik. Frankismoak egiteko berezia aitortzen zien emakumeei: familia eredua zaintzea. Hortaz, emakumeen aurkako indarkeria familia osoa zigortzeko tresna gisa baliatu zuen diktadurak. De Jesusen iritziz, izaera «sinbolikoa» izan zuen. «Bortizkeria mota zehatz horrek zigortu nahi izan zituen frankismoak ezarri nahi zuen egiteko harekin hautsi zutenak».
Emakumeak, jomugan
«Espainiako historian emakumezkoek izan zuten lekua aitortzeko aparteko aukera da kereila», aitortu du Carmen de Miguel Women's Link Worldwideko Espainiako ordezkariak. Horren harira, gaineratu du Servini epaileak aukera duela justiziari genero ikuspuntua txertatzeko; emakumeek bereziki pairatu dituzten giza eskubideen urraketak daudela aitortzeko.
Bartomeu Garik —kereilako perituak— azaldu du emakumezkoen aurkako indarkeria frankismoaren aldi guztietan gertatu zela, batez ere gerran eta diktaduraren lehen urteetan. Ordea, gertaera horien inguruan egon den isiltasuna «mingarritzat» jo du. «Errepublikako andreak, gorriak, ez ziren existitzen; frankismoak isilarazi zituen, baina bizi izan zuten oinazea eta samina izugarria izan zen».
Hartara, Women's Link Worldwidek emakumezkoek frankismo garaian pairatu zituzten krimen matxisten berri eman dio Servini epaileari. Horien artean, lau indarkeria mota nabarmendu ditu: sexu indarkeria, tortura, haurren lapurreta, eta ilea larru-arras moztea eta purgak. Delitu horien berri emateko sei lekukotza bildu ditu erakundeak, baita epaileari helarazi ere. Sei horietatik bakar bat dago bizirik; beste bost kontakizunak biktimen senideenak dira —haietako lau emakume desagertuta daude oraindik—.
Sexu indarkeriari dagokionez, azaldu dute bereziki ohikoak zirela espetxean eta atxiloaldietan. Halaber, gogora ekarri dute kartzelatutakoen artean ez zeudela soilik ideia politikoengatik preso hartutako andrazkoak: frankismoaren aurkako ideiak zituzten gizonen senideak ziren emakumeak ere atxilotu eta bortxatu zituzten.
Torturetan ere genero diskriminazioa zegoela argudiatu du Women's Link Worldwide elkarteak: irainak, ugalketa baldintzatzeko kolpeak eta bortizkeria... Lidia Falcon O'Neill abokatu feministak tortura horien berri eman du. Atxilotu zuten zazpi aldietatik bostetan torturatu zuten, eta beti bere emakume izaerari erasaten jardun zioten; iraintzean hala nabarmendu ziotela gogoratu du, erditzeari buruzko etengabeko erreferentziak eginez.
Emakumezkoei ilea larru-arras mozten zietela ere oroitarazi dute salatzaileek, eta errizino olioarekin purgak egiten zizkietela; horren ondorioz, ez ziren gai esfinterrak kontrolatzeko. Gainera, emakume haiek kalera ateratzen zituzten, irainak eta erasoak jasan zitzaten. Azkenik, haur lapurtuen auzia gogora ekarri du erakundeak kereilaren aurkezpenean: diktaduraren garaian 30.960 haur lapurtu zituztela salatu dute.